Izar-hautsa ez ezik, asteroide-ura ere bagara

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Kondrito karbonatodun izeneko meteoritoen azterketan abiatuta, asteroideek ura Lurrera ekarri zuteneko teoria berretsi dute ikertzaileek. Bidean dauden espazio misioek ere uraren jatorria argitu nahi dute.

Ezinezkoa da eguzki-sistemaren jatorrietara bueltatzea, gure gertueneko planetak eta geure etxea bera den Lurra nola eratu ziren jakiteko. Baina, badugu aukera ikusteko nola eratzen ari diren eguzki-sistematik kanpoko beste hainbat sistema. Halere, nolabait, “nahi eta ezin” egoera da hori. Gero eta bereizmen hobearekin, astrofisikariak gai dira ikusteko nola sortzen diren mundu horiek, eta espektrografiak benetako “mirariak” ahalbidetzen ditu. Baina, zoritxarrez, mundu berrien fabrika horietan gertatzen diren prozesu fisiko-kimikoak atzematea ez da erraza.

1. irudia: Zientzialariek uste dute asteroideek ura ekarri zutela Lurrera, Bonbardaketa Berantiar Handia gisa ezagutzen den une batean. Irudian, NASAK egindako berreraikipen artistikoa. (Irudia: NASA)

Eguzki-sistemaren adreilu diren asteroide eta kometetan egon daiteke gakoa. Horregatik, hein handi batean, objektu horiek ikertzeko hainbat misio burutu dira; beste batzuk oraintxe bertan horretan ari dira, eta beste hainbat misio ere izango dira etorkizunean: Stardust, Rosetta, OSIRIS-Rex, Hayabusa, DART, Hera.. Japoniarrek laginak hartzeko prestatu duten Hayabusa-2k bidalitako azken bideoa ikusita, edo ESAk poesia bisuala eta zientzia uztartuz Rosettari buruz prestatutako Ambition bideo laburra ikustean hunkitzen ez den irakurleak hobe du hemendik aurrera beste irakurketaren bati heltzea.

Idealismoa alde batera utzita, ezagutza hutsa ez ezik, interes komertziala ere piztu dute arrokek, eta Planetary Resources bezalako enpresak horretan ari dira. The Expanse telesailak marraztutako mundua oso urruna eman badezake ere, duela urte gutxira arte ere zaila zirudien irudikatzea enpresa pribatuak espaziora joaten edota Israelgo startup bat Ilargirako bidea egiten.

Ezagutza soilari dagokionez, asteroide eta kometetan aurkitu nahi den erantzun nagusia da nola iritsi zen ura Lurrera. Ura sortzea ez da zaila: kopuruei dagokienez, hidrogenoa eta oxigenoa dira, hurrenenez hurren, unibertsoko lehenengo eta hirugarren postuetan dauden elementuak. Baina eguzki-sistemaren osaketa azaltzen saiatzen diren eredu gehienek oso zail ikusten dute hasierako faseetan barne planetetan ura egotea: eguzkiaren beroa dela, ur gehiena eguzki-sistemaren kanpoaldean geratu zen, izotz-lerro gisa ezagutzen den muga batetik harago, hain zuzen. Bestetik, uste da Ilargiaren sorrera planeta erraldoi baten talkari zor zaiola; talka horrek Lurrean egon zitekeen jatorrizko ur guztia eraman behar izan zuen, halabeharrez.

Asteroide eta kometak dira, beraz, Lurreko uraren jatorria hoberen azaltzen dutenak. Lehen hautagai logikoak kometak izan ziren, objektu horiek dutelako lurrunkorra den material gehien. Baina, oraingoan ere, badirudi isotopoek izango dutela azken hitza. Deuterioaren eta hidrogenoaren arteko proportzioaz ari gara. 1980ko hamarkadan ura meteoritoetatik etorri zeneko hipotesia kolokan jarri zen, orduan ikusi zelako Oort hodeiko kometetan dagoen D/H proportzioa (Deuterio/Hidrogeno) ez datorrela bat Lurreko ozeanoetan dauden proportzioekin. Rosetta misioak egiaztatu ahal izan zuen 67P/Txuriumov-Gerasimenko kometan zegoen proportzioa ere ezberdina zela (zehazki, Lurrean dagoena baino hiru handiz handiagoa da).

Horregatik, asteroideetan jarri da arreta. Bereziki gerrikoaren kanpoaldean kokatuta dauden asteroideek dute ur gehien. Pixkanaka, horien alde egiten duten probak metatzen hasiak dira. Orain aurkeztu dituzte Science Space Science Reviews aldizkarian aukera hori babesten duten proba gehiago (hemen, irekian).

2. irudia: Meteoritoak ikertuz asteroideen osaketari buruzko datuak lortzen dituzte adituek. Irudian, zientzialariak meteoritoak bilatzen, Antartidan. (Argazkia: Katherine Joy / ANSMET)

Ikertzaileek kondrito karbonatodun izeneko meteoritoetan jarri dute interesa. Karbono-konposatu asko duten meteorito horiek asteroideetan dute abiapuntu, eta adituek berretsi dute arroka puska horiek material hidratatuak eta molekula organikoak jaso zituztela eguzki-sistema sortu zenean. Hau ez da kontu berria, baina orain proba gehiago jarri dituzte mahai gainean. Ura ez ezik, kondrito karbonatodunetan biziaren sorrerarako erabilgarri izan zitezkeen molekulak iritsi zirela uste dute. Aukera hau 2016an Scientific Reports aldizkarian proposatu zuten.

Zientzialariek marraztu duten prozesuaren arabera, kondrito horiek arroken eta uraren arteko prozesuetan abiatu ziren. Garai batean, asteroideetan zegoen izotza urtu egin zen, seguruenera, 26Al isotopo erradioaktiboaren desintegrazioan sortutako beroari esker ( 26Mg-ra desintegratzean, isotopo horrek energia kopuru txikia baina etengabekoa isuri dezake, milioika urtez). Ur hori berotzean eta arrakalen artean sartzean sortu ziren kondritoen ezaugarri diren kondruloak. Ondoren, kanpoko planetetako orbitetan izandako aldaketak direla eta, kaosa sortu zen eguzki-sisteman, eta asteroide horietako asko barne planetetara bideratuak izan ziren, beraiekin batera, ura eramanez. Fase hori Bonbardaketa Berantiar Handia gisa ezagutzen dugu, eta udako gau lasai batean zeruari begira gaudela Ilargian ikusten diren kraterrak horren testigu isilak dira.

Bestetik, Lurraren osaketa kimiko berak berretsiko luke ideia hori. Espero zitekeena baino platinoaren taldeko elementu gehiago daude mantuan zein lurrazalean (teorian, siderofiloak diren elementu horiek nukleoa osatzen duten burdinarekin eta nikelarekin lurperatuak izan behar ziren Lurraren osaketaren hasierako faseetan, baina elementu horiek ere asteroideen bonbardaketa masibo horrekin iritsi zirela uste dute zientzialariek).

Dena dela, ia beti bezala, gauzak ez daude guztiz finkatuta, eta ikerketa berriak martxan dira. Gainera, gogoratu beharra dago asteroide baten eta kometa baten arteko aldea ez dela guztiz argia. Adibidez, kometa gehienak Kuiper gerrikotik edota Oort hodeitik datozen arren, orain badakigu asteroide gerrikoan ere hainbat “kometa” badirela. 133/P Elst-Pizarro da horietako bat, eta Txinak hara bidali nahi du misio bat, laginak hartu eta Lurrera ekartzeko asmoz. Unibertsoari bost axola zaio arroka horiek kometa ala asteroide ote diren, baina gizakiak, bere txikitasunean —eta bere handitasunean—, etxetzat duen Lurra nola sortu zen jakin nahi du, eta baita ere Lurrean bizia ahalbidetu duen uraren jatorria zein den. Azken finean, batez bestean, gizakiaren konposaketaren %60-70 ura besterik ez da. Nongoa zaren galdetzen dizuten hurrengoan, badakizu, lasai asko esan dezakezu belterra, zinturonianoa edo gerrikoarra zarela. Asteroide gerrikokoa, hain zuzen; Zientziak babestuko zaitu. Bertan sortu baitira zure arimaren hiru laurdenak.

Erreferentzia bibliografikoa

Trigo-Rodriguez, J.M., Rimola, A., Tanbakouei, S. et al. (2019). Accretion of Water in Carbonaceous Chondrites: Current Evidence and Implications for the Delivery of Water to Early Earth. Space Science Reviews, 215:18. DOI: https://doi.org/10.1007/s11214-019-0583-0


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.