Gure lehen emakume albaitaria: Luz Zalduegi (1914-2003)

#KZJaia · Emakumeak zientzian

Gure amama Mallabikoa zen eta sarritan kontatzen zizkigun herriko pertsonai ilustratuen inguruko hainbat kontakizun. Baina ez nion sekula entzun Luz Zalduegiri buruzko ezer. Luz Zalduegi Gabilondoren berri txiripaz izan nuen, hemeroteka baten nenbilenean artikulu zahar baten bila. Horrela ezagutu nuen amamaren herri berdinekoa zen emakume hura, Euskal Herriko lehen emakume albaitaria.

“Gure herriko emakumea irmoa da.” Luz Zalduegi Gabilondo

1. irudia: Luz Zalduegi Gabilondo, Euskal Herriko lehen emakume albaitaria.
1. irudia: Luz Zalduegi Gabilondo, Euskal Herriko lehen emakume albaitaria.

Mallabia Bizkaiko herri txiki bat da. Durangaldean kokatzen da baina Gipuzkoarekin harreman sendoa du eta zerbitzu prestazioei dagokionez, Debabarrenan kokatua dago. Egun, 1.200 biztanle ditu, gutxi gorabehera, eta duela ehun urte ere kopuru berdintsua zuen. Bertan jaio zen, 1914ko ekainaren 1ean, gure gaurko protagonista, Luz Zalduegi Gabilondo. Sasoi hartan Mallabiko jarduera ekonomiko nagusia nekazaritza zen, baserriz osatuta baitzegoen herria. Agian horrek piztuko zion albaitaria izateko grina, baina ez, ez zen izan hori arrazoi nagusia.

Duela 100 urte jaio zen Luz Zalduegi Gabilondo Mallabiko Osma auzoan. Lau neba-arreben artean gazteena zen. Aita, Felix Zalduegi Aginaga, bertako udaletxeko idazkaria zen eta ama, Josefa Gabilondo Iriondo, lau seme-alaben heziketaz arduratu zen. Gurasoek seme-alabak ikastera animatu zituzten eta Gasteizera eraman zituzten ikasketak burutzera. Baina 1928. urtean Madrilera joan ziren lau neba-arrebok ikastera, neba zaharrenak, Miguel Felixek albaitari karrera hasi behar zuelako bertan.

Batxilergoa amaitu ondoren, Florencio eta Pilar neba-arrebek irakasle-ikasketak hautatu zituzten eta Luzek albaitaritza egitea erabaki zuen. Gurasoek harriduraz hartu zuten erabakia, izan ere, egokiago ikusten zuten harentzat ere irakasle izateko ikasketak. Hala ere, gurasoek gauza bakarra eskatu zioten “pentsa ezazu ondo hartu beharreko erabakia, zuretzat eta betirako izango baita erabakia”.

Luzek argi zuen zer egin, albaitari izatea egokia zela zeritzon Paquita eta Maria Roldán lagunei esker. Paquita eta Mariaren aita Madrilgo Hiltegi Munizipalaren administraria zen eta hiru neskak sarritan joaten ziren bertara bisitan. Bisita haietan albaitariekin hitz egiteko aukera izan zuten eta ondorioz, euren zeregina zein zen ezagutu ondoren, hura eurentzat egokia izan zitekeela erabaki zuten. Luzek hiltegietako lana baino, erakargarria ikusi zuen serumaren eta txertoen ekoizpenean, eta elikagaien azterketen inguruan laborategietan egiten zen lana. Interes horrek bultzatu zuen aurrera jotzen eta lagunekin batera 1930-31 ikasturtean hasi zituen ikasketak Madrilgo Albaitaritza Eskolan. Lehen mailan 192 ikasle ziren, horietatik 4 emakumeak.

Gurasoen harridura gainditzeko gai izan bazen ere, Miguel Felix neba ez zen bat ere poztu Luzen erabakiarekin. Hirugarren mailako ikaslea zen bera eta arrebaren erabakia serioa zela ikusi arte, lehen urtea libretik jarraitzeko eskatu zion. Luzek onartu zuen eskakizuna eta lehen urtean entzule bezala joan zen klaseetara. Baina azterketa guztietan aurkeztu zen eta nota bikainekin gainditu zituen denak. Emaitzak ikusi ondoren, Felixek zalantzak albo batera utzi zituen eta ez zion arrebari oztopo gehiago jarri.

Hurrengo ikasturtean Luzek matrikula ofiziala egin zuen eta albaitari-ikasketa ofizialak egin zituen lehen emakumea bihurtu zen. 1935eko uztailaren 18an bukatu zituen ikasketak bikain batekin. Urte hartan, ikasketak amaitzen zegoelarik, Kimika Inorganikoa eta Organikoa eta Analisi Klinikoen Katedran ikasle laguntzailearen plaza lortu zuen oposaketen bidez eta bertan egin zituen praktikak. Baina ikasketak amaitu eta gero, udal-ikuskatzaile izateko oposaketak prestatu zituen. 1936ko uztailean gainditu zituen. Gerra hasi berria zen eta herrira bueltatu zen, Mallabira.

Bertan zegoela, Eusko Jaurlaritzako Abeltzaintzako zuzendariak, Martiniano Alkorta Saez de Buruagak, beragana jo zuen Gipuzkoatik ihesi zetozenei jaten emateko gizarte-laguntzak sortu zituen jangelen ikuskaritzaz arduratzeko. Horretan ibili zen Bizkaia frankisten esku geratu zen arte.

Handik hilabete batzuetara udal-ikuskatzaile plaza eskuratu zuen Bermeon. Portuan, azokan eta kontserba fabriketan arrainen eta esnearen bromatologia azterketak egiten ibili zen. 1939. urteko abenduan ikuskatzaile plaza eskatu zuen Eibarko udalean eta onartu ondoren, bertara joan zen lanera. Baina 1940ko uztailean dimisioa aurkeztu zuen ezkontzeko.

2. irudia: Luz Zalduegi haren ikaskideak izan ziren Leandro Carbonero (senarra izan zena, eskuinekoa) eta Juan Ramón Castaño, ikasketak bukatu ondoren.
2. irudia: Luz Zalduegi haren ikaskideak izan ziren Leandro Carbonerorekin (senarra izan zena, eskuinekoa) eta Juan Ramón Castaño, ikasketak bukatu ondoren.

Ikaskidea izan zuen Leandro Carbonero Bravorekin ezkondu zen. Gerra Zibila amaitu ondoren, bikotea Marokoko Protektoratuan sortu ziren lanpostuetarako prestatu zen eta oposaketetan parte hartu zuten. Baina Luzek ez zituen egin frogak. Oposaketa egunean bertan, deialdiko zerbitzu buruak esan zion lan hura ez zela emakumeentzako aproposa eta erretiratzeko eskatu zion. Urte bete beranduago, debekatu egin zuten emakumeen izen-ematea oposaketa hartan.

Leandro senarrak oposaketa gainditu zuen eta Marokora joan ziren. Bost urte eman zituzten bertan eta Leandro kanpoan zegoenean, Luzek senarra ordezkatzen zuen hiltegian eta merkatuan ikuskaritzak eginez. Merkatuan ez zitzaion eguneko salmentari hasiera ematen albaitariak ikuskaritza amaitu arte. Behin horretan zebilela, arraina erosteko zain zegoen emakume bilbotar batek esan omen zion saltzaileari “falta zaigun bakarra, senarraren ordez emaztea dugu ikuskaritza egiten. Noski, berdin du nork egin eta! Egunen baten zerbait pasatuko da eta gureak egingo du”. Luzek lana amaitu zuenean eta arrain salmenta baimendu ostean, arrain-saltzaileak honela esan zion Amilibia andereari: “bai, berdin du nork egiten duen ikuskaritza, bera ere albaitaria baita”. Barkamena eskatu zion Luzi andrazkoak eta biak euskaldunak zirela jabetu ondoren, lagunak bihurtu ziren.

Marokon bost urte eman zituen bikoteak. Han jaio ziren bi alaba zaharrenak. Ostean, 1945ean Estatuko Albaitarien Kidegorako oposaketan prestatu eta gainditu zituen. Plaza lortu ondoren Animalien Biologia Institutuan lan egin zuen. Bertan, sukar aftosoa ikertu zuen eta gai horren bueltan doktorego-tesia egiteko asmoa izan zuen. Horrela, doktoregoa egiteko asmoarekin, graduondoko programan matrikulatu zen baina azkenean ez zuen tesia egin.

Animalien Biologia Institututik, Abeltzaintzako Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzara joan zen ikerketaren eta hezkuntzaren sailaz arduratzeko. Bertan, ikerketarekin jarraitu zuen eta ikuskaritza lanetan ere murgildu zen. Adibidez, Barajaseko aduanan hegaztien inportazioaren zaintzaz arduratu zen. 1955etik erretiratu arte Nekazaritzako Ministerioko Abeltzaintzako Estatistika Sailean egin zuen lan. 1982-1984 tartean Nekazaritzako Kontseilu Goreneko lehendakaria izan zen.

3. irudia: Luz Zalduegi 1995. urtean, Gipuzkoako Albaitarien Elkargoak egin zion omenaldian.
3. irudia: Luz Zalduegi 1995. urtean, Gipuzkoako Albaitarien Elkargoak egin zion omenaldian.

Luz Zalduegi Gabilondo Bizkaiko, Gipuzkoako eta Madrilgo albaitarien elkargoetan kolegiatua zegoen. Ez zuen galdu harremana Euskal Herriarekin, izan ere, haren seme-alabak Mallabiko baserrira etortzen ziren amamarekin uda pasatzera. Zaldibarren pisua erosi zuen eta urtero etortzen zen bertara. Debako hondartzara joatea gogoko zuen eta herriko lagunekin solasean ibiltzea.

Ezagutu zutenen esanetan, Luz emakume azkarra, langilea, zintzoa eta apala izan zen. Zorroztasun intelektual handikoa eta besteekiko konpromiso handia erakutsi zuen emakumea. 1995. urtean Gipuzkoako Albaitarien Elkargoak omenaldi bat eskaini zion eta 2014ko ekainean, Mallabia eta Zaldibarko udalek ekitaldi publiko baten oroitu zuten Euskal Herriko lehen emakume albaitariaren lana eta figura.

Iturriak


Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da.


“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

kzjaia3

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.