Umetxoak mundura ekartzea historia osoan zehar (eta munduko toki askotan gaur egun ere) emakume batek egin dezakeen gauzarik arriskutsuenetariko bat izan da, eta emakumeek ia ez zeukaten hori ekiditeko modurik. Erditzean hiltzea ez hiltzea bezain gertagarria zen, gertagarriagoa ez bazen. Arrazoiak askotarikoak ziren: gaizki jarrita zegoen eta atera ezin zen umetxoa, odol ugari galtzea, erdiondoko infekzioak…

Sepsia edo erdiondoko sukarra zen XIX. mendean Europan erdiberriak hiltzeko arrazoi nagusietako bat, hein handi batean higiene falta orokorragatik, eta, zehazki, erditzen laguntzen zuten profesional medikoen higiene faltagatik. Gaur egun oso zaila da imajinatzen; eremu kliniko eta medikoetako higiene estandarrak finkatuta daude eta ziurtzat jotzen dira. Hala ere, estandar horiek, azken batean, oinarri dute ulertu dugula gaixotasun infekziosoak patogeno, birus eta bakterioek sortzen dituztela, organismoa infektatu eta gaixotzen baitute. Berriz ere, aipatu behar dugu gaur egun ziurtzat jotzen dugun hori ez zela beti horrela izan.
Anna Kulishova anarkista eta mediku iraultzaileak bere bizitza sukar puerperalaren jatorri bakteriologikoa ulertzera bideratu zuen. Berak egindako lan hori lehenengo urratsa izan zen hamarkada batzuk beranduago erditu ondoren milaka emakumeren bizitza salbatu zuten jardunbide higienikoak sustatzeko. Halaber, bere gaitasun medikoak eta humanoak Milango klase langileen zerbitzura jarri zuen, auzo txiroenetan langileak artatu eta horien bizi kalitatea hobetu baitzuen. Eta hori guztia egin zuen jarduera politiko eta iraultzaile sakona sustatzen zuen bitartean; izan ere, Italiako Alderdi Sozialistaren sortzaile eta adierazleetako bat da, eta emakumezkoen sufragioa defendatu zuen.
Memoria ona eta gaitasun logiko handia
Anna Kulishova Anna Kuliscioff izenez ezaguna zen, eta Anja Rosenstein izena zuela jaio zen Krimean (gaur egun Errusiak okupatzen duen Ukrainako eremuan), 1855eko urtarrilaren 9an, merkatari judutarren egoera ekonomiko oneko familia batean. Memoria ona eta arrazoiketa logiko eta zehatzerako gaitasun nabarmena zuenez, bere gurasoek tutore pribatuekin ikas zezan sustatu zuten. Aurrerago, Züricheko Unibertsitatean (Suitza) filosofia ikastera animatu zuten, eta bertara joan izan behar zuten Errusiako tsarrak alde egitera behartu baitzituen.

Europako erdialdean unibertsitateek emakumeak onartzen zituzten, eta pentsamendu librea sustatzen zuen eremu horrek Kulishovaren ideiak ahalbidetu zituen; beraz, laster gizartearen erronketan parte hartzen hasi zen. Zürichen beste herrialde batzuetako exiliatu politiko ugari bizi ziren, eta ideia anarkistetan murgildu zen. Ikasketak utzi egin zituen azkenean eta 1873an Pyotr Marcelovich Macarevichekin ezkondu zen, gizarte maila altuko iraultzailea zena. Biak batera Errusiara bueltatu ziren, eta bertan talde iraultzaile desberdinekin harremanetan jarri ziren, lehenengo Odesan eta gero Kieven. 1874an senarra bortxazko lanak egitera behartu zuten eta beranduago espetxeratuta hil egin zen. Hain ondo ezagutzen zuen Errusiako autoritarismoari aurre egiteko, Kulishovak, gaztea zenean, indarkeria borroka politikoaren baitan baliatzeko beharra defendatu zuen, eta denborak aurrera egin ahala izartu egin zen.
Anarkismoa eta espetxea
Atxilotua ez izateko, Kulishovak ihes egin zuen, eta klandestinitatean bizi izan zen hiri desberdinetan. Batzuetan parke eta kaleetan abesten zuen bizimodua ateratzeko. Kieven nekazariak altxatzera animatzen zituzten talde iraultzaileekin bat egin zuen, eta agintarien aurkako indarkeriazko ekintzak egiten zituzten. Bere lagunak atxilotu zituztenean, berriro ere ihes egin zuen. 1977an Errusiatik alde egin zuen pasaporte faltsu bat erabilita eta Parisen lekukotu zen. Bertan edozein estatu formaren abolizioa eskatzen zuen talde anarkista batean sartu zen. Garai horretan lehenengo aldiz Kuliscioff izena erabili zuen, behintzat dokumentu bidez frogatu ahal dela.
Ordenaren indarrak beti atzetik izan zituen, eta atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Azkenean Ivan Turgenev idazle errusiarraren laguntzari esker askatu eta Frantziatik kanporatu zuten. Italiara joan zen, eta bertan aurretiaz harremana izandako talde anarkistako beste kide batekin bildu zen. Jarduera iraultzaileei berriro ekin eta 1879an berriro atxilotu zuten; estatuaren aurka konspiratu izana leporatu zioten, eta epaitu eta 13 hilabetez espetxeratu zuten.
Askatu zutenean, bikotekidearekin Luganora (Italia) joan zen. Bertan ideologia anarkista nabarmeneko argitalpen bat kaleratzen saiatu ziren, eta berriro ere atxilotu zuten. Espetxeratuta egon zen bitartean, tuberkulosia erantsi zitzaion eta hezurretako gaixotasun larri bat eragin zion.
Zerk eta nola hiltzen ditu emakumeak erditu ostean
Bere jarrera politikoki progresista bazen ere, bere bikotekidea gizon tradizionala eta matxista zen, eta azkenean Annak abandonatu egin zuen Bernara (Suiza) medikuntza ikastera joateko, bikotekidea aurka izan arren. 1884an, osasun arazoak zirela medio, Napolesen jarraitu zuen bere ikasketekin. Hurrengo urtean lizentziatu zen, ginekologian eta obstetrizian espezializatzeko bi ikastaro osagarri egin ostean.

Bere argitalpen zientifiko bakarra lizentziatura tesia izan zen, sukar puerperalari buruzko azterlan bat. Urte batzuk lehenago milaka emakume hiltzea eragiten zuen jatorri infekziosoko gaixotasun horren jatorria deskubritu eta argitaratu zen, eta geroztik hura eragiten zuten patogenoak identifikatzen saiatzen ari ziren. Kulishovak patogeno horien ezaugarriak isolatu, deskribatu eta zehaztu zituen, eta bere hipotesiaren arabera, ez zuen streptococcus bakterioak sortzen, Louis Pasteurrek proposatu bezala, beste bakterio mota batzuek baizik. Gaur egun badakigu Kulishovak neurri handi batean arrazoi zuela, sepsi puerperala honako patogeno hauek eragiten baitute nagusiki: Streptococcus agalactiae, Streptococcus pyogenes edo Escherichia coli; izan ere, erditzean kanpotik traktu genitalera sartzen ziren eta infekzioa sortzen zuten.
Higiene falta orokorra zein erditzen laguntzen zutenen eskuetako higiene falta, eta egungo antibiotikorik ez izateak, milaka emakumeren heriotza eragiten zuen ezinbestean. Urte batzuk beranduago, higiene estandar egokiak ezarri zirenean, emakume ugarik patogeno horiek saihestu zituzten. Kulishovaren egitekoa urrats garrantzitsua izan zen hori lortzeko bidean.
Doktoratu ostean, kontsulta txiki bat ireki zuen Milanen, emakumeei eta baliabiderik ez zeukatenei arreta emateko; hala ere, handik gutxira itxi egin zuen, bere osasun egoera delikatuagatik eta aktibismo politikoan zentratu nahi zuelako.
Klase feminismoa
Kulishova feminismoaren ahots nagusietako bat izan zen Anna Maria Mozzonirekin batera. Anna Maria goi klaseko emakume bat zen, eta unibertsitaterako emakumezkoen sarbidea eta emakumezko kualifikatuak mundu profesionalean sartzea lortu nahi zuen.
Mozzonik sartu zuen Kulishova Italiako talde feministetan, baina azken horrek laster deskubritu zuen bere interes eta helburu politikoak bestelakoak zirela. Kulishova emakume langileen bizi baldintzekin kezkatuta zegoen, ondo ezagutu baitzituen kontsultan artatu zituen bitartean. Aitzitik, Europako lehenengo feminista gehienak erdi klase burgesekoak ziren, eta askotan ideia politiko kontserbadoreagoak zituzten.
Kulishovak, emakumezkoen heziketa eta gizarte berdintasuna defendatzeaz gain, soldata berdineztasunerako eskubidea ere defendatzen zuen, eta emakumeek bizi zuten esplotazio bikoitza nabarmendu zuen: enplegatzaileena eta senarrena. Etxean egiten zuten lanaren truke soldata jaso behar zutela defendatu zuen; eta ideia hori, gaur egun ere, aurrerakoitzat har dezakegu. Halaber, emakumeekin ere oso kritikoa zen; bere ustez atzerakoiak eta kontserbadoreak ziren, eta gizarte maila desberdinetako emakumeen arteko elkartasunik eza deitoratu zuen.
Bikotekide feminista… baina ez oso feminista
1885ean, Mozzoniren bitartez bere hurrengo bikotekidea ezagutu zuen, Filippo Turati. Milanen poeta eta abokatua zen, eta Kulishovak eraginda beranduago Italiako Alderdi Sozialistaren buru izatera eramango zuen doktrina marxista ezagutu eta bere egin zuen. Europako mugimendu sozialisten arloko bikote aktiboenetariko bat ziren, eta langileen eta emakumeen askapena aldi berean gertatu beharreko bi gertakari zirela sustatu zuten. Hala ere, Kulishovak publikoki kritikatzen zituen Filippo eta bere alderdia, ez zutelako borroka feminista erabat defendatzen. Turati Milango tokiko gobernuan egon zen urteetan, manifestazio nabarmenak antolatu zituzten, Italiako parlamentuaren arreta deitzeko, eta industria iraultzak emakumeei eta haurrei eragin zizkien arazo eta arriskuen berri emateko.

XX. mendearen hasieran, Kulishovak emakume langileak babestea helburu zuten lehenengo legeetako batzuk idazten lagundu zuen, eta bi hilean behin argitaratzen zen aldizkari bat sortu zuen: Emakume Langileen Defentsa. Gogor lan egin zuen Italiako Alderdi Sozialistak gizarte klase guztietako emakumezkoen sufragioa defenda zezan. Azkenean, alderdiak berak eskatuta proposatu zuen, baina Diputatuen Ganberak (soilik gizonek osatzen zuten) ukatu zuen 1912an. Italian emakumeek ez zuten bozkatzeko eskubiderik izan Kulishova hil eta urte batzuk igaro ziren arte.
Bere azken urteetan osasun arazoak izan zituen, bere bikotekidearengandik urrundu zen, liskarrak egon ziren mugimendu sozialisten artean eta faszismoak gora egin zuen Italian. 1925eko abenduaren 27an hil zen, eta egin zioten hileta publikoan bere jarraitzaileen eta alderdi faszistako kideen arteko istiluak nabarmendu ziren.
Iturriak:
- Shepherd, Naomi (2009). Anna Kuliscioff (1855-1925), Jewish Women’s Archive. 2009ko otsailaren 27an.
- Dröscher, Ariane. Rosenstejn, detta Kuliscioff Anna (Anja), Scienza a due voci, Università di Bologna
- Fondazione Anna Kuliscioff
- Anna Kulishova (Vida y obra), Sobre el anarquismo y otros temas
- Anna Kuliscioff, Wikipedia
Egileaz:
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko uztailaren 17an: “Anna Kulishova, la revolucionaria feminista que ayudó entender por qué miles de mujeres morían tras el parto.”
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.