Hartz arrea da haragijalerik urriena iberiar faunan eta galtzeko bidean den espezietzat katalogatuta dago. Kantabriar Mendikateko hartz-populazioa mehatxatuenetakoa da espeziearen munduko banaketa eremuan.
Kantabriar Mendikatean ondoen zainduta dauden mendietan bizi dira gaur egun hartzak, hortxe aurkitzen baitituzte baldintzarik egokienak bizirik irauteko, gizakiaren eta hartzaren arteko bizikidetasun eredugarriari esker. Kantabriar hartz arrea galtzeko zorian egon zen, baina iraunarazteko egin izan diren ahaleginei esker, gaur egun argia da bizi duen suspertze prozesua. Une honetan, populazioa bi azpipopulaziotan banatuta dago, ekialdekoa eta mendebaldekoa, hurrenez hurren 40 eta 190 bururekin.
Apirilaren 24an, Ondarroan, 18:30etan (Beikozini, Iparragirre kalea, 10) Zientziaren Giltzak Elkarteak “Kantabriar mendikateko hartzak” izenburua duen hitzaldia antolatu du. Hitzaldi honetan Fernando Garitagoitia biologoarekin, animalia deigarri honen biologia eta ekologiari buruzko hainbat alderdi (bizitzeko eremua, elikadura, ugalketa, hibernazioa…) ezagutuko ditugu, hogeita hamar urte inguruz, era askotako ikerketa-teknikak erabiliz, espezie honi egin izan zaion jarraipenaz baliaturik. Gaur egun hartzentzat mehatxu larrienak zeintzuk diren ere (tranpak, endogamia, bizilekuaren suntsipena,…) ezagutuko ditugu eta hartz arrea iraunarazteari begira aurrez aurre ditugun erronka nagusiak.
Fitxa biografikoa
Fernando Garitagoitia Pradera, (Mallabia, 1966) Biologian lizentziatu zen UPV/EHUn etaegun Arabako Murgia BHIko irakaslea da, “Baso eta Ingurugiroko kudeaketa” zikloan. 1993. urtetik hartz arrearen 2.000 aztarnatik gora (hatz-markak, gorotz, ileak, hartz zulo…) aurkitu eta erregistratu ditu Kantauriar Mendietan egindako ibilbideetan. Fundación Oso Pardo elkartearekin 1992tik gaur arte lankidetzan aritu da hartz arreari buruzko ikerketa eta iraute lanetan.
Hartzarekin lotutako zenbait artikulu zientifiko idatzi ditu “Sociedad Española para la Conservación y Estudio de los Mamíferos” elkarteak argitaratzen duen Galemys aldizkarian. Hainbat hitzaldi eman ditu, irrati eta telebistan gaiaz mintzatu da eta erreportajetan parte hartu du.
Kantabriar mendikateko hartzak
- Data
- Ordutegia
- 18:30etatik 20:00etara
- Tokia
- Beikozini, Iparragirre kalea 10
- Helbidea
- Ondarroa