Astronomia eta astrofisika
Esne Bidearen erdian eta Lurretik 25.000 argi-urtera dagoen zulo beltz erraldoiaren inguruan, dozena bat zulo beltz txiki detektatu ditu Columbiako Unibertsitateko (AEB) astronomo-talde batek. Ikertzaileek iradoki dute gure galaxiaren zulo beltz erraldoiaren inguruan beste 10.000-20.0000 zulo beltz txiki egon daitezkeela. Aurkitutako zulo beltz txikiak izar baten eta zulo beltz baten sistema binarioak direla ikusi dute. Hemendik aurrera, zulo beltz erraldoiaren eta txikiagoen arteko interakzioa aztertzeko aukera izango dute. Elhuyarrek azaldu digu. Ez galdu!
Juanma Gallego kazetariak ere eman digu albiste horren berri. X izpien analisiari esker egin dute aurkikuntza, hori izan da ikerketaren funtsa. Chandra espazio behatokiari esker lortu dituzte emaitzak, izan ere, X izpien isuriak zehaztasun handiarekin ikertzeko aukera dago orain. Zulo beltz bitarrak zulo beltz batek eta izar batek osatutako estrukturak dira. Zuloek izarren gasa xurgatzen dute, eta prozesuan izarrek X izpiak isurtzen dituzte. Hamabi zulo beltz antzematea lortu badute ere, euren banaketa aztertuta 300-500 zulo beltz bitar egon zitezkeela kalkulatu dute.
Merkurio planetako formazio geologiko batek euskarazko izena jaso du: Suge facula. Guztira, zazpi facula izendatu ditu Nazioarteko Astronomia Batasuneko nomenklatura batzordeak eta bakoitzari sugearen izena eman diote zazpi hizkuntzatan: somaliera, igbo, arabiera, afrikaans, Irlandako gaelikoa, galesa eta euskara. Faculak duela milaka milioi urte izandako bolkanismoaren ondorioa dira. Orduan bizitza bolkanikoa zuen planeta hark.
Inoiz ikusi den izarrik urrunena aurkitu du NASAren Hubble teleskopio espazialak: izar urdin erraldoia. “Ikaro” izena jarri diote. Izar berriaren identifikazioarekin batera, material ilunari buruzko teorietako bat bertan behera geratu da gainera, materia iluna unibertsoaren hasieran sortutako hainbat zulo beltzek osatutakoa dela dioen teoria, alegia. Teleskopioak Ikaro ikusi ahal izan du fenomeno kosmiko bati esker: “Lente grabitazionala” deritzonari esker, hain zuzen.
Biologia
Iditarod da narra-lasterketarik ezagunena eta baita gogorrena ere. Hamasei txakurrek osatzen dute lasterketa-taldea: narratik tiratzen dutenak eta “musher” izeneko giza gidariak. Gogora dezagun, lasterketa hauetan parte hartzen duten txakurrak ugaztunen artean erresistentzia fisiko altuena dutenetakoak direla. Narra-txakurrek metabolismo altuenaren %50ean manten dezakete jarduera-maila egunetan zehar. Are gehiago, nekatu beharrean, erresistentzia gehiago erakusten dute lasterketa egunak igaro ahala. Gainera, Davis doktoreak aurkitu duen legez, lasterketan zehar giharraren energia-erreserbak ez omen dituzte agortzen, hau da, lasterketaren hasierako orduetan jaitsi egiten dira baina denbora aurrera joan ahala, berriz ere hasi aurretik zuten mailara hurbiltzen dira.
Ekologia
Azken ikerketaren arabera, uste zutena baino are handiagoa da plastikozko uhartea, Ozeano Barean, Kalifornia eta Hawaii artean. Zehazki, 1,6 milioi km2-ko azalera du. Tamaina argitze aldera, testuan adibide bat ematen digute: Euskal Herria baino 76 aldiz handiagoa da plastikozko uharte hori. Gainera, hori hazten ari dela esan dute ikertzaileek. Ocean Cleanup Fundazioak zuzendu du ikerketa eta datuak biltzeko 30 ontzi eta bi hegazkin erabili dituzte. Azaldu dutenez, bataz beste 10 kg plastiko daude km2-ko, eta masaren % 92 plastiko handiek osatzen dute. Emaitza horrek harritu egin ditu ikertzaileak, gehien bat mikroplastikoz osatuta zegoela uste baitzuten.
Fisika
Pedro Miguel Etxenike Materiaren Fisikan katedraduna UPV/EHUn eta Donostia International Physics Center-DIPCko zuzendaria Europako Fisika Elkarteko (EPS) ohorezko kide izendatu dute. Aitormen hori 20 pertsonak baino ez dute mundu osoan; tartean daude adibidez, Jocelyn Bell astrofisikaria eta zazpi Nobel saridun ere.
Genetika
Beste gene bat ekarri digu Koldo Garcia genetistak asteon. VEGFA du izena eta odol-hodiak sortzeko beharrezkoa da. Ehun askotan dago aktibo baina nabarmenki tiroideetan, prostatan, birikietan eta endometrioan dago. Minbizi prozesuan ere parte hartzen du. Tumoreak zelulak direnez oxigenoa eta elikagaiak behar dituzte hazten jarraitzeko, eta horretarako odol-hodiak behar dituzte. VEGFA askatzen dute hori lortzeko, hau da, iruzur egiten diote gure gorputzari, izan ere, VEFGA askatzen den lekuetan odol-hodiak sortzen baititu gure gorputzak. Minbizian daukan paperagatik ere bada interesgarria VEGFA.
Osasuna
Homeopatiaren egunean, Josu Lopez-Gazpio kimikariak gurera ekarri ditu arlo horren inguruko azken albisteak. CISen datuen arabera, homeopatiaren salmentak beherantz doaz. homeopatia Hahnemannek sortu zuen 1810ean eta kimikariak azaltzen digunez, bere ateraldietan oinarritzen da. Arau horiek, gainera, Kimikaren, Fisikaren, Biologiaren eta Medikuntzaren oinarrizko printzipioak urratzen eta ukatzen dituzte. 2011n esaten zenaren arabera, 10 milioi espainiarrek baino gehiagok erabiltzen zuten homeopatia. 2017ko datuek baina beste errealitate bat islatzen dute: 2 milioira jaitsi da homeopatia kontsumitzen dutenen kopurua. CISen arabera, sasi-zientzien artean, homeopatiak ez du “famarik onena”.
Haragi gorriaren eta minbiziaren arteko lotura berretsi dute. UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Diego Rada Fernandez de Jauregi ikertzaileak gidatu du ikerketa. MOE Munduko Osasun Erakundeak 2015ean gaiari buruzko azterketa zabala egin zuen haragi gorrien eta prozesatuen inguruan eta lotura hori ondorioztatzeko arrazoi ugari zeudela adierazi zuen. Ikerketan, emakumezkoek izaten duten elikaduraren eta kolon distaleko minbiziaren artean egon daitekeen lotura argitu nahi izan dute. Ondorioztatu dute haragi gorri asko jaten duten emakumeek horrelako minbizi bat garatzeko aukera gehiago dutela.
Cannabis sativa landarean kannabinoide izeneko konposatuak daude, eta horiek propietate terapeutiko desberdinak aurkezten dituzte. Propietate psikotropikoak ez dituztenak ikertzen ari dira. Horien artean ezagunenak kannabidiola (CBD), Δ9-tetrahidrokannabibarina (THCV) eta kannabigerola (CBG) dira. Kannabinoide horiek nerbio-sistemako itu desberdinetan eragiten dute. CBDa da ikertuena. Gizakietan, bi dira horri egotzi zaizkion propietate nagusienak: eragin antiepileptikoa eta antsiolitikoa. Adibidez, THCV-aren kasuan, pertsona osasuntsuengan egindako saio klinikoren batek obesitatearen aurka erabilgarria izan daitekeela frogatu du eta gainera depresiorik eragiten ez duela.
Paleontologia
UPV/EHUko ikertzaileek, eta beste hainbat kide gazterekin batera, aste honetan Zarautzen Paleontologiako Ikertzaile Gazteen 16. Topaketa antolatu dute. Topaketak ikerketan hasi berriak diren gazteentzako bultzada izatea nahi du. Liburu batean argitaratuko dituzte ondoren kongresuan paleontologo gazteek argitaratzen dituzten ikerketak. Izan ere, argi dute zein den ikertzaile baten helburua: “Egindakoa argitara ematea”.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.