Erresistentzia anitzeko bakterioen aurka ez dago antibiotiko berririk

#KZJaia · Kolaborazioak

Ebola-agerraldiak berriz ekarri du birus-pandemien beldurra albisteetako izenburuetara, duela urte batzuk hegazti edo txerri-gripearekin gertatu zen bezala. Birusek eragindako infekzioak dira komunikabideen arreta gehiena erakartzen dutena, baina gizakion osasunerako arriskurik handiena bestelako mikroorganismoengandik dator, antibiotiko askorekiko erresistentzia garatu duten bakteriongandik hain zuzen ere.

Birus-agerraldien kasuan ez bezala, erresistentzia anitzeko bakterioen arriskua erloju-bonba motakoa da, poliki baina etengabe aurrera darraiena. Mikroorganismo hauek eragindako infekzioak sendatzea gero eta zailagoa da, eta geroz eta luzeagoa den akronimoen zerrenda da horren adierazle: MRSA, ingelesez methicillin-resistant Staphylococcus aureus izendatzeko erabilia, MDR-TB (Multidrug-resistant tuberculosis), VRE (Vancomycin-resistant Enterococcus), MRAB (Multidrug-resistant A. baumannii) etab. Antibiotiko hauek hiltzen ez dituzten azpipopulazioen aurka bigarren edo hirugarren mailako antibiotikoak erabili behar dira, ez hain eraginkorrak eta maiz ez hain seguruak. Baina antibiotiko berrien urritasunaren ondorioz, aurki ager litezke antibiotikoek ezin hil dezaketen anduiak, erresistentzia anitzekoak beraiek. Horra kezkagarriena.

1. irudia. Metizilinarekiko erresistenteak diren Staphylococcus aureus (MRSA) eta giza neutrofilo hilearen SEM mikrografia. (Argazkia: NIAID, Flickr)
1. irudia: Metizilinarekiko erresistenteak diren Staphylococcus aureus (MRSA) eta giza neutrofilo hilearen SEM mikrografia. (Argazkia: NIAID, Flickr)

Antibiotikoak gizakion osasuna zaintzeko eskuragarri ditugun botikarik eraginkorrenetarikoak dira, baina erabiltzen diren bakoitzean eboluzio-presio eragiten dute jomuga duten bakterioengan. Horietako bat biziraunez gero, erresistentzia eman dien mutazio genetikoak beste bakterioei helaraz diezazkioke. Horregatik, medikuek antibiotiko-tratamenduak betetzea aholkatzen dute nahiz eta lehenago osatuta sentitu. Zoritzarrez, hau ez da beti gertatzen eta, larriagoa dena, antibiotikoen erabilera ezegokia ez dago soilik kasu honetara mugatuta: herrialde askotan oraindik antibiotikoak agintzen dira birusak eragindako infekzioen aurka. Hauek ez dituzte birusak hiltzen eta, ondorioz, ez dute gaixotasuna sendatzen. Gainera, gerora bakterioak eragindako infekzioa pairatzeko aukerak handiagotzen ditu.

Zentzugabekeria axolagabekeria bihurtzen da industriek antibiotiko kopuru itzelak ingurunera isurtzen dituztenean. Adibidez, ikerketa batek aurkitu zuen ziprofloxazin antibiotikoaren 45.000 dosiren baliokidea isurtzen ari zirela ibai batera egunero. Gutxi balitz, antibiotiko ugari ematen zaizkie ganadu eta arrainei, hazkundea sustatzeko. Ondorioz, erresistentzia tasak gero eta handiagoak dira munduan eta erresistentzia-mekanismo berriak agertzen ari dira.

Orain arte, antibiotiko berriak garatu dira eragina galdu dutenak ordezkatzeko. Egun, aldiz, nahiko antibiotiko berririk ez dago oraingo armategia berritzeko, eta hau eraginkortasuna galtzen ari da. Enpresa farmazeutiko nagusiek antibiotikoen ikerkuntza bertan behera uztearen ondorioz, antibiotiko berrien garapena gelditu egin da.

2. irudia. FDAk onartutako antibiotikoen kopurua 5 urteko denboraldietan. (Argazkia: Myers et al. (2014)1)
2. irudia: FDAk onartutako antibiotikoen kopurua 5 urteko denboraldietan. (Argazkia: Myers et al. (2014)1)

Bestalde, egun erabiltzen ari diren antibiotikoak aspaldiko ikerkuntza zientifikoaren ondorio dira: 1987. urtetik antibiotiko mota berririk ez da aurkitu.

3. irudia. Antibiotiko mota desberdinen aurkikuntza denbora-lerroa (ez nahastu merkaturatze-datarekin). (Argazkia: World Economic Forum2)
3. irudia: Antibiotiko mota desberdinen aurkikuntza denbora-lerroa (ez nahastu merkaturatze-datarekin). (Argazkia: World Economic Forum2)

Irudi honek ondo islatzen du antibiotikoen historia. Flemingen aurkikuntza iraultzailea, penizilina alegia, antibiotikoen garaiaren hasieratzat jo ohi da, 1928an. Hala ere, lehenengo antibiotikoak mende hasierakoak dira. 1909an Salvarsan, bakterioen aurkako lehenengo medikamentua, aurkitu eta sifiliaren aurka erabili zen. Lehenengo antibiotikoak, organoarsenikoak eta sulfonamidak, erabat sintetikoak ziren, hau da, laborategian prestatukoak.

Flemingen aurkikuntzak arreta laborategitik naturara aldatzea eragin zuen, onddoetara zehazki. Bera ohartu zen Penicillium chrysogenum espezieak ekoiztutako substantzia batek bakterioen aurkako aktibitatea zuela, eta penizilina deitu zion substantziari. Hala eta guztiz ere, urteak igaro ziren penizilina ospitalera iritsi arte. Bigarren mundu-gerrak utzitako milaka zaurituak sendatzeko beharra penizilina garatzeko akuilu izan zen eta, helburu horretara, dirutza bideratu zen. Bai sintesi kimikoa bai onddoen bidezko hartziduraz frogatu ziren, baina lehenengoak huts egin eta penizilina onddoak andel erraldoietan haziz eskuratu zen.

Hurrengo urteetan, jatorri naturaletatik dozenaka molekula berri aurkitu ziren: estreptomizina, tetraziklina eta eritromizina, batzuk aipatzearren. Onddoek sortutako molekula eraginkor hauek gaixotasun asko sendatzea ahalbidetu zuten, baina desabantaila batzuk ere bazituzten. Hartzidura bidez eskuratutako antibiotikoen transformazio kimikoak eraginkortasun, segurtasun eta bioeskuragarritasun handiagoak ahalbidetu zituen. Hartzidura eta sintesi kimikoaren konbinazioak, semisintesia izenez ezaguna denak, antibiotikoen urrezko aroari hasiera eman zion, 1960.eko hamarkadan.

Gauzak horrela, AEBtako gobernuko osasun-buruak hurrengoa esan zuen: “Garaia da infekzioen liburua itxi, kutsakortasunaren aurkako guda irabazitzat eman eta nazioaren baliabideak minbizi eta bihotz-gaixotasunetara bideratzeko”. Jakina denez, oker zegoen. Bakterioak, lurrean 109 urtez bizi izan direnak, erasoari aurre egin zioten antibiotikoak ekiditeko mekanismoak garatuz. Lehen esan bezala, antibiotiko dosi bakoitzak efektu bikoitza dauka: alde batetik, bakterioak hiltzen ditu, baina bestetik, bizirauten dutenek erresistentzia gene horiek transmiti ditzakete. Hori da antibiotikoen paradoxa: era batean, bakteriorik arriskutsu eta erresistenteenak selekzionatzen ari gara.

Halere, horrela izan da beti eta orain arte, antibiotiko berriak aurkitzeko gai izan gara. Farmako baten ikerkuntza eta garapen prozesua oso garestia da, eta konpainia farmazeutikoek haien inbertsioa berreskuratzea espero dute. Haatik, antibiotikoen kasuan ez da horrela izaten, hauek denboraldi motzerako errezetatu ohi baitira. Gaixotasun kronikoek (hipertentsioa edo diabetesa) edo minbizia sendatzeko medikamentuek, ostera, etekin gehiago jasotzeko aukera dute. Gutxi balitz, antibiotikoen kasuan, berrienak ez dira berehala erabiltzen, eta ostera, azken aukera gisa gordetzen dira, besteak eraginkorrak ez direnerako. Osasunaren ikuspegitik zentzuduna izan arren, antibiotikoa garatu zuen konpainiak urte gutxiago ditu esklusiboki merkaturatzeko, (patentea amaitu arte) eta ondorioz, salmenta gutxiago. Laburbilduz, industria farmazeutikoak antibiotikoen merkaturatzetik ez du etekinik ateratzen eta beraz, haien ikerkuntza eta garapena pixkanaka-pixkanaka beheraka doaz.

Unibertsitateetan oinarritutako ikerkuntza ez da nahikoa bere kabuz antibiotikoen aurkikuntza aurrera eramateko. Konpainia biofarmazeutiko txikiak, egun antibiotiko berri gutxien garapenaren motorrak, zailtasunak aurkitu ohi dituzte saiakuntza klinikoen kostu altua dela eta. Zalantzarik gabe arazoa ekonomikoagoa da, zientifikoa baino. Hainbat estrategia aipatu dira horri aurre egiteko: sektore publikoa eta pribatuaren arteko lankidetza, antibiotikoen garapenerako pizgarriak, filantropia etab. Guztiak bat datoz muinean: inbertsio gehiago. Benetan beharrezkoa da antibiotikoen armategia berriz bete nahi badugu. Bestela antibiotikoen aurreko garaiera itzuli gintezke, eta, orduan pneumonia hartzeak ia ziur heriotza zekarren.

Post-data: Itxaropena ez da galdu behar, eta honen adibidea da, urtarrilaren hasieran iragarri duten antibiotiko berri baten aurkikuntza. Lurreko bakterio gehienak ez dira erraz laborategiko kondizioetan hazten. Ba, ikertzaile talde bat, metodo bereziak erabiliz, zoruko hainbat bakterio mota hazteko gai izan da. Horietan antibiotiko berri bat aurkitu dute eta “teixobaction” izena eman diote. Momentuz, ez dituzte antibiotiko honekiko erresistenteak diren Staphylococcus aureus bakterioak aurkitu.


Egileaz: Pablo Ortiz Farmazian lizentziatua da eta egun, Groningen Unibertsitateko Stratingh Institute for Chemisty-n doktorego-tesia egiten ari da.


“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

kzjaia3

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.