Norbere gela bat zientzian

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

“Neba bezain abenturazale eta irudimentsua zen,

eta hark bezainbesteko gogoa zuen mundua ezagutzeko.

Ez zioten eman eskolarik, ordea”.

Gela bat norberarena. Virginia Woolf

1. irudia:
1. irudia: Zientzia, sarri askotan, jenialtasunarekin lotu izan da eta dohain hori gizonezkoei atxikitu izan zaie, ez emakumezkoei. Ondorioz, zientzia gizonezkoen kontua dela luzaroan iraun du historian eta emakume zientzialarien lana estalduta gelditu da.

Judith Shakespeare existitu izan balitz, bere neba William bezain ona izango zatekeen. Baina ez zioten aukerarik eman hori egiaztatzeko. Gela bat norberarena (A room of one’s own, 1929) saiakeraren atal batean aurkeztu zigun Virginia Woolfek fikziozko pertsonaia hura; emakumea izateagatik bere trebetasuna garatzeko askatasuna kendu ziotena. Woolfek erabilitako adibide horrek erakutsi zuen indarrean zegoen –eta dagoen– gizarte patriarkala; eta horren aurrean, emakumeentzako gela propioaren beharra: zer behar dute emakumeek? Woolfek argi zeukan afera eta halaxe idatzi zuen: Sormena eta, batez ere, norbanakoaren independentzia ekonomikoa zein pertsonala garatzeko gela bat, hain zuzen. Tamalez, errealitateak fikzioa erraz gainditu ohi du eta historian zehar, zientzia arloa ez da salbuespena izan.

Emakume zientzialariak egon dira eta asko borrokatu behar izan dute gizonezkoen espazioan sartzeko. Berauen zaletasunak izan dira aurrera jarraitzeko arrazoi nagusiak eta zenbait arlotan aitzindari izatea lortu badute ere, ahanztura zorroan gelditu dira urte askoan. Berriki hasi dira izenei hautsa kentzen.

Imajina dezakezue Eiffel dorrerik gabe, Paris? Sophie Germainen laguntzari esker –beste hainbat zientzialariren parte hartzeaz gain– Gustave Eiffelek burdinazko egitura erraldoia eraiki zuen maitasunaren hirian. Laguntzaile horien ekarpena saritzeko, xafla batzuetan euren izenak grabatu zituen, habeetan. Baina Sophie zerrendatik ezabatu zuen, emakumea zelako.

Eta Hitlerren erregimenaren esanetara egongo bagina oraindik? Ez genuke Philip K. Dickek idatzitako The Man in the High Castle istorio distopikoaren beharrik imajinatu ahal izateko nolakoa izango zatekeen mundua totalitarismoak eta faxismoak indarrean jarraitu izan balute. Joan Clarkeri zor diogu nazien ‘Enigma’ makinak sortzen zituen mezu konplexuak deskodetzearen lana.

Eta jaio berrien bizitasuna neurtzen duen eskalarik izango ez bagenu? Virginia Apgarrek sortu zuen test famatua. Eta imajina dezakezue baztanga gaitz infekziosoak oraindik Europa beldurtuta izango balu, XIV. mendean izurri beltzak biztanleria ikaratu zuen eran? Mary Wortley Montagu Ingalaterrako emakume aristokratak ekarri zuen gaitz horren aurkako metodoa Europara.

Eta zenbat hildako gehiago izango ziren kevlar zuntza sortu izan ez balitz? Bigarren Mundu Gerran erabilitako balen aurkako txalekoei esker, 3.200 pertsona onik atera ziren. Horren atzean dago Stephanie Kwoleken lana.

Zerrenda amaigabea da. Odolak gorputzean egiten duen ibilbidea ezagutu zuen lehena Alessandra Giliani izan zen; Lise Meitnerrek fisio nuklear fenomenoa aurkitu zuen; Marie Tharp itsaso hondoko lehen mapa marraztu zuen lehena izan zen; Marianne Northek munduko botanika ilustratu zuen; Caroline Herschel kometa bat identifikatu zuen lehen emakumea izan zen; Mont Blanc mendia igo zuen lehen emakumea bihurtu zen Fanny Bullock Workman, Himalaia esploratu eta haren kartografia jaso zuen; Andereñoen Egoitza sortu zuena Maria de Maeztu izan zen; Mary Anningek hamabi urte zituen Jurasiko garaiko iktiosaurioaren hezurdura topatu zuenean eta hogeita bi urte plesiosaurioaren fosila aurkitu zuenean.

Irudia:
2. irudia: Berriki hasi dira ahaztutako emakume zientzialarien izenei hautsa kentzen.

Historia ez du emakume batek idatzi, ez dago zalantzarik. Baina gehienetan gertakizunen ardatz izan dira, protagonistak, hain zuzen ere. Ezabatu izanak ez du esan nahi existitu izan ez direnik. Eta izan dira, eta badira. Emakumeen ekarriak behar ditugu, jakina da hori. Eta ez zaie lekua eman behar, galtzaileari sari kontsolagarria ematen zaion gisan, haiek konkistatu dutelako irmotasun handiz euren lekua, euren gela, aurreneko su lerroan.

Iraganeko uretan –eta oraina begi-bistan–, dabilen ontzi bat imajinatzen dut nik emakumeek zientzian egin duten lana gogora ekartzen dudanean. Emakumeak dira lemari tinko helduz norabidea erabakitzen dutenak, olatuari beldur ez diotenak. Zenbaitetan ezkerrera, batzuetan eskuinera, baina beti aurrera. Itsasoaren eskergak ez ditu itsutzen; badakite ur mugitu horietan zailtasunak topatuko dituztela, baina datorrenari aurre egingo diote Moby Dick eleberrian Stubbek Pequod ontzian esan zuen antzera: “Etorriko dena ez dakit zehazki zer izango den baina, edozein modutan, pozik joango naiz”.

Bakarrik sentitu dira, laguntzarik gabe. Hala ere, euren eskuek ez diote inoiz lema hartzeari utzi, ontzia ez da inoiz noraezean ibili. Makilaka tratatu dituzte eta beti altxatu dira, inoiz erori ez den norbaiten asmo erabakiaz. Bigarren mailakoak izan direla pentsatu dute askok, eta horiei argitu nahi diet kontua: gustatu ala ez, historian zehar emakumeak protagonistak izan dira.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.