Minbiziari lotutako bakterio baten estrategia, agerian

Dibulgazioa · Kolaborazioak

E. colli bakterioaren andui zehatz batzuek kolon eta ondesteko minbiziarekin harremana dutela bazekiten zientzialariek, kolibaktina izeneko molekula genotoxikoa sortzen dutelako. Orain ikertzaileek argitu dute zein den kolibaktinak DNA apurtzeko erabiltzen duen mekanismoa.

Egunkari baten azalean zer albiste irakurtzea gustuko lukeen galdetzean, jende askok erantzun ohi du minbiziaren aukako sendabidea aurkitu dutela litzatekeela gustukoen irakurriko luketena. Izan ere, guztiz samingarriak dira minbizia eta horren ondorio latzak. Baina gaixotasun horren kontra ari direnek ondo dakite arras zaila izango dela lerroburu hori irakurtzea, gaixotasun bakarra baino, gaixotasun multzoa delako minbizia, eta zio asko egon daitezke tartean. Hortaz, aurrerapauso erraldoi bat baino, aurrerapauso ñimiño asko behar dira sendabidea topatzeko. Horietako bat egin berri dute, hedabideetan barra-barra zabalduko ez den arren. Aurrenekoz, zientzialariak gai izan dira ulertzeko DNA suntsitzeko eta minbizia abiatzeko gai den molekula kartzinogeno baten portaera, maila molekularrean.

1. irudia: Hesteetako ohiko anfitrioia da Escherichia coli bakterioa, eta normalean arazoak ematen ez baditu ere, andui batzuk gaixotasunak eragin ditzakete. Minbiziaren sorreran duen rola aztertzen dabiltza adituak. (Argazkia: NIAID, CC BY 2.0)

Oraingoan ere, Escherichia coli bakterio ezaguna dago tartean. Hamarkada inguru daramate ikertzaileek E. coli bakterioak sortutako konposatu baten eta kolon eta ondesteko minbiziaren arteko lotura argitzen saiatu nahian. E. coli-ren zenbait anduik sortzen duten kolibaktina da konposatu hori. Zehazki, 2006an frogatu zen bakterio horietako batzuek DNA kaltetzeko gai diren molekulak sortzen dituztela: DNA kateak apurtzen dituzte, eta horrek gene mutazioen kopurua igotzen du, tumoreak sortuta. Gizakietan, hesteetan halako bakteria asko izatearen eta minbiziaren arteko korrelazioa frogatu dute, eta arratoiekin egindako esperimentuetan ikusi dute bakterio horretako gene zehatz batzuk tartean daudela.

Prozesua ondo ulertzeko beharrezkoa zen konposatu hori isolatzea, baina, momentuz, ezinezkoa izan da hori lortzea, nahiko konposatu ezegonkorra omen delako. Dena dela, norabide horretan aurrerapauso garrantzitsua aurkeztu dute: ikertzaile talde bat prozesua nola gertatzen den argitzen saiatu da, konposatu horrek zehazki DNAri nola eragiten dion ulertzen saiatzeko. Emaitzak Science aldizkarian aurkeztu dituzte.

Zehazki, bakterioak sortzen duen kolibaktina tartean dagoenean DNAren aduktuak nola sortzen diren argitu dute. “Nire laborategian hau ikertzeari ekin genion, isolatu ezin den molekula bat ulertu nahi genuelako”, azaldu du, prentsa ohar batean, ikerketan parte hartu duen Emily Balskus ikertzaileak. “Eta kolibaktina ulertzeko aurreko lan batean guk eta beste hainbat lantaldek ezustean aurkitu genuen produktu natural honek ziklopropano-eraztuna duela”. Ikertzaileek susmatzen dute hau dela “arma” gisa kolibaktinak erabiltzen duen egitura kimikoa, beste hainbat molekulatan ere zuzenean DNA kaltetzeko gai diren antzeko egiturak daudelako.

2. irudia: Harvardeko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek aurrera eraman dute ikerketa, Emily Balskus biokimikariaren laborategian. (Argazkia: Kris Snibbe/Harvard)

Hau ikusita, estrategia berri bati ekin diote. Molekula bera isolatu beharrean, DNArekin erreakzionatzean sortzen diren aduktuak edo DNAren aduktuak beraiek ezaugarritzeari ekin diote. Ez da bide erraza izan, eta bereizmen handiko masa espektrografo bat erabili behar izan dute DNA aduktuak identifikatzeko. Horretarako, esperimentu bat prestatu dute: kolibaktina sortzeko moduko geneak zituzten zein gene horiek ez zituzten bakterio anduiak inkubatu dituzte; ondoren, masa espektrografoaren bitartez, ikusi dute zeintzuk izan diren andui bakoitzak sortutako aduktuak. Modu horretan, bereizi ahal izan dituzte genotoxinak sortzen dituzten bakterioen aduktuak eta besteak.

Hurrengo erronka aduktu horien egitura kimikoa argitzea izan da. Kolibaktinatik eratorriak zirela ematen bazuen ere, ez zuten biderik jakiteko zehazki horien egitura zein zen. Amore eman beharrean, sintesi kimikoaren aukera jorratu dute. Modu artifizialean aduktuak sortu dituzte, eta horiek zeluletan sortutako aduktuekin alderatu dituzte; orduan ikusi dute bi taldeak bat zetozela. Sintesiaren bitartez egindako proba horiek, gainera, animalia ereduetan ere probatu dituzte, eta ikusi dute bertan ere sortzen direla DNA aduktu horiek. “Horrek erakusten du guk eta beste hainbatek ex vivo egin dugun kimikak eta in vivo gertatzen diren prozesuek zerikusirik izan dezaketela”, azaldu du Balskusek.

Ikerketa artikuluaren iruzkin gisa idatzitako beste artikulu batean, Rachel M. Bleich eta Janelle C. Arthur ikertzaileek nabarmendu dute mikrobiotaren garrantzia minbiziaren aurkako irtenbideak bilatzerakoan. “Sistema gastrointestinalean dagoen mikrobiotak ehunka molekula txiki eta bigarren mailako metabolitoak sortzen dituztela uste da”, idatzi dute. “Ikerketa hau aurrerapauso garrantzitsua da ulertzeko kolibaktinaren izaera kimikoa eta haren jarduera kartzinogenoa”.

Ikerketaren arlo praktikoari dagokionez, espero dute aduktu hauek kolon eta ondesteko minbiziaren diagnosia egiteko baliagarria izatea, biomarkagailu gisa erabilita. Baina, seguruenera, etorkizunean prozesu osoa ulertzeak gaitzari aurre egingo dion atea irekitzen lagundu dezake. Momentuz, minbiziaren aurkako gerraren baitan kokatutako bataila txiki batean guda zelaia hobeto ikustea lortu da; ez da gutxi.

Erreferentzia bibliografikoa

Matthew R. Wilson et al., (2019). The human gut bacterial genotoxin colibactin alkylates DNA. Science, 363 (6428), eaar7785. DOI: 10.1126/science.aar778


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

  • […] Albiste itxaropentsua ekarri digu asteon Juanma Gallegok: aurrenekoz, zientzialariak gai izan dira ulertzeko DNA suntsitzeko eta minbizia abiatzeko gai den molekula kartzinogeno baten portaera argitzeko, maila molekularrean. Oro har, bazekiten E. colli bakterioaren andui zehatz batzuek kolon eta ondesteko […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.