Antibiotikoekiko erresistentzia garatzen duten bakterioak osasun-arazo bihurtu dira, eta etorkizuneko mehatxu garrantzitsuenetariko bat direla esan genezake. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 2050erako baliteke urtero hamar milioi pertsona hiltzea antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioek kutsatuta. Hori ekiditeko, oinarrizko helburutzat hartzen dira antibiotikoen erabilera zuzenagoa eta bakterio superresistenteen kontrako antibiotiko berriak sortzea. Oraingoan, Erresuma Batuko Warwick-eko Unibertsitatean egindako aurkikuntza batek sortu du itxaropena bakterio superresistentei aurre egiteko borrokan.
Botika berrien aurkikuntzan sarri egon dira zorizko gertaerak. Beharbada, entzutetsuena Albert Flemingek esperimentuak egiteko zituen mikroorganismo-plaketariko bat Penicillium onddoak kutsatu zuenekoa da. Itxura denez, Fleming doktoreak jai egun batzuk hartu zituen, eta, bueltatu zenean, bakterioak zituen plaketariko bat onddo batek kutsatuta zegoen, eta onddoa zegoen inguruan ez zen bakteriorik hazten. Abiapuntu hori izan zuen gizateriaren historiako aurkikuntza farmazeutiko garrantzitsuenetarikoak, eta, ondorioz, Flemingek Medikuntzako Nobel saria jaso zuen 1945. urtean. Antzerako zerbait gertatu zen Hans Peter Frey biologoak ziklosporina aurkitzen lagundu zuenean. Freyk enpresa farmazeutiko suitzar batean lan egiten zuen; oporretan Norvegian zela, lurreko lagin batzuk jaso zituen eta lan egiten zuen konpainiaren laborategietara eraman zituen. Lagin haietatik ziklosporina isolatzea lortu zen, eta, gaur egun, immunoezabatzaile moduan erabiltzen da, batez ere bihotzeko transplanteak egin ondoren errefusa saihesteko.

Oraingo honetan, zorizko aurkikuntzari premetilenomizina C laktona deritzo, Streptomyces coelicolor bakterioak sortzen duen metilenomizina A antibiotikoaren bitartekari bat. S. coelicolor lurzoruan dagoen bakterio bat da; 1965. urtean zientzialariek ikusi zuten metilenomizina A antibiotikoa sortzeko gai zela, eta antibiotiko hori erabilgarria zela hainbat mikroorganismo patogenoren aurka. Azken urteotan, Warwickeko Unibertsitateko ikertzaile talde batek, Gregory Challis doktorearen gidaritzapean, metilenomizina A-ren ekoizpenean sakondu du, eta, horretarako, S. coelicolor bakterioaren hainbat gene manipulatu dituzte. Ekoizpen-prozesua sakon aztertzean, ikertzaileek ikusi dute metilenomizina A sortu aurretik premetilenomizina C laktona konposatua sortzen dela bitartekari moduan; baina prozesu kimikoa hain da azkarra, ezen naturalki gertatzen denean bigarren horren aztarnarik ez baita gelditzen.
Geneak manipulatzean, prozesua premetilenomizina C laktonaren ekoizpenean gelditzea lortu zuten 2017. urtean, Challisen laborategian doktorego-tesia egiten ari zen ikertzaile bati bururatu zitzaion bitartekari horren gaitasun antimikrobianoa neurtzea. Ezustekoa itzela izan zen. Premetilenomizina C laktona gai zen mililitroko mikrogramo bakar batekin Staphylococcus aureus andui erresistenteak hiltzeko; metilenomizina A-k, berriz, 256 mikrogramo mililitroko kontzentrazioan egiten zuen. Erresistentzia neurtzean ere emaitza positiboak lortu zituzten. Gernu-infekzio larriak sortzen dituen Enterococcus faecium bakterioa 28 egunetan kontaktuan jarri zuten, dosi txikitan, vanomizinarekin eta premetilenomizina C laktonarekin. Vanomizinarekin tratatzean, 28 egun pasatu ondoren E. faeciumek erresistentzia garatzen zuen, eta, behin erresistente bihurtuta, berau hiltzeko 8 aldiz kontzentrazio handiagoa erabili behar zen; aldiz, premetilenomizina C laktonarekin, 28 egun igaro ondoren, ez zen garatzen erresistentziarik, eta E. faecium hiltzeko gutxieneko kontzentrazioa berdina zen. 2025. urtean lortu da premetilenomizina C laktona modu industrialean sortzea, eta laster klinikan erabilgarri izatea espero da.
Flemingen, Freyren edo Challisen ikertaldeko ikertzaileek egin zituzten aurkikuntzetan zortea giltzarri izan zela esan dezakegu. Nik uste dut, ordea, guztiek beste osagai bat dutela amankomunean: jakin-mina. Ikertzailearen sen moduan ere ezaguna den jakin-min horrek eraman zituen guztiak ere aukera berriak bilatzera.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Bryson, Bill (2019). The Body: A Guide for Occupants.Doubleday. ISBN: 0385539304.
- Corre, Christophe; Idowu, Gideon A.; Song, Lijiang; Whitehead, Melanie E.; Alkhalaf, Lona M.; Challis, Gregory L. (2025). Discovery of Late Intermediates in Methylenomycin Biosynthesis Active against Drug-Resistant Gram-Positive Bacterial Pathogens. Journal of the American Chemical Society, 147,44. DOI: 10.1021/jacs.5c12501
Egileaz:
Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da.