Egunero zientzia eta teknologia dugu hizpide Zientzia Kaiera blogean. Ikerketak, pil-pilean dauden gaiak, argitalpenak, zientziaren historiaren pasarteak, zientzialariak eta beste hainbat dira protagonistak. Horrez gain, egon badaude inguruan tentuz erreparatzea merezi duten zientziaren historiako bestelako protagonistak.
Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko blogak ibilbide luzea du lan honetan. Urteak daramatza zientziarekin lotuta dauden hamaika datu, kontu eta istorio zabaltzen. Haren ildoa jarraituz, horrelakoak ekarriko ditu ostiralero gure blogera Uxune Martinez dokumentalistak. Ezagutzen ez ditugun bitxikeriei tartea ematea du helburu Dozena erdi datu interesgarri atalak. Informazio dosi txikiak eta freskagarriak udarako.
Hona hemen gure hirugarren datu interesgarria: Automobila, Art Déco
Estereotipoek ez dute bide zuzena erakusten. Egun, autoekiko zaletasuna gizonezkoen kontu esklusibo dela da nagusi eta atzera begiratuz gero ikusiko dugu automobilak emakumeen kontua direla ere. Mercedes-Benz auto-etxea ez zer berdina izango Bertha Benzek ausardiarik gabe. Berthak egin zuen automobilez egin den distantzia luzeko lehen bidaia. 1888. urtean izan zen eta gidatu zuen autoak ez zuen haizetakorik.
XX. mendearen hasieran bidean egoten ziren harrien kolpeetatik babesteko lehen haizetakoak jarri zizkieten autoei baina erremedioak ez zuen emaitza onik izan, harri edo bestelakoen inpaktuek txikitu egiten baitzituzten.
1903. urtean laborategian lanean zegoela Edouard Benedictus kimikariari matrazea erori zitzaion lurrera eta milaka zatitan apurtu bazen ere, ez zen puskatu, ia osorik gelditu zen. Atentzioa bereganatu zuen honek eta ikusi zuen matrazeak geruza garden mehea zuela barnean. Geruza horri itsatsita gelditu ziren beira-puskak. Ohartu zen matrazean kolodioia eduki zuela baina zabalik itxi zuenez, hau lurrundu eta geruza hura sortu zela. Gertatutako ahaztu egin zuen zientzialariak egunkarietan irakurri arte zenbatekoak ziren auto istripuetan haizetakoen eta leihatilen apurketek sortzen zituzten kalteak.
Lanean hasi zen kimikaria segurua zen beirazko xafla bat sortzeko asmoz. Eta lortu zuen. 1909. urtean patentatu zuen “triplex”-a. Beraizko bi xaflen artean zelulosazko lamina bat jarri zuen eta beroaren bidez elkarlotu zituen, inprentako prentsa baten laguntzarekin. Horrela sortu zen lehen segurtasunezko beira-xafla. Triplex izena eman zion ogitarteko baten antzeko diseinua zuelako eta hori dugu egungo automobilen haizetakoen oinarria.
Edouard Benedictusen asmakizuna sasoiko aurrerapen teknologikoa izan zen, berritzailea eta modernoa. Kimikariak diseinua eta artea maite zituen baina familiak artea albo batera uztera behartu zuen, ez omen zelako ganorazko arloa gizonezkoentzako. Hala ere, Lehen Mundu Gerraren ostean E. Benedictus kimikariak zientziaren bidea baztertu zuen artean murgiltzeko.
Art Déco estiloko jantziak, antzezlanetako dekoratuak eta etxerako ehunak diseinatu zituen. Art Déco diseinuak forma geometrikoetan oinarritzen dira eta honen inspirazio iturrietako bat izan zen XX. mende hasierako teknologia: automobilgintza, makina aerodinamikoak eta abar. Edouard Benedictusek jantzia zegoen gai haietan eta haizetako seguruak sortzeko prozesua lagungarria izan zitzaion geroko diseinu modernistak egiteko.
Bitxia bada ere automobila Art Déco estiloaren objektu preziatua bihurtu zen, bera baitzen aurrerapen teknologikoaren ametsa egi bilakatuta. Sasoi hartako kotxeek forma aerodinamikoak zituzten, jaurtigai itxura zuten eta, alboetan apaingarri gisa, ildaska paraleloak zituzten abiadura adierazteko (goiko irudian azaltzen den bezala).
Nork esango zuen diseinu estilo batek teknologia izango zuela eredu eta ikono, ezta?
Amaitzeko, beste datu interesgarri bat. 1962. urtean Zaragozako Nazar enpresak autobusetarako haizetako berritzaile bat sortu zuen. Ia 180º gradu zituen bi zatitako hazietakoa garatu zuen. Modelo hau Nazar Txori Urdina izeneko autobusean kaleratu zen lehen aldiz eta gidarien ikuseremua handitzen lagundu zuen, garraioaren segurtasuna handituz. Hau da egungo autobusek dutenaren oinarria.