#KZJaia: 4. Laburpena

#KZJaia · Dibulgazioa

KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_banner

Aurreko Urtarrilaren 7an abiatu zen #KulturaZientifikoa 1. Jaialdia (#KZJaia). Dakizuenez, bi astero, ekarpenen bildumak egiten aritu gara. Otsailaren 16a bitartean, hauetako hiru laburpenetan, 58 ekarpen bildu ditugu, 16 lehenengo laburpenean, 19 bigarren laburpenean eta 23 hirugarren laburpenean. Gaurkoan, otsailaren 17tik martxoaren 2ra bitartean egindako 16 ekarpenak laburbilduko ditugu. Laburpen honetan, sorpresatxo bat gehituko dugu gainera. Elementu bakoitzaren izenean klikatzen baduzue, elementu horri buruzko bideoa ikus dezakezue, elementuaren hainbat ezaugarri azaltzen duena. Horrela, txokolatezko ontzak bideoak ikusiz dasta dezakezue. Bideo hauek Nottinghameko Unibertsitateak osatutako “Periodic Videos” taula periodikoaren bideoak dira.

Periodic_videos

Besterik gabe, hemen ikusgai #KZJaiako azken ekarpenak, 59.tik 74.ra:

  • Praseodimioa, Pr (Z=59): “Corpusaren estatusa“. Txerra Rodriguezek, EMUNeko euskara teknikariak, corpusa ekarri zigun Garaigoikoa bere blogean. Galizierazko “Quen fala a minha lingua?” liburua irakurri ondoren egileak bere hausnarketa egin zigun. Euskaldunok garbi omen dugu hizkuntza berdina hitz egiten dugula, euskalki desberdinak ala batua erabili arren. Beste hizkuntza batzuetan, ordea, ez dute horren garbi.59
  • Neodimioa, Nd (Z=60):Motor elektriko baten funtzionamendua“. Arturo Campion Euskaltegiko Ikasleak. motor elektriko baten funtzionamendua azaltzeko, bideo bikaina prestatu ziguten. Campiongo ikasleak. blogean egindako ekarpen honetan, euskara ikasteko zientzia eta teknologia oso erabilgarria dela erakutsi ziguten. Bideoan agerian gelditzen den moduan, arras ongi pasa zuten gainera!60
  • Prometioa, Pm (Z=61): “Jupiter erraldoia“. Jupiter gure eguzki sistemako planetarik handiena da. Lurretik begi hutsez ikus daitekeen arren, misterio asko gordetzen dizkigu oraindik. #KZJaia hasi zenetik, egunero Jupiterren inguruko misterio ala bitxikeriaren bat kontatu digu Euskalmeteko meteorologoa den Maialen Martijak, Twitterren bidez. Zientzia Kaieran egindako ekarpen honetan, bere txioen bilduma ikus dezakezue.Jupiter
  • Samarioa, Sm (Z=62): “Bergarako Errege Seminarioaren gida“. Bergaran isolatu zen wolframioa lehen aldiz, eta platinoa erabilgarria bihurtzeko lehenengo metodoa garatu zen, Bergarako Errege Seminarioan. XVIII. mendeko instalazio horiek museo bihurtu dituzte, eta museo berri honen inguruan Bergara Turismok egin zigun bere ekarpena,Bergara Turismoko webgunean, museoa bisitatzeko gonbitea luzatuz.62
  • Europioa, Eu (Z=63): “#KZJaian 4.DBHko ‘lunatikoak’ “. Aguraingo Aniturri Institutuan ‘lunatikoak’ omen dira. DBHko 4. mailako ikasleek , Egoitz Etxebestek idatzitako eta Elhuyarrek argitaratutako “Lunatikoak” liburuan oinarrituta, infografia bikainak landu zituzten, liburua irakurrita. Elosaniturri blogean egindako ekarpenean, Joxeporen laguntza nolakoa izan zen grabatu ziguten bideo ederrean!63
  • Terbioa, Tb (Z=65): “Erresonantzia magnetiko nuklearra medikuntzan“. Oinarrizko zientzian ikertzen denaren helburua ez da epe laburrean ikasitakoaren aplikazioak bilatzea. Duela ia mende bat fenomeno kuantikoak aztertzen zihardutenek ezin zuten imajinatu ikasitakoak izanen lituzkeen inplikazioak. Honen adibide, teoria kuantikoak medikuntzan duen aplikazioetako bat kontatu ziguten Donostiako Kimika Fakultatean ikasten diharduten Uxua H.k, Eider M.k eta Sara M.k, Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe blogean egindako ekarpenean.65
  • Erbioa, Er (Z=68): “Pertsianak eta ikerketa zientifikoa“. Ikertzaileak, bere ibilbideetan, denboraldi luzeak pasatzen dituzte atzerriko bertze Unibertsitate zein ikerketa zentroetan. Bertan egindako ikerketetan, eta burututako ikasketetan, kanpoko faktoreek uste baino eragin handiagoa izan dezakete. Umorez jorratutako ekarpen honetan, Jon M. Matxain UPV/EHU eta DIPCko ikertzaileak pertsianen, ala hobeki esanda, pertsiana ezaren eragina kontatu zigun Barretartia blogean.68
  • Tulioa, Tm (Z=69): “EDAk askatzeko zenbakizko metodoen bila“. Elisabete Alberdi Zelaia UPV/EHUko irakasleak liburu honen berri eman zigun Buruxkak-tik, UEUko liburutegi digitaletik. Buruxkak webgunean argitaratutako ekarpen honetan, Ekuazio diferentzial arruntak, EDAk, esparru askotako eredu matematikoetan azaltzen zaizkigun ekuazioak dira. Hauek ebazteko, liburuan azaltzen diren zenbakizko metodoak kontatu zizkigun egileak berak ekarpen honetan.
    69
  • Iterbioa, Yb (Z=70): “Burua astun nabaritzen dut. Gehiegi pentsatzen ari zara akaso?“. Terbioa dastatuz, Kimikako hiru ikaslek nukleo atomiko batzuk spina dutela eta kanpoko eremu magnetiko baten eraginpean nola antolatzen diren azaldu ziguten. Fenomeno fisiko-kimiko honetan oinarrituta lorturiko irudiak erabilita, gure garuna aktibitate batzuk egiterakoan beste batzuk egiterakoan baino astunago dagoela azaldu zigun Achucarro Outreach Managerrek Neurozientzian blogean.70
  • Lutezioa, Lu (Z=71): “Jainkoen elikagaiaren genoma“. Jaialdian txokolate ontza gehien dastatu duena Koldo García Etxebarria da, dudik gabe. UPV/EHUko ikertzaile honek dastatutako hamargarren ontza ospatzeko, txokolatearen osagai nagusia ekarri zigun jaialdira, kakaoa. Bere blogean, Edonolan, egindako ekarpenean, kakaoaren genomari buruzko datu batzuk izan genuen irakurgai.
    71
  • Hafnioa, Hf (Z=72): “Wolframa“. Euskal zientziaren historian, 1783. urtea letra handiz markatuta dago. Urte horretan, Elhuyar anaiek wolframa, tungsteno izenarekin ere ezaguna den elementua, lehenbizikoz isolatu zuten. Elhuyar Zientziak elementu honi buruzko hainbat ezaugarri eman zizkigun, Zientzia.net-en egindako ekarpenean. Bertan, wolframaren aplikazio baten argazki ederra dugu ikusgai.
    72
  • Tantaloa, Ta (Z=73): “Einsteinen Erlatibitatearen Teoria“. Donostiako San Inazio Ikastetxeko ikasleak Jaialdian parte hartzera animatu ziren. Konkretuki, Batxilergoko 2. mailako Ander Arrietak lan bikaina eskaini zigun Einstein eta bere Erlatibitateen Teorien inguruan. Ikastetxe honetako Galtzadaberri ikasleen blogean, egileak erlatibitate bereziaren eta erlatibitate orokorraren teoria edonork ulertzeko moduan azaldu zizkigun.73
  • Wolframa, W (Z=74): “Gogoetarako gakoak, “Balio berriz balio” proiektuaren instalazioan“. Iaz CAF-Elhuyar Zientzia Gizartean sorkuntza-beka irabazi zuen “Balio berriz balio” proiektuak. Sei neskek osatutako talde irabazle honek edozein hondakin zergatik baztertzen den hausnartu du, balio izan duenari balioa berriz emateko asmoz. Proiektuaren emaitza arte-instalazio bidez aurkeztu zuten, eta honen inguruan aritu zitzaigun Elhuyar Zientzia Zientzia.net-en egindako ekarpen honetan.
    74

Laburpen hau bukatzeko, hasieran aipatutako “Periodic Videos” webgunera bueltatuko gara. Bertan, elementu kimikoetaz gain, hainbat molekula eta erreakzioen inguruko bideoak aurkitzen ahal dituzue. Jaialdiarekin lotuta, hauetako bideo batekin agurtuko gara gaur. Jaialdi honetako sufrea (S) eta zinka (Zn) Gorka Lekarozek eta Unai del Burgok eraman zuten, hurrenez-hurren. Ikusi zer gertatzen den bi elementu hauek nahastu eta berotzerakoan. Ikusgarria benetan!

Gaurko 16 ekarpen hauekin, Jaialdian dagoeneko 74 lan bildu ditugu. Ea gai garen Jaialdiko azken lau aste hauetan gelditzen zaizkigun 44 ontzak bukatzeko! Guztion artean, jarrai dezagun kultura zientifikoa lantzen eta zabaltzen, “zientzien” eta “letren” arteko muga artifiziala gaindituz!

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.