Asteon zientzia begi-bistan #438

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

estalki

Osasuna

Adinkeriari aurre egiteko modua ikertu du Erizaintza Fakultateko ikasleetan Bertitze San Martin UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak. Adinkeriak adinean aurrera doazenen aurkako diskriminazioa deskribatzen du, eta osasun arloan, arazoak dituztenean hauek aintzat ez hartzea eragiten du, besteak beste. Arazo hau aztertzeko helburuarekin, San Martinek aztertu zuen geriatria eta gerontologiari buruzko ikasgaien eta praktika klinikoak egin behar zituzten ikasleen jarrera, praktikak egin aurretik eta ostean. Hala ikusi zuen, erizaintzako ikasleek estereotipo negatibo eta aurreiritzien maila murriztu zutela praktikak egin ostean, baina medikuntzako ikasleetan berdin mantendu ziren. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Paleontologia

Metodo berri bat erabiliz, paleolitoko zintzilikario batetik erabiltzailearen genoma erauztea lortu dute Anatomia Ebolutiboko Max Planck Institutuan. Ikertzaileek azaldu dutenez, objektua sodio fosfatozko disoluzio batean sartu dute, eta tenperatura pixkanaka igotzen joaten dira. Horrela, hortz edo hezur zaharrean harrapatutako DNA disoluzioan askatzen da, eta sekuentziatzeko eta aztertzeko aukera ematen du. Teknika berritzaile honekin, Denisova haitzuloan aurkitutako zerbido-hortzeko zintzilikario batetik, uapiti baten eta antzinako gizaki baten DNA berreskuratzea lortu dute. Gizaki hori, gainera, duela 19000-25000 urte bizi izan zen emakume bat zela jakin ahal izan dute. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Ikerketa batek berretsi du Homo espezieek, eta bereziki Homo sapiensek, oso ingurumen-baldintza eta paisaia desberdinetara egokitzeko gaitasun handia zutela. Ondorio horretara iristeko, duela 3 milioi urte arteko biomen simulazioak egin dituzte eta sei hominino espezieren datu arkeologikoak erabili dituzte. Hala, homininoen migrazioetan eta adaptazioan landarediak, paisaiak eta ekosistemek nola eragin zuten aztertu dute, eta ondorioztatu ahal izan dute espezie bakoitzaren lehenespenak zeintzuk ziren. Gainera, emaitzek iradokitzen dute Homo espezieek aktiboki bilatu zituztela habitat-dibertsitate handiko inguruak, eta, bereziki, H. sapiensek, gaitasun handia zuela halako inguruneetara egokitzeko. Aurkikuntza honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Kimika

Onintze Parrak (1998,Bilbo) Ingeniaritza Kimikoko Gradua (UPV/EHU) ikasi zuen UPV/EHUn, eta ia bi urte daramatza Procat-Vares taldean ikertzen. Bere ikergaia CO2-a gasolina nola bihurtzeko metodoak aztertzean datza, katalizatzaileak erabiliz. Katalizatzaileak erreakzio kimikoak gertarazteko eta horien abiadura kontrolatzeko erabiltzen diren substantziak dira, eta Parraren kasuan, metal oxidoak eta zeolita izeneko katalizatzaile azidoak erabiltzen ditu. Orain arte eginiko probetan oso emaitza onak lortu ditu Parrak. Erreaktorera sartutako CO2-aren ia % 40 zenbait produktu bihurtzea lortu du, eta lortutako produktu horien % 75 gasolina izan da. Besteak beste, ekoiztutako gasolinaren propietateak hobetzea da orain helburua. Ikertzaile honi buruzko informazio gehiago Udako Euskal Unibertsitatearen webgunean aurki daiteke: Onintze Parra: “Erreaktorera sartu dugun CO2-aren ia % 40 zenbait produktu bihurtzea lortu dugu, eta horien % 75 gasolina izan da”.

Astronomia

Artizarran sumendi aktiboak daudela adierazten duen zantzua topatu dute duela urte batzuetako irudiak aztertuz. Magellan zundak 90eko hamarkadaren hasieran Maat Mons mendiaren hainbat irudi hartu zituen, eta otsailaren eta urriaren bitartean lortutako irudietan zenbait aldaketa hauteman dituzte. Zehazki, sumendiaren kraterretako baten tamaina eta forma aldatu dela egiaztatu ahal izan da, eta zientzialariek uste dute hor laba laku bat egon zitekeela. Beste azalpen alternatibo bat da krater horren handitzea hormen kolapso baten ondoriozkoa izatea, baina gure planetan mota eta tamaina horretako kolapsoak sumendien erupzio batetik hurbil egon ohi dira denboran, eta Maat Mons mendiak ez du ezaugarri hori betetzen. Datuak Zientzia Kaieran: Artizarrak sumendi aktiboak dituela dioen behin betiko froga?

Hizkuntzalaritza

Zahartzaroan geroz eta gehiago kostatzen zaigu hitzak topatzea hitz egitean. Hitzak dimentsio askotako sare zabal eta konplexuetan daude gordeta gure gogoan, eta auzokide semantiko eta fonologiko asko dituzten hitzek dentsitate handiko guneak eratu eta hutsarte gutxiko sare-guneak sortzen dituzte. Oraindik ez dago argi zein duten iturburu adinarekin sarbide lexikoan agertzen diren zailtasunek, baina ikerketek iradokitzen dute sare horren ehundura ahuldu egiten dela adinean aurrera egin ahala, eta hitzen arteko konexioak ahultzen direla. Euskal Herriko Unibertsitateko Gogo Elebiduna taldeak eta Ixa ikerketa taldeak gai horren inguruan ikertzen dihardute. Orain arte lortu dituzten emaitzek iradokitzen dute esanahien inguruko ezagutzak behera egiten duela urteen poderioz, eta horrek erlazioa izan dezake hitzak ez topatzearekin. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Arkitektura

Urmaela daukan estalki laua da estalki putzuduna, eta abantaila garrantzitsuak ditu eraikinaren kudeaketa termiko pasiboa hobetzeko. Klima lehorreko herrialdeetan erabili izan da batik bat, baina Euskal Herriko eraikinetan ere asko hedatu zen, gehienbat ingurune industrialetan. Dituen hainbat abantailen artean, estalki putzudunari esker eraikina hoztu edo berotu egin daiteke. Kanpoan beroa egiten duenean, estalki putzuduneko ura lurruntzen da, horrek urmaeleko energia hartzen du, eta, horrela, eraikineko barne-tenperatura jaistea lortzen da. Hotza egiten duenean, berriz, urak beroa mantentzeko gaitasuna du, eta, beraz, isolatzaile bezala jarduten du. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Estalki putzuduna, altxor ezkutua.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.