Gaur egun alkohol kontsumoa oso hedatua dago gure gizartean. Nahiz eta oso onartua izan, alkohola drogatzat hartzen du Munduko Osasun Erakundeak. Izan ere, alkoholaren gehiegizko kontsumoa asaldura fisiko zein psikiko kaltegarriekin erlazionatuta dago. Ordea, ezinezkoa da osasunari orokorki kalte egiten dion alkohol kantitatea zehaztea, beste hainbat gauzen artean, alkoholaren zinetika nahiko aldakorra izan daitekeelako.
Etanola, aho bidez emanda, xurgapena prozesu zinetikoa jasan behar izaten du odolera iristeko. Odolera iritsita, ehun eta gorputzeko likidoetara ailegatzen da eta bere efektu akutuak (euforikoak zein kaltegarriak) eragiten ditu. Alkohola gibelean metabolizatzen da eta gernu, arnas eta gorozkien bitartez iraizten da. Hori dela eta, arnas bidez kanporatzen den alkohola erabiltzen da alkoholemia-kontrolak egiteko.
Alkohol kantitate handia hartzearen ondorioz intoxikazio akutua gertatzen da. Koadro klinikoan oldarkortasuna, sexu-jokabide ezegokia, oroimen galerak edo gogo-aldartearen aldaketa zakarrak, besteak beste, agerian jartzen dira. Intoxikazio ondoko sintomak oso anitzak dira (buruko mina, egarria, bertigoa, goragaleak…) eta pare bat egunean desagertzen dira.
Alkoholaren luzaroko kontsumoaren ondoren, organismoak zenbait moldaketa garatzen ditu, batez ere sistema GABAergikoan eta glutamatergikoan. Egoera honetan, gorputzak normaltasunez funtziona dezake nahiz eta alkoholaren eraginak nabaritu. Gizakia alkoholaren menpeko bihurtu denean eta ez duenean alkohola eskuragarri, abstinentzia-sindromea pairatzen du. Beste alde batetik, alkoholaren luzaroko kontsumoak efektuen intentsitatea murrizten du, hau da, tolerantzia garatzen da. Tolerantzia hiru mailatan gertatzen da: (1) gibeleko alkohola metabolizatzeko ahalmena handitzen da, (2) organismoa konpentsazio mekanismoak garatzeari esker egoera egokian lan egitera ohitzen da eta (3) organismoan aldaketak gertatzen dira alkoholaren eragin jarraituari egokitzeko.
Alkohol-kontsumoa bertan behera uzteak abstinentzia-sindromea eragiten du. Alkohol-kontsumoaren iraupenak, kantitateak eta metabolismo-abiadurak baldintzatzen dute sindromearen larritasuna. Sindrome honen sintomak alkoholaren efektuen errebotearenak dira. Hurrengo 6-8 orduetan arinak agertuko dira (goizeko suminkortasuna, anorexia, takikardia edo hipertentsio arinak). Sintoma hauek 3-5 egun iraun dezakete. Hurrengo egunetan gerta daitezke konbultsioak eta haluzinazio alkoholikoak izenekoak. Une horretan egoera okerragotzen bada delirium tremens gerta daiteke, ospitalean tratatu beharreko gaitza. Tratamendu egokia jaso ezean, pazienteen %15a hil egiten da.
Alkohol-kontsumoaren kontrola galdu duenari alkoholikoa deritzo. Gaur egun, alkoholismoaren intzidentzia areagotuz doa. Ez dago alkoholismoaren jatorri eta jarraitasuna azaltzen den zergati bakarra, izan ere, badirudi gaixotasun honetan parte hartzen dutela gene eta adina bezalako fisiologia-faktoreek. Denborarekin, alkoholikoak oroimen-alterazioak eta kontsumo-kontrolaren galera izaten ditu eta ez da higienez, lanpostuaz edo harreman pertsonalez batere arduratzen. Desintoxikazioak bi helburu ditu, alkoholarekin lotutako sintomak ezabatzea eta gaixoari alkohola edatea saihestea. Zoritxarrez, tratamenduak arrakasta izan arren gaixoa berriro edaten hasten da sarritan eta etanolak eragindako arazo kronikoak ere tratatzeko beharra dago gaixo hauengan. Ager daitezkeen gaixotasunen artean, gibel-gutxiegitasuna, pankreatitis akutua, neuropatia alkoholikoa edo gastritis kronikoa aipa daitezke.
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 31
- Artikuluaren izena: Zergatik egiten digu alkoholak kalte?
- Laburpena: Gaur egun, alkohol-kontsumoa oso hedatua dago gure gizartean. Nahiz eta gizartearen aldetik oso onartua egon, iradoki izan da batetik efektu euforikoak eragiten dituela, eta bestetik asaldura fisiko zein psikiko kaltegarriak eragin diezazkiokeela organismoari. Alkoholaren zinetika nahiko aldakorra izan daiteke eta horrek nabarmen baldintzatzen ditu organismoan sortzen diren eragin akutuak. Bestalde, alkoholaren luzaroko kontsumoak ere efektu kaltegarriak ditu, esate baterako, menpekotasuna. Ondorioz, gizakiak alkoholdun edariak hartzeko behar handia sumatzen du. Horrekin lotuta, alkoholikoak tolerantzia garatuko du, eta gero eta alkohol kantitate handiagoak beharko ditu. Artikulu honetan, berrikusi egingo dira gorputzeko alkohol kontzentrazio handiagoak baldintzatzen dituzten prozesu zinetiko garrantzitsuenak, baita alkoholak eragindako efektu akutuak zein kronikoak ere.
- Egileak: Teresa Morera-Herreras, Irrintzi Fernandez-Aedo, Cristina Miguelez, Asier Aristieta eta Luisa Ugedo
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 21-32
- DOI: 10.1387/ekaia.16356
Egileez: Teresa Morera-Herreras, Cristina Miguelez, Asier Aristieta eta Luisa Ugedo UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Sailekoak dira eta Irrintzi Fernandez-Aedo, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erizaintza Saila I.ekoa.
5 iruzkinak
[…] Zientzia Kaierak idatzia Martxoa 2018 […]
[…] izateko arriskuarekin lotua dagoela gauza jakina da, baina, neurrizko alkohol kontsumoak ere hainbat gaixotasun pairatzeko probabilitatea handitzen du. Esaterako, hestegorriko minbizia izateko probabilitatea bikoiztu egiten da astean 100 […]
[…] horretatik, nerabezaroko alkohol kontsumo intentsiboak kalte iraunkorrak eragiten dituela frogatu da helduaro goiztiarreko sagu arretan, non, portaera proben emaitzetan narriadura […]
[…] horretatik, nerabezaroko alkohol kontsumo intentsiboak kalte iraunkorrak eragiten dituela frogatu da helduaro goiztiarreko sagu arretan, non, portaera proben emaitzetan narriadura […]
[…] azterketek erakusten dutenez, alkoholaren kontsumoa desgaitasuna izateko eta hainbat arrazoirengatik hiltzeko arriskua areagotzen duen faktore bat da. […]