2010ean Munduko Osasun Erakundeak (MOE) adierazi zuen Mexiko zela munduko obesitate indize altueneko herrialdea. Ikerketen arabera 1985. urtetik hona, mundu mailako gizakien pisua 2,0 kg/m2 hazi da emakumezkoetan eta 2, kg/m2 gizonezkoetan. Indizea gora egiten ari dira mundu mailan, hirietan zein landa eremuetan eta herrialdeei kostu handiak sortzen dizkie bizi kalitatearen murrizketa dela eta.
Gantz eduki handiagoak dituzten produktuak jaten ditugu gaur egun, eta mugimendu fisiko txikiko lan eta bizimoduak dauzkagu. Baina zergatik jaten ditugu elikagai batzuk eta ez besteak? Zergatik ez dugu osasuntsu jaten? Galdera hori erantzuten duen ikerlana bideratu du María Elena Pérez Ochoak, Basque Culinary Centerreko irakasleak “El placer de comer: una mirada biopsicosocial” tesiaren bidez. Ikertzaileak egindako lanaren arabera, elikagai osasuntsuen kontsumoa eta horri dagokion portaera zentzumenek eta ingurunearen eraginak baldintzatzen dute.
Elikagaiak hartzea edo ez hartzea gure zentzumenek eta kultura iragazkiek sortutako portaeraren mende dago, eta portaera horretan zeresan handia dute, besteak beste, ohiturek, jarrerek, emozioek, sinesmenek eta sentsazioek. Izan ere, “Ikusmen eta dastamen estimulazioak plazer zentroekin lotutako garunaren guneen aktibazioa errazten du, eta, horrela, elikagaiak hartzera bideratzen da motibazioa”, dio Elena Pérez ikertzaileak. Hau da, homeostasia mekanismoek (autoerregulazioarekin lotutakoek) eta hedonikoek (plazera helburu dutenek) eragiten diote gure aukeraketari eta bien arteko harremanak zehazten du noiz, zer eta zenbat jaten dugun.
Plater batek duen itxuraren arabera, elikagai hori edo beste bat hartzeko portaera garatzen da. Ikusten dugunak, usaintzen dugunak, sentitzen dugunak edo entzuten dugunak baldintzatu egiten du portaera osasuntsua eta tartean sartzen da kaloria kontsumoarekiko erantzuna.
Oro har, ikerketa honek erakusten du elikagaiak aurkezteko moduak emozioak (esaterako, poztasuna, tristura eta nazka) eta jarrerak (zaporetsu itxura hartzea, loditu egiten duela pentsatzea) aktibatzen dituela kontsumitzaileongan, eta horrek baldintzatu egiten gaituela jango duguna aukeratzerakoan. Baldintzatzaile horiek, batzuetan, garrantzitsuagoak dira elikagaien kaloriak eta nutrizio balioak eurak baino. Egunerokotasunean, badirudi elikagai osasuntsuen aukeraketa kolokan jar dezaketela konstruktu horiek. “Panorama hori ikusita, gero eta beharrezkoagoa da elikadura autoerregulaziora bideratutako estrategiak sortu ahal izatea ikuspegi biopsikosozialetik”, aipatu du Elena Pérezek.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Zentzumenekin lotutako alderdiek eta kultura iragazkiak zehazten dute noiz, zer eta zenbat jaten dugun.
Erreferentzia bibliografikoa:
Pérez Ochoa, María Elena (2019). El placer de comer: una mirada biopsicosocial. Doktorego-tesia, UPV/EHU.
2 iruzkinak
[…] Zientzia Kaiera / 2019-11-11 / 348 hitz […]
[…] Oro har, mundu mailan gizakien pisuaren indizea gora egiten ari da. Zergatik jaten ditugu osasuntsuak ez diren elikagaiak? Badirudi galdera horri erantzun nahi izan diola María Elena Pérez Ochoak, Basque Culinary Centerreko irakasleak bere tesiaren bidez. Bere ikerketaren arabera […]