Ezjakintasunaren kartografia #88

Dibulgazioa · Ezjakintasunaren kartografia

Mapping Ignorance blogean hainbat artikulu interesgarri argitaratu dira. Hona hemen asteon plazaratu diren artikuluen laburpena.

ezjakintasuanaren kartografia 88

Pisua hartzen ari den diziplina da erlekumeen robotika. Robotikaren ardatz honek helburu zehatz bat du, ezagutzea nola lortu hainbat roboten koordinazioa entitate bakar bat bezala funtzionatzeko. Hori lortu nahian, naturan jartzen du arreta, taldetan mugitzen diren espezieak nola koordinatzen diren behatuz. Kasu sinpleena bi lagunen arteko koordinazioa da, ala ezta? José Ramón Alonsoren artikuluan xehetasun guztiak: Flying tandems.

“Natural” terminoak ez luke engainatu behar gutxieneko ezagutza zientifikoa duen norbait. Egun, “naturala” edo “bioa” bioteknologia da gehien bat. Silvia Románek aztertzen du gaia eta honen ondorioak: Is nature “natural” anymore?

Egoera solidoaren fisikan asko hitz egiten da loturez eta loturen uneetan gertatzen denari buruz. Hala ere, kontzeptua askoz ere orokorragoa da. Izan ere, bi eroaleen artean une edo espazio bakarra egotea nahikoa da, maila nanometrikoan efektu interesgarriak ikusi ahal izateko. Bata bestearen barruan dauden esfera metalikoak baditugu ere, matrioska errusiar panpinen antzera, ikusiko ditugu arestian aipatutako efektuak. DIPCko ikertzaileek erakusten digute zein interesgarriak diren matrioska hauetan gertatzen direnak, dimentsioa nanometrotik beherakoa denean: Shrinking plasmonic nanomatryoshkas.

Espezieen arteko harreman mutualista ugari daude. Agian, horietako batek, lagun dezake espezie estatubatuar batek Txina inbaditzera. José Ramón Alonsok kontatzen digu Defend your friends artikuluan.


Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.