Astrofisika
BepiColombo ontzia pasa den urriaren 20an abiatu zen Merkuriorantz, bi orbitatzailekin: Europako Espazio Agentziaren (ESA) Orbitatzaile Planetarioa, eta Japoniako Espazio Agentziaren (JAXA) Orbitatzaile Magnetosferikoarekin. 2025aren amaiera aldean iritsiko da bere helburura. Hilabete batzuk lehenago, ontziak aske utziko ditu bi orbitatzaileak, Merkurioren grabitazioak harrapa ditzan. Oro har, planetaren ezaugarriak eta bilakaera ezagutzea da misioaren helburua. Artizarraren ingurutik igarotzean, orbitatzaileek hari buruzko datuak ere bilduko dituzte.
Elikadura
Integral etiketa daramaten ogi guztiak ez dira zinez integralak. Jakina denez, egungo arautegiak ez dio erreparatzen irin integralaren ehunekoari, eta edozeini deitzen dio integrala. Horregatik, Nekazaritza, Artzaintza Elikadura eta Ingurumen Ministerioak zirriborro bat aurkeztu du, egungo arautegia bertan behera utzi eta benetako izenak jarrita, gezurrezko ogi integrala sal ez diezaguten. Testu honetan, besteak beste, ogi integrala osasuntsuagoa dela adierazten da, baita irin integralaren eta finduaren arteko desberdintasunak azaltzen zaizkigu ere.
Berriak ere eman du martxan jarri nahi duten egitasmoaren berri. Ogi arrunta zer den, zer berezia, zer den eskuz egindakoa eta zer den orantza edo legamia naturala arautuko du Espainiako Gobernuak. Hego Euskal Herrian, ogien ekoizpena Espainiako 1984ko dekretu batek arautu du orain arte. Indarrean jarri nahi duten dekretu berriari esker, ogi jakin batek eramango du definizio zehatza etiketan; hau da, ogiari izen-abizenak emateko baldintzak ezartzen ditu, eta eskuz egindako ogia eta orantza aipatzen ditu, lehen aldiz.
Jakin badakigu elikadura osasuntsu izateko, haragi gutxiago eta landare jatorriko elikagai gehiago jan behar ditugula. Bada, halako dieta bat jarraitzeak bermatuko du modu berean planetaren osasuna. Zientzialariek argi dute: ez da aukerarik egongo klima-aldaketa arintzeko baldin eta gizateriaren dieta dibertsifikatzen ez bada. Euren esanetan: “Berotegi efektuko gasen isuriak ezin daitezke arindu begetaletan oinarritutako dietarako bidea hartzen ez bada”.
Biologia
Tn antigenoaren bi aldaera ikertu dituzte, itxuraz berdintsuak direnak baina uretan portaera oso ezberdina dutenak. Hauek minbizien %90ean azaltzen dira eta metastasiarekin lotuta daude. Minbizi-zelulak identifikatzeko etorkizun handiko biomarkatzaileak dira. Esan bezala, bi aldaera ikertu dituzte; Tn antigenoa treoninarekin lotuz gero, egitura zurruna osatzen du uretan, egitura egonkortzen laguntzen duen ur-molekula bati esker. Berriz, Tn antigenoa serina aminoazidoari lotzen zaionean egitura-elementu hori falta zaio eta malgua da uretan. Hori horrela, lehenengo aldiz ikusi da urak zeregin garrantzitsua duela molekula horien egitura tridimentsionalean.
Paleontologia
Indonesiako Borneo uharteko kobazulo batean aurkitu dute orain arte ezagutzen den arte labarreko irudi figuratibo zaharrenak izan daitezkeenak, duela 40.000 urtekoak. Jakina, gizakiak egindako marrazketa zaharragoak aurkitu izan dira, duela 70.000 urtekoak ere, baina marra edo lerro geometrikoak izan dira kasu horietan. Australiako Queensland estatuko Griffith unibertsitateak gidatu du ikerketa hau.
Bioteknologia
Diana Marin Bioteknologiako doktoregaia elkarrizketatu du Berriak. Mahastietako landareak hobetzeko ikertzen du, eta haien propietate hidraulikoak aztertuko ditu Okzitanian. Azaldu duenaren arabera, han mahastiekin ez dute lanik egiten beraz berak eramango ditu etxetik. Orobat, landareetako erlazio hidraulikoekin lan egiten dute, batik bat fruta arbolekin eta baso zuhaitzekin. “Haiek lantzen dutena ikastera noa batez ere, gero mahastizaintzan erabiltzeko”, dio. Horretaz gain, beharrezkotzat jo du klima aldaketari egokitzeko neurriak hartzea, lan egiten duen alorrean ere eragina duelako.
Teknologia
Iker Ibero efektu bisualen diseinatzaileak aipatzen du elkarrizketa honetan teknologia berriak museo eta aztarnategietan sartzea garrantzitsua eta beharrezkoa dela. Kasu hauetan, “gabezia handia” ikusten duela dio eta adibide bat ematen du: “Arkeologia hondakinak ikustera joaten naizenean, edo eraitsita dagoen gaztelu bat, hori nolakoa zen ikusteko birsortze bat falta dela uste dut”.
Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile den Gorka Azkune aritu da adimen artifizialari buruz artikulu honetan. Berak argi du: “Teknologia oso boteretsua da eta gure esku dago nola erabili nahi dugun erabakitzea”. Badakigu teknologia horren erabilera txarrak badaudela, Azkunek adibide bat jartzen du: “Orain dela gutxi argitaratu da Amazonek adimen artifiziala zerabilela langileak kontratatzeko garaian. Konturatu omen ziren beraien sistemak emakumeen aurkako joerak zituela, eta, beraz, sistema hori erabiltzeari utzi diote”. Halere, bere ustez, askoz aplikazio onuragarri gehiago daude txarrak baino. Azkunek adibideak eman ditu testuan zehar. Irakur ezazue artikulua osorik eta ez gaitezen kezkatu, oraindik behintzat, robot hiltzaileez.
Nanoteknologia
Lan honetan blokezko kopolimero eta nanopartikula magnetikoz osatutako nanokonposatu film meheak aztertu dituzte. Artikuluan azaltzen den moduan, badirudi material berri hauek gizartean sortzen ari diren beharrei erantzuteko hautagai egokiak direla. Hain zuzen, talde horretan sartzen dira blokezko kopolimero eta nanopartikula magnetikoetan oinarritutako nanokonposatuak; hauek aplikazio batzuetarako propietate interesgarriak dituzte.
Fisika
XIX. mendean zehar, kontserbazio-legeak aurkikuntzak egiteko bitarteko baliagarriak izatera heldu ziren, bereziki energiaren kontserbazio-legea. 1824an, Nicolas-Léonard-Sadi Carnot ingeniari militarrak ondorio garrantzitsu batera iritsi zen: ezin daiteke egon makina termiko itzulgarria baino eraginkorragoa den makina termikorik. Bitartean, beste ingeniari batzuk indarraren kontserbazioa aztertzen zebiltzan, elektrizitatea eta magnetismoa barne hartzen zituena. Aurreko mendean eginiko lana 40ko hamarkadan trinkotu zen. William Thomsonek, esaterako, Clapeyronen lana garatu zuen, eta hala ondorioztatu zuen tenperatura absolutuaren definizioa. 1847an, adibidez, Thomsonek James Joule entzun zuen bere emaitzei buruzko laburpen bat aurkezten eta atera zuen ondorioa izan zen naturaren indarrak ez zirela kontserbatzen, baizik eta bata bestea bihurtzen zela kalkulu zehatz baten arabera. Urtetik urtera garatutako hainbat hausnarketa eta ideia daude irakurgai testu honetan. Ez galdu!
Europako Fisika Elkarteak leku historiko izendatu berri du Bergara herria. Izan ere, Fausto eta Juan Jose Elhuyar anaiek lehenbiziko aldiz 1783an wolframa isolatzea lortu zuten. Aurkikuntza harengatik eman diote izendapena baina ohore hori ia 50 lekuk dute. Zeintzuk dira? Bidaia ederra proposatu digute Berrian; Frantzia, Alemania, Belgika, Italia… Zergatik hautatu zituzten? Ez galdu zientziaz blai dauden zoko hauek!
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.