Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (1): Gezurrak baztertuz, zenbakiaren bila

Dozena erdi ariketa eta datu interesgarri

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure lehenengo ariketa: Gezurrak baztertuz, zenbakiaren bila.

Anartz, Gari eta Mikel zifra biko zenbaki batez ari dira. Bakoitzak egia bat eta gezur bat esaten ditu.

  • Anartzek: “bikoitia da eta 3ren multiploa”.
  • Garik: “3ren multiploa da eta azken zifra 5 da”.
  • Mikelek: “5en multiploa da eta zifren batura 12 da”.

Zenbat balio desberdin har ditzake zenbakiak? Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!

zenbakiaren
(Argazkia: fotoblend – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.


Ariketak “Calendrier Mathématique 2022. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

2 iruzkinak

  • Kaixo!
    Zeinen ongi Javiren ariketak itzuli direla! Orain bai udan gaudela!

    Ariketari dagokiola, demagun Anartzen egia zenbakia bikoitia dela. Ondorioz, Gariren egia izango litzateke zenbakiaren azken zifra 5 dela. Hori posible ez denez (tira, ezagutzen ditudan matematiketan, behintzat), Anartzen eta Gariren egia zifra 3ren multiploa dela da. Mikelen aukerak dira 5en multiploa izatea (baina ezin denez 5z bukatu eta 0z bukatzen bada bikoitia izango litzateke) eta 12 batzea, ba azken hau izan behar du egia halabeharrez.
    Hortaz, 12 batzen duten (inplizituki 3ren multiploa) bikoitia eta 5en multiploa ez diren 2 zifretako zenbakien bila gabiltza: 39, 57 eta 93.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.