Ylenia Jabalera Ruz: «Nire ikerketaren azken helburua gaixotasun genetikoen erantzule diren mutazioak zuzentzea da»
Ylenia Jabalera Ruz CIC bioGUNEko Biologia Sintetikoko Laborategian ikertzailea da. Biokimikako lizentziatura (2016) eta Bioteknologiako (2017) eta Edafologiako (2021) masterrak egin zituen Granadako Unibertsitatean (Espainia). 2021ean Biologia Oinarrizko eta Sistemikoan doktoregoa lortu zuen, nanomedikuntzan eta nanoteknologian aplikatutako nanosistema magnetikoetan espezializatuta.
2021ean, CIC nanoGUNEn hasi zen lanean, eta han esperientzia zabaldu zuen eboluzio molekularraren eta entzimen diseinu konputazionalaren arloetan. 2023an, CIC bioGUNEn sartu zen, genomaren ediziorako CRISPR-Cas nukleasa sintetikoen garapenean lagunduz. 2025ean, LaCaixa Junior Leader Fellowship beka eta Ikerbasque ikerkuntza beka jaso zituen. Gaur egun, Emerging Scientist (Zientzialari Emergentea) kargua du.
Bere ikerketa-lerroak transposoien biologiak eta ingeniaritza genomikoak, RNAk gidatutako transposoietan oinarritutako ingeniaritza genomikoko tresnen diseinu ebolutiboa du ardatz. RNAk gidatutako transposizio mekanismoak ikertuz eta karakterizatuz, bere taldeak geneak zehaztasunez txertatzeko estrategia unibertsalak garatu nahi ditu, biologia molekularra, eboluzio molekularra eta proteinen diseinua uztartuz.

Zein da zure ikerkuntza arloa?
Gaur egun, nire ikerkuntza ildoa transposoien biologian eta ingeniaritza genomikoan oinarritzen da. Zehazki, RNAk gidatutako transposoietan oinarritutako edizio genetikoko tresnak diseinatzen lan egiten dugu.
Gure helburua sistema horiek naturan nola funtzionatzen duten hobeto ulertzea da, gero horietaz baliatu eta geneak zehaztasunez txertatzeko aukera emango duten metodoak garatzeko. Horretarako, biologia molekularra, eboluzioa eta proteinen diseinua uztartzen ditugu.
Zergatik ari zara horretan lanean?
Batez ere, gizartean izan dezakeen eraginagatik. Ikerketa lan honen azken helburua gaixotasun genetikoen erantzule diren mutazioak zuzentzea da. Gaur egun, gaixotasun horietako askok ez dute tratamendurik, mutazioak askotarikoak direlako edo egungo tresnekin tratatzeko konplexuegiak direlako. Gure ikuspegiak beste urrats bat egin nahi du: DNA zati luzeak, baita gene osoak ere, zehaztasunez txertatzea.
Horri esker, kaltetutako geneak ordeztu ahal izango lirateke, mutazio mota zehatza zein den kontuan hartu beharrik gabe. Bereziki aurreikuspen positiboak ditu gaixotasun arraroen kasuan, paziente bakoitzak mutazio desberdina izan baitezake; baita minbiziaren kasuan ere, adibidez, tumorearen aurrean sistema immunitarioaren erantzuna indartuko duten geneak txertatuz.
Oro har, uste dugu teknologia horrek terapia unibertsalagoetarako atea ireki dezakeela, eta edizio genetikoak gaur egun dituen muga nagusietako batzuk gainditzen lagundu.
Izan al duzu erreferentziarik zure ibilbidean?
Nire erreferente zientifiko nagusia Marie Curie da. Haren irmotasuna eta zorroztasuna beti izan dira niretzat inspirazio iturri. Gainera, kasualitate polit bat ere badugu: urtebetetze egun berekoak gara.
Bereziki miresten ditut testuinguru oso zailean aurrera egiteko izan zuen gaitasuna, zientziaren eremu ezezagunak esploratzeko ausardia eta pertsonen bizitza hobetuko zuen zientziarekiko konpromisoa.
Bada bereziki markatu nauen bere esaldi bat: “Ulertzen ikasi dugun horri beldur izateari uzten diogu”. Uste dut zientziaren espiritua oso ondo laburbiltzen duela: jakin mina eta ulertzeko nahia. Haren ereduak gogorarazten dit ikertzeak iraunkortasuna, erantzukizuna eta, batez ere, ikasten jarraitzeko gogoa eskatzen dituela.
Zer gustatuko litzaizuke aurkitzea edo konpontzea zure ikerkuntza esparruan?
Edizio genetikoaren aurrerapenei esker sendabiderik ez duten gaixotasun genetikoak tratatzeko eta zuzentzeko gero eta gertuago egongo garen etorkizuna iritsiko dela espero dut. Konfiantza dut tresna zehatzagoak, seguruagoak eta moldakorragoak garatzeak (gene osoak modu kontrolatuan txertatzeko gai diren teknologiak barne, orain garatzen ari garenak, esaterako) patologia horiei aurre egiteko modua eraldatuko duela.
Gaur egun ikertzen ari garen guztiak terapia benetan pertsonalizatuen oinarriak ezarriko dituen agertokia irudikatzen dut, aldi berean eskuragarriak eta unibertsalak izango diren terapiak, hain zuzen ere. Azken batean, milioika pertsonaren bizi kalitatea hobetzeko eta etorkizuneko medikuntza ulertzeko dugun modua erabat aldatzeko gai izango diren tresnak.
Zer aholku emango zenioke ikerkuntzaren munduan barneratu nahi duenari?
Jakin-mina izan dezala eta jakin min horretaz goza dezala esango nioke. Ikerketa ez da bide erraza, baina merezi du. Une oso bereziak izaten dira, ideia bat forma hartzen hasten denean, eta are bereziagoak lan horrek benetako eragina izan eta beste pertsona batzuen bizitza hobetu dezakeenean. Jakin-minaren, ahaleginaren eta helburuaren arteko konbinazio hori da, hain zuzen ere, bide hau hain baliotsu egiten duena nire ustez.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko urriaren 3an: Ylenia Jabalera Ruz: «El objetivo final de mi investigación es poder corregir mutaciones responsables de enfermedades genéticas».
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.