Konposatu disruptore endokrinoen azterketa kimika analitikoaren ikuspuntutik

Argitalpenak · Dibulgazioa

Ezin da ukatu gure eguneroko bizitarako abantaila handia suposatzen dutela konposatu kimikoek, hala ere, beren gehiegizko erabilerak ingurumenean kalteak sor ditzakeela ezin dugu ahaztu.

1. irudia: Musketa fragantziak, ftalato esterrak, alkilfenolak, hormona natural zein sintetikoak, bisfenol-A eta zenbait pestizida animaliei eragiten diete eta konposatu disruptore endokrino (EDC) izenez ezagutzen dira.

Hori dela-eta, geroz eta erakunde gehiagok konposatu kimikoen presentzia arautzea dute helburu. Mundu mailako araurik garrantzitsuenak Ameriketako Estatu Batuen ingurumen agentziak (EPAk) eta Europar Batasunak duen uraren Zuzentaraua (WFD) dira. Bi legedia horiek aztertu beharreko konposatuak zeintzuk diren finkatzen dituzte, eta zenbait kasutan euren maila maximoa (EQS) zein den ere ezartzen dute.

Zoritxarrez, bi zuzentarau horietan ez daude ingurumenean kalteak sortzen dituzten konposatu kimiko guztiak. Zentzu horretan, NORMAN izeneko lan taldea aztertu beharreko konposatu berriak ikertzen dabil, etorkizunean zuzentarauetan sartu behar diren edo ez erabakitzeko.

Zuzentarau horietan dauden konposatuen artean musketa fragantziak, ftalato esterrak, alkilfenolak, hormona natural zein sintetikoak, bisfenol-A eta zenbait pestizida daude. Horiek guztiek, gizakien eta animalien sistema endokrinoan eragiten dituzten aldaketak direla-eta, konposatu disruptore endokrino (EDC) izenez ezagutzen dira. EDCak gorputzaren sistema endokrinoan aldaketak sortzen dituzten substantzia exogenoak, edo horien nahasteak dira, eta organismo osasuntsuetan edo euren ondorengoetan hainbat kalte sor ditzakete.

Kalte horien artean malformazioak, ugalketa-arazoak, espezieen tamainaren aldaketa edo intersexualitatea aurki daitezke. Oro har, konposatu kimikoak oso kontzentrazio baxutan aurkitzen dira ingurumeneko ur laginetan, ng/L mailan gehienetan. Kontrara, konposatu organikoek biotan metatzeko joera dute. Arrainaren atal desberdinek informazio desberdina ematen dute. Adibidez, muskuluan dauden konposatu kimikoak epe luzean metatutako konposatuak dira, esposizio kroniko bat adieraz dezakete. Behazunean dauden konposatuak aldiz, epe laburreko esposizioari dagozkio.

Gorputzera sartu diren konposatuak behazunean metatzen dira kanporatuak izan aurretik, bertan dauden kontzentrazioak ng/µL izatera irits daitezke eta horregatik behazuna biomonitorizazioan neurtu beharreko ehuna izan daiteke. Hori guztia ikusirik, oso garrantzitsua da kimika analitikoaren ikuspuntutik EDCak ingurumenean, ur laginetan zein arrainen atal desberdinetan, neurtzeko metodo egokiak garatzea.

Konposatu kimiko organikoak uretan zein biotan neurtzeko jatorrizko metodoak nahiko luzeak izateaz gain, disolbatzaile organikoen bolumen handiak behar izaten zituzten, analisiaren kostua handituz eta gainera ez ziren ingurumenarekiko errespetagarriak. Arazo horiei aurre egiteko, metodo berriak garatu dira.

Zentzu horretan, lagin likidoei dagokionez, mikroerauzketan oinarria duten teknikak indarra hartzen hari dira gaur egun. Ur laginetan dauden konposatuak zuntz batera adsorbatzen dira eta ondoren disolbatzaile organikoaren bolumen egokia erabiliz bertara desorbatzen dira.

Lagin solidoei dagokienez aldiz, ultrasoinu fokatuaren bidezko solido likido erauzketa teknika asko erabiltzen da. Ultrasoinu energiaren laguntzaz, konposatuak disolbatzaile organikoaren bolumen txiki batera igarotzen dira. Bi kasuetan, konposatu organikoak neurtzeko teknikarik ohikoenak kromatografian oinarritzen dira. Konposaturik ez-polarrenak gas-kromatografia bidez neurtu ohi dira, eta konposaturik polarrenak, likido-kromatografia erabiliz.

Garatutako teknika guztiak EHko kostaldean zehar jasotako ur laginak zein arrainak aztertzeko erabili ziren. Ur laginei dagokionez, hainbat izan ziren antzemandako konposatuak, kasurik gehienetan ng/L mailan. Arrainetan aldiz, uretan neurtu ez ziren konposatuak antzeman ziren arrainen behazunetan, behazuna ehun egokia dela frogatuz. Horretaz gain, estuario batzuetan arrantzatutako zenbait arrainetan intersexualitatea zegoela ikusi zen. Oraindik lan handia dago egiteke intersexualitatea eta konposatu kimikoen arteko erlazio egokia egiteko.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia. 2018
  • Artikuluaren izena: Konposatu disruptore endokrinoen azterketa kimika analitikoaren ikuspuntutik.
  • Laburpena: Ingurumeneko uretan kutsatzaile organiko desberdinak aurkitzen dira, nahiz eta kontzentrazio baxuetan izan (ng/L mailan). Araztegien irteera korronteak izan ohi dira konposatu horien iturririk nagusietako bat, araztegiek erabiltzen dituzten mekanismoak ez baitira gai kutsatzaileen arazketa osoa burutzeko. Horien artean, konposatu disruptore endokrino (EDC) izenez ezagutzen diren konposatuak aurki daitezke, eta horiek ingurumenean bizi diren espezieetan aldaketa endokrinoak sor ditzakete, nahiz eta EDCak kontzentrazio baxuetan egon. Kalte horien artean, malformazioak, populazioen aldaketak edo intersexualitatea dira nabarmenenak. Hau guztia ikusirik, kimika analitikoaren ikuspuntutik oso garrantzitsua da metodo analitiko sentikorrak garatzea konposatuak ur- eta biota-laginetatik erauzi eta garbitzeko, bai eta konposatuek biotaren atal desberdinetan metatzeko duten joera aztertzeko ere.
  • Egileak: Oihana Ros, Asier Vallejo, Maitane Olivares, Ailette Prieto, Nestor Etxebarria.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 89-114
  • DOI: 10.1387/ekaia.17880

Egileez

Oihana Ros, Asier Vallejo, Maitane Olivares, Ailette Prieto eta Nestor Etxebarria UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko Kimika Analitikoa Sailekoak dira.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.