Udan ere zientzia begi-bistan #167

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Emakumeak zientzian

Lüneburgeko Unibertsitatean egindako egonaldia kontatu du Nekane Castillok. Ingurumen zientziak hautatu zituen. Tesia egiteko gogoa sartu zitzaion eta halaxe egin zuen: Eusko Jaurlaritzako beka eskatu, eta horretan ari da orain, UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Sailean, Miren Onaindia Olalde katedradunaren gidaritzapean. Azaldu duenez, ekosistemen zerbitzuen balorazio ekonomikoa da tesiaren ardatza: “Ikerketaren helburua da, balorazio ekonomikoaren bitartez, informazio osagarria lortzea lurraldearen planifikazioa egokiagoa izan dadin. Nire taldeak azterketa biofisikoa egiten du, eta nik, berriz, balorazio ekonomikoa egiten dut, gizartearen lehentasunak eta desirak kontuan hartuta”. Tesian zailena aukeratutako arloa, hau da, ingurumen-ekonomikoa izan da.

Mikrobiologia

Hesteetako mikrobiota sabeleko minari lotuta egon daitekeela proposatu du nazioarteko ikertzaile talde batek. Paziente bakoitzaren makrobiota aztertzeko sekuentziazio genetiko masiboko teknikak baliatu dituzte. Zientzialariek dakitenez, hesteetako bakterioak hiru talde nagusitan banatzen dira. bakoitzean, Ruminococcaceae, Prevotella eta Bacteroides motako bakterioak dira. Ikerketa honetan ikusi dutenez, Prevotella enterotipoa urriagoa izatea izan daiteke gaitzaren atzen dagoen faktoreetako bat. Halere, ikertzaileek momentuz aldagai horien arteko korrelazioa baino ez dute iragarri, baina itxaropentsu daude: “Tratamendu baten bitartez, bakterioen orekan izandako aldaketa hauek berriro bere onera eramanez, sintoma horiek alda litezke”, esan du adituak.

Fisika

Saguzarrek eta itsas ugaztun batzuek bezala, gizakiek ere ekolokazioa balia dezakete, inguruneari buruzko informazio espaziala jasotzeko. Elhuyar aldizkariak eman digu honen berri: Durham Unibertsitateko ikertzaileek ekolokazioa darabilten hiru pertsona itsu aztertu dituzte, eta fenomenoaren ezaugarri akustikoen eredu bat egin dute. Pertsona hauek zehazki ahoarekin kliskak egiten dituzte, eta, oihartzunari esker, informazio espaziala jasotzen dute. Ikerketa honetan, beraz, klisken ezaugarri fisikoen eredu matematiko bat egin dute.

Farmakologia

Lehen aldiz merkaturako da leuzemia baten aurkako gene-terapia bat Estatu Batuetan. Novartis farmazia-konpainia dago horren atzean eta B zelulen leuzemia linfoblastiko akutua duten haur eta gazteei zuzenduta dago. Halere, albo-ondorioak larriak izan daitezkeela ohartarazi dute, beraz, ondorio horiek nola apaldu ikertzen ari dira orain.

Arkeologia

Europako lehen ‘zibilizazioan’ emakumeek izan zuten rola aztertu dute Alemaniako ikerlari batzuek. Antzineko DNAren eta isotopoen analisiaren bitartez, Kristo aurreko hirugarren milurteko 84 hezurduren analisia egin dute. Bavariako (Alemania) Lech ibaiaren inguruan bilduta dauden zazpi aztarnategietan topatutako arrastoak baliatu dituzte. Duela 4500-3700 urteko tartean, boterearen transmisioan familiak zuen indarra egiaztatu dute eta horretaz gain, 22 lagun kanpotik etorritakoak zirela argitu dute, eta, horietatik, 17 emakumezkoak zirela. Ikertzaileek azaltzen duten moduan, behin bikotekidea ezagututa, garaiko emakumeak “senarraren” herrira bizitzera joaten ziren. Estrontzio isotopoak gako izan dira, horiei esker lortu dituzte emaitzak; isotopoen analisia oso erabilgarria izan da. Ikerketa honi buruz informazio gehiago ezagutzeko aukera izango duzue artikulua osorik irakurriz gero!

Genetika

Adrian Odriozola UPV/EHUko genetika irakaslea elkarrizketatu dute Argia aldizkarian; kirolaz eta genetikaz mintzatu da bertan. Ikertzaileak terapia genetikoa aipatzen du tartean. “Gaur egun teknika horiek hainbat gaixotasun sendatzeko erabiltzen dira. Milaka ikerketa daude eta teknikak asko ari gara garatzen, osasungintzan oso interesgarriak direlako”. Horretaz gain, dopin genetikoari buruz hitz egin du eta aitortu du ez dutela tresnarik dopin genetikoa detektatzeko. “Jakina da ordea, teknikoki posible dela egitea. WADAk (World Antidoping Agency) esaten du 2008tik, Beijingo Joko Olinpikoetatik, dopin genetikoa aplikatzen dela. Horregatik inbertitu ditu milioi dolar asko haren ikerkuntzan”. Dopin genetikoaz gehiago jakin nahi baduzu, jo ezazue elkarrizketara.

Ekologia

Kaliforniako Unibertsitateko Wayne Getzen Laborategian egin duten ikerketa batek aditzera eman du 2070rako bizkarroien heren bat galtzeko arriskua dagoela. Aurreikuspenak egiteko, museoetako bizkarroien bilduma historikoak (200 milioi bizkarroi baino gehiago) eta orain jasotako datuak erabili dituzte, eta klima-aldaketak 457 bizkarroi-espezieri nola eragingo liekeen aztertu dute.

Biologia

Nakin Unibertsitateko ikertzaileek (Txina) argitu dute elikaduran hartutako landareen mikroRNAk eragiten duela erleak langile bilakatzea. Ikerketak erakutsi du landare batzuen mikroRNAk erle langileen hazkundea mugatzen duela eta emeen obuluak aktibitatea gelditu egiten dituela.

Osasuna

Jon Orueta medikuak UPV/EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Sailean garatu duen ikerketari esker gaixo kronikoen arreta hobetu eta biztanleriaren osasun-beharrak aurreikusteko sistema bat garatu du. Hark dio: “Ulertzeko errazagoa den tresna bat garatu dugu, intuitiboa, eta, sinplea izan arren, amerikar ereduekin alderatuta azalpen-gaitasun handirik galtzen ez duena”. Zer da FINGER sistema? Pazienteak osasun-zerbitzuetan jasotako osasun-arazo guztien diagnostikoetan oinarritzen da. “Paziente bakoitzari geruza bat esleitzen zaio, haren etorkizuneko egoerari ondoena egokitzen zaiona, eta arreta hobea jasotzen du”, azaltzen du.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.