Efikaza da koloneko minbizia goiz detektatzeko testa

EHUko ikerketa

Cancer-de-colon-900x450

Luis Bujanda UPV/EHUko irakasleak egindako lanei esker azterketari buruzko zenbait zalantza argitu dira; lanak EAEn koloneko minbiziaren inguruko baheketa programaren koordinatzaile Isabel Portillorekin batera egin ditu.

Koloneko minbizia tumore ohikoena da, EAEn urtero ia 1.800 kasu berri agertzen dira, eta eragin handiagoa du gizonengan emakumeengan baino. Urtero 800 pertsona inguru hiltzen dira gaixotasun honen ondorioz. Gaixotasuna agertzeko faktore erabakigarrietako bat adina da; diagnostikatzeko unean, batez besteko adina 67 urtekoa da, eta horregatik da baheketa programa hain garrantzitsua 50 urtetik gorako pertsonen artean. Hala ere, gaur egun etorkizun handikoak diruditen odol testak daude polipoak eta koloneko minbizia diagnostikatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 50 eta 69 urte arteko pertsonen artean koloneko minbizia detektatzeko baheketan eginkarietako ezkutuko odolaren test immunologikoak erabiltzen dira. Proba erraza eta merkea da (3 euro baino gutxiago), eta kolonoskopia egitea komeni zaien pertsonak hautatzeko aukera ematen du, hasierako fasean egon daitezkeen koloneko minbizi edo polipoak detektatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko baheketa programa oso modu positiboan nabarmendu da, ezarpen mailagatik (gaur egun 50-69 urte arteko populazioaren % 97 inguruk proba honetarako estaldura du), parte hartze altuagatik (% 65etik gorakoa) eta emaitza ikusgarriak lortzeagatik (10.000 pertsonari baino gehiagori polipoak detektatu eta kendu zaizkie, eta 1000 pertsonari baino gehiagori minbizia detektatu zaie, gehienak hasierako fasean). Horrez gain, baheketa programari lotutako ikertzaileek horrelako proben mugak eta onurak identifikatu nahi dituzten azterlan askotan hartu dute parte.

Azken hilabeteetan UPV/EHUko Medikuntzako irakasle eta Biodonostia Institutuko ikertzaile Luis Bujandak eta Euskal Autonomia Erkidegoko koloneko minbiziaren inguruko baheketa programaren koordinatzaile Isabel Portillok jorratutako hainbat lan argitaratu egin dira edo laster argitaratuko dira aldizkari zientifikoetan; hala, koloneko minbizia aztertzeko esparruan toki nabarmena lortu du UPV/EHUk.

Aipatutako ikertzaileek frogatu dutenez, aspirina hartzeak ez du eraginik eginkarietako ezkutuko odol testetan, ezta beste antiagregatzaile (esaterako, clopidogrel) edo aho bidezko antikoagulatzaile batzuk hartzeak ere, esaterako acenocumarol (Sintrom) . “Aurkikuntza hau garrantzitsua da, botika horiek hartzeari uzteak tronbosi fenomenoak eragin ditzakeelako” nabarmendu du Bujanda irakasleak. Datu horiek inpaktu handiko bi aldizkaritan argitaratu dira, hain zuzen ere Mayo Clinic Proccedings eta British Journal of Cancer argitalpenetan.

Emaitza horiez gain, 60 urtetik gorako adinarekin koloneko minbizia izan duten gaixoen lehen mailako senideekin (aita, anaia eta semea) eginkarietako ezkutuko odol testa kolonoskopia bezain eraginkorra dela egiaztatu da. “Kasu horietan, 40 urtetik aurrera eginkarietako ezkutuko odol testa bi urterik behin egitea gomendatzen da” azaldu du Biodonostia Institutuko ikertzaileak. Azterlana International Journal of Cancer aldizkarian argitaratuko da.♠

Ikertzaile berberen datu berriek aditzera eman dutenez, emaitza bat positiboa dela zehazteko ebakipuntua egokia da, eta eginkarietako ezkutuko odol test bat baino gehiago egiteak “ez du onura esanguratsurik ekartzen, eta, hortaz, ez da beharrezkoa bi urterik behin ezkutuko odol testak egitea”. Artikulua laster argitaratuko da World Journal of Gastroenterology aldizkarian.

Erreferentziak

Effect of Aspirin and Antiplatelet Drugs on the Outcome of the Fecal Immunochemical Test. Luis Bujanda, Ángel Lanas, Enrique Quintero, Antoni Castells, Cristina Sarasqueta, Joaquín Cubiella, Vicent Hernandez, Juan D. Morillas, Teresa Perez-Fernández, Dolores Salas, Montserrat Andreu, Fernando Carballo, Xavier Bessa, Angel Cosme, Rodrigo Jover, COLONPREV Study Investigators. Mayo Clinic Proceedings Vol. 88, Issue 7, Pages 683-689.

Effect of oral anticoagulants on the outcome of faecal immunochemical test. L Bujanda, C Sarasqueta, A Lanas, E Quintero, J Cubiella, V Hernandez, J D Morillas, T Perez-Fernandez, D Salas, M Andreu, F Carballo, X Bessa, I Portillo, R Jover, F Balaguer, A Cosme, A Castells and on behalf of COLONPREV study investigators. www.bjcancer.com | DOI:10.1038/bjc.2014.38

Fecal immunochemical test accuracy in familial risk colorectal cancer screening. Castro I, Cubiella J, Rivera C, González-Mao C, Vega P, Soto S, Hernandez V, Iglesias F, Teresa Alves M, Bujanda L, Fernández-Seara J. Int J Cancer. 2013 Jul 1. doi: 10.1002/ijc.28353. [Epub ahead of print]

Fecal immunochemical test accuracy in average-risk colorectal cancer screening. Vicent Hernandez, Joaquin Cubiella, M Carmen Gonzalez-Mao, Felipe Iglesias, Concepción Rivera,M Begoña Iglesias, Lucía Cid, Ines Castro, Luisa de Castro, Pablo Vega, Jose Antonio Hermo,Ramiro Macenlle, Alfonso Martínez-Turnes, David Martínez-Ares, Pamela Estevez, Estela Cid, M Carmen Vidal,Angeles López-Martínez, Elisabeth Hijona, Marta Herreros-Villanueva, Luis Bujanda,Jose Ignacio Rodriguez-Prada; the COLONPREV study investigators. World Jounal of Gastroenterology 2014; 20:1038-47.

Population-based colorectal cáncer screening:comparison of two fecal occult bloodtest MirenB. Zubero, Eunate Arana-Arri, JoséI. Pijoan, Isabel Portillo, Isabel Idigoras, Antonio López-Urrutia, Ana Samper, Begoña Uranga,Carmen Rodríguez and Luis Bujanda. Frontiers of Pharmacology 2014; 4; 175; 1-8.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.