Nordikoek ez dute beti ondo jarduten, ezta?

Dibulgazioa · Mugaldea

Duela hile batzuk, berri jakingarri bat agertu zen hainbat hedabidetan: Finlandia eskuzko idazkera erakusteari uztekotan dabil. Zer esanik ez, eztabaida sutsua sortu zuen berri honek, eta entzute handikoa gertatu zen munduan zehar.

Los-nordicos-no-siempre-hacen-las-cosas-bien-o-si

Ez da harritzekoa eztabaida hori, zientziak agerian utzi baitu estuki loturik doazela eskuzko idazkera eta irakasketa-garapen orokorra. Badakigu umeek azkarrago ikasten dutela irakurtzen, aurretik idazten ikasi badute. Areago, idazten ikasi badute, hobeto bereganatzen dute informazio berria, eta errazago sortzen dituzte ideia berriak. Izan ere, idazten dugun hori ez ezik, hori idazteko modua ere garrantzitsua da.

2. irudia: Letra etzana
2. irudia: Letra etzana

Eskanerra erabiliz, zientzialariek ikusi dute burmuinak idazteko behar diren mugimenduen bidez errekonozitzen dituela hitzak irakurketan. Areago, egiaztatu da eskuz idazteari espezifikoki loturik dagoen neurona-prozesu bat aktibatzen dela.

Zehazki, laborategi-saio batean ume batzuei hainbat letra erakutsi zizkieten. Haurrak oraindik idazten ikasi gabe zeuden, eta hiru era eskaini zitzaizkien letra horiek irudikatzeko: puntu-lerrodun paper batean marraztu, paper zurian marraztu, eta ordenagailu bidez idatzi.

Gero, eskaner bat egin zitzaien, eta berriz erakutsi zitzaizkien letrak. Oso ondorio interesgarriak lortu ziren: Letrak paper zurian eginda, jarduera trinkoagoa sumatzen zen nagusiek idaztean eta irakurtzean aktibo izaten duten hiru burmuin-zonalde berberetan: atze kortex parietala, ezker zirkunboluzio fusiformea eta behe bira frontala. Jarduera askoz ere motelagoa zen letrak beste era batera egin zituzten beste ume guztiengan.

Zientzialariek diote emaitza hauek agerian uzten dutela burmuina praktikaren bidez eraldatzen dela, eta hainbat eta askatasun gehiago emanda, hainbat eta aldaketa handiagoa gertatzen dela. Halaber, zientzialariek ikusi dute hobeto ikasten dituztela letrak, ordenatu gabe daudenean.

3. irudia: Inprentako letra
3. irudia: Inprentako letra

Beste ikerketa batek agerian utzi du burmuin-patroi desberdinak dituztela eta era beran ondorio desberdinak lortzen direla letra larrien bidezko idazkeran, letra etzanaren erabileran eta teklatu bidezko idazkeran. Horrela, testu bat eskuz idatzi zutenean, teklatu baten bidez idatzi zutenean baino hitz gehiago eta are ideia gehiago ekoitzi zituzten. Oroitzapen bati buruz idazteko eskatu zitzaienean, areagotu egin ziren hitz eta ideia-ekoizpenak. Gainera, testu baterako ideiak emateko eskatu zitzaienean, kaligrafia hobea zutenek, neurona-jarduera nabarmenagoa erakutsi zuten bai lan-oroimenarekin zerikusia zuten zonaldeetan, bai eta idazketa eta irakurketarako neurona-sareetan ere.

Baliteke desberdintasun bat egotea, baita letra larrien bidezko idazkeraren eta letra etzanen artean ere. Adibidez, burmuinaren zauri baten ondorioz disgrafia bat gertatzen denean (hau da, idazketarako ahalmenaren jaitsiera bat eragiten denean), gizaki batzuetan antzera mantentzen da letra etzanaren bidezko idazketa-ahalmena, baina beste batzuengan, letra larrien bidezkoa da ondo mantentzen dena. Horrela bada, pentsa liteke bi idazkerek burmuin-sare desberdinak aktibatzen dituztela, eta bietarako uste baino kognizio-baliabide gehiago erabiltzen direla.

Urrunago joanda, letra etzanaren bidezko idazkeraren ikasketak beste idazketak baino gehiago entrena lezake autokontrola. Ikerlari batzuen ustetan, dislexia tratatzeko era bat izan daiteke letra etzana.

Zorionez, pozgarria da Finlandiak bere asmoak argitu izana: gaizki-ulertu bat egon zen. Izan ere, 2016.ean ikasten hasiko diren haur finlandiarrek, ez dituzte halabeharrez letra etzanak ikasi beharko, baina ikasgai izango dute, bai, letra larrien bidezko idazkera.

Letra etzanak elkarrekin lotuta idazten dira baina ez da horrela egiten letra larrien kasuan. Lehengoak bada, trazu biribilagoak egitea ahalbidetzen du, eta bigarrenak, testu ordenatuago eta garbiagoak gauzatzen ditu. Hala ere, letra larrien bidezko idazketa honek, nortasun apalagoko ondorioak ematen ditu, aditu batzuen ustez.

Finlandiako hezkuntza-saileko arduradunek bada, asmoa dute ohiko kaligrafiari denbora bat kendu eta mekanografiari emateko. Izan ere, mekanografia lagungarriagoa gertatuko zaie bere “lan-bizitzan”. Nonbait, pentsatzen dute une jakin batetik aurrera testu guztiak idazten ditugula ordenagailuan, eta beraz mekanografia garrantzitsua da oso. Ikusi beharko honek populazioari dakarkion onura zein den.

Erreferentzia bibliografikoak

Karin H. James, Laura Engelhardt (2012) ‘The effects of handwriting experience on functional brain development in pre-literate children’. Trends in Neuroscience and Education, Volume 1, Issue 1, December 2012, Pages 32–42. doi:10.1016/j.tine.2012.08.001

Berninger VW, Abbott RD, Jones J, Wolf BJ, Gould L, Anderson-Youngstrom M, Shimada S, Apel K. (2006) ‘Early development of language by hand: composing, reading, listening, and speaking connections; three letter-writing modes; and fast mapping in spelling’. Dev Neuropsychol. 2006; 29(1):61-92


Egileaz: Maria José Moreno (@mariajo_moreno) kazetaria da.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.