Osasuntsu zahartzea, ariketa fisikoari esker

Tokian tokiko


Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, osasuna erabateko ongizate fisiko, mental eta sozialeko egoera bat da, ez gaixotasunik edo minik ez izatea soilik. Eta hiru eremu horietan ongizatea lortzeko bizitzako bilaketa horretan, ariketa fisikoak pisu handia du.

osasuntsu zahartzea
1. irudia: Jarduera fisikoak osasunean eragiten du eta ariketa fisikoko esku-hartze programak erreminta baliagarriak dira eragin hauek neurtzeko. (Argazkia: Pasja1000 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Ariketak garrantzia du hainbat eremutan: fisikoan –indarra eta egonkortasuna ematen ditu, oreka izaten laguntzen du–, sozialean –talde bateko kide izatearen sentipena areagotzen du–, eta baita mentalean ere –antsietate eta depresio mailak murrizten ditu, beste ondorio onuragarri batzuen artean–.

Era berean, jarduera fisiko erregular eta konstanteak bizi zikloaren etapa guztietan ditu eragin positiboak, baita zahartzaroan ere, eta zahartzearen ondorio negatiboak murrizten lagun dezake, adibidez: hauskortasun fisikoa. Faktore anitzeko sindrome bat da hori, nagusiki adinekoei erasaten die eta gertaera kaltegarriak izateko –erorikoak, ospitaleratzeak eta mendetasuna, baita heriotza ere– arrisku handiagoa eragiten die.

Ildo horretan, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko AgeingOn ikertaldea aspaldidanik ari da adinekoen hauskortasunari aurre egiteko hainbat tresna eta estrategia garatzen eta zahartze osasungarria eta estimulatzailea sustatzen, adinekoek, ariketa eta jarduera fisikoen bidez, beren bizi kalitate fisiko, sozial eta mentala hobetu ahal izan dezaten.

Adinekoen egoitzetan bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzeko programa

2015ean, adineko pertsona kalteberen bizi kalitatea hobetzeko, AgeingOn taldeak bere buruari galdetu zion ea adinekoen egoitzetan bizi diren pertsonek hauskortasunari buelta emateko gaitasuna zuten. “Ordura arte planteatu ziren ariketa fisikoaren inguruko azterlan eta programa gehienak komunitatean bizi ziren pertsonekin egin ziren, geriatrikoetan bizi zirenen pareko mendetasun mailetara iritsi gabekoekin”, azaldu du talde horretako kide eta EHUko Fisioterapia Saileko irakasle Ana Rodriguez Larradek.

“Gure hipotesia zen ariketa programa baten bidez pertsona horiek jasaten zuten narriadura geldiaraz genezakeela, baita haien egoera fisikoa, mentala eta soziala hobetu ere, eta, beraz, hauskortasunari buelta eman geniezaiokeela”.

Premisa horretatik abiatuz, taldeak egoitzetan bizi ziren adinekoei zuzendutako ariketa fisiko indibidual eta progresiboko programa berri bat diseinatu zuen. Rodriguez Larradek azaldu duenez, “programa hori baliozkotu egin behar zen eta, pertsona horientzat onura fisiko, mental eta sozial handiak izateaz gain, erorikoak eta hauskortasun maila murrizten dituela erakutsi du”.

Bideoan ikus daitekeen bezala, ariketa programa hori osagai anitzekoa da, hau da, oreka, indarra eta gaitasun aerobikoa modu konbinatuan lantzen ditu eta hiru ezaugarri nagusi ditu: indibidualizazioa, progresiboa izatea eta intentsitate ertaineko lana.

Lehenengo ezaugarria ariketa indibidualizatuko programa bat izatea da. “Parte hartzaileek askotariko ezaugarriak zituzten arren, alderdi sozialagatik taldean egitea interesatzen zitzaigun, nahiz eta modu indibidualizatuan egin, ariketak, intentsitatea eta gustuak parte hartzaile bakoitzari egokituz».

Bigarrena, programa honek ariketa fisikoa modu progresiboan egitea aurreikusten duela, “intentsitate txikitik handira, parte hartzaile bakoitzaren bilakaera errespetatuz”, adierazi du Rodriguez Larradek. Eta, azkenik, hirugarren ezaugarria intentsitate ertainetan lan egitea da. “Ordura arte, egoitzetan bizi ziren adinekoei zuzendutako programak beti intentsitate oso txikikoak ziren».

“Ikusi dugunez, programan parte hartu zuten pertsonek gaitasun funtzionala hobetzea lortu dute, maila fisikoan ez ezik, baita kognitiboan ere, eta, are garrantzitsuagoa dena, beren bizi kalitatea eta ongizatea hobetu dituzte, ariketa fisikoa egin ez zuten kontrol taldeko pertsonekin alderatuz. Era berean, pertsona horien erorikoen kopurua eta hauskortasun maila ere murriztu direla ikusi dugu”, azaldu du Rodriguez Larradek.

Laburbilduz, azterlanean parte hartu zutenengan ondorio onuragarriak izan zituen: indar handiagoa zuten, hauskortasunaren prebalentzia murriztu zitzaien, parametro kognitiboak hobetu zituzten –memoria, bizkortasun mentala, arazoen konponketa–, antsietate eta depresio mailak murriztu zitzaizkien, bakardadearen pertzepzioan hobera egin zuten, etab. Bitxia bada ere, kontrol taldearen kasuan ere, nahiz eta ariketarik ez egin, bakardadearen sentipena murriztu egin zen, maila txikiagoan bada ere. “Azterlanean parte hartzeak eta ikertzaileekiko harremanak –aldizkako balorazioak egiten zizkieten– azaldu dezakete hori”.

Programa hori Gipuzkoako 10 egoitzatan baino gehiagotan ezarri zen eta egoitzetako parte hartzaileek eta langileek harrera “ikusgarria” egin zioten. Halaber, zentro horietan bizi ziren 70 urtetik gorako 100 pertsonak baino gehiagok eta haien senideek parte hartu zuten. Saioak astean bi egunetan egiten ziren eta ordubete irauten zuten, beroketak, saioa bera eta lasaitasunerako itzulera barne hartuta.

Ariketa motei dagokienez, lehen esan bezala, parte hartzaileek nagusiki oreka, indarra eta gaitasun aerobikoa landu zituzten. “Indarra lantzeko, pisuak, halterak eta orkatilako babes lastadunak erabili zituzten; gaitasun aerobikoa lantzeko, ibilaldiak egin zituzten; oreka lantzeko, berriz, bestelako material batzuk erabili zituzten eta beste parte hartzaile batzuekin elkarrekintzan aritu ziren, eta hala, talde sentipena sortu zen”.

2. irudia: Ageing On taldeko ikertzaileak. (Irudia: UPV/EHU)

Urrutiko modalitateak

Pentsatzekoa denez, COVID-19ak eragindako pandemiak horrelako programak ezartzeko zailtasun handiak sortu ditu. “AgeingOn taldeko kideok lantzen ari ginen proiektu gehienak dagoeneko jarraipen fasean zeuden, baina egoitzetara sartu ahal ez izateak agerian utzi digu urrutiko modalitateko programak garatzeko beharra dagoela.

Ildo horretan, gaur egun, hainbat online proiektu diseinatzen eta abian jartzen ari da taldea, besteak beste, geriatriako laguntzaileentzako urrutiko ariketa planak. “Ikusi dugunez, talde horretan hezur eta muskuluetako minaren prebalentzia handia dago eta online modalitateek harrera eta jarraipen ona dute kolektibo horretan. Oraingoz, esperientzia pilotu bat da, baina feedback-ak itxaropen handia eragiten digu”. A posteriori, mota horretako programak egoitzetan bizi diren pertsonentzako urrutiko modalitatera egokitzeko asmoa dago.

Dela online modalitatean dela aurrez aurrekoan, gaixotasunen ondorioak murriztea ez baizik eta gaitasunak lantzea ardatz duten prebentzio estrategiek –horixe egiten du aipatutako programak–, adinekoei beren bizi proiektuarekin modu normalizatuan jarraitzen laguntzen diete. Hala, bizitzako etapa garrantzitsu horretan, zahartzaroan, haien autoestimua, bizi kalitatea eta ongizate sentipena hobetzen dira.

Ikertzaileaz:

Ana Rodriguez Larrad fisioterapeuta, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko Fisioterapiako irakaslea eta AgeingOn taldeko kidea da.


Egileaz:

Maria Larumbe kazetaria da.

21 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.