Asteon zientzia begi-bistan #159

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Biologia

Elikagaietan aberatsak diren fruituek daukate alkohola, eta jateko gogoan duen eragin sustagarria oso onuragarria da zenbait belarjalerentzat, janari-iturri iraungikorra dutenentzat batez ere. Fruitu alkoholdunak dituzten landareen eta horien kontsumitzaileen artean koeboluzio-prozesu bat gertatu da. Hortaz, landareek fruituetan edo lore-nektarrean zenbat eta alkohol gehiago ipini, herbiboroek alkohola onartzeko eta metabolizatzeko hainbat eta ahalmen handiagoa garatu. Landareek polinizazioa eta hazien sakabanatzea erraztea lortzen dute. Honi buruzko ikerketa bat publikatu zuten duela urte pare bat. Bertan, Malaysiako oihanetako palmondo eta satitsu zuhaiztar baten arteko harremanaren ezaugarriak aztertu zituzten ikerketa horretan. Palmondoaren loreak % 3’8ko alkohol-edukia duen nektarra sortzen du bere legamiei esker. Satitsuei (eta, neurri txikiagoan, Nictycebus coucang loris geldoei) loreetara heltzen uzten ez zitzaienean, palmondoak normalean ekoizten zuen fruituen erdia ematen zuen. Beraz, animalia horien ohiko elikatze-jarduerak ez murriztea funtsezkoa omen zen palmondoen fruitu kopurua mantendu ahal izateko.

Euskal Herrian badaude animaliak habitat egokirik gabe gelditu direnik. Txantxangorria, hontza, tximeleta, erleak eta kakalardoak desagertzen ari dira. EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko Joxerra Aihartza irakasleak azaltzen du paisaia sinplifikatzeak dibertsitatea galtzea ekarri duela: “Badira tximeletak osinetan bakarrik ugaltzen direnak, beste inon haziko ez direnak”. Animalia hauek desagertzearen arrazoien atzean pestizidak daude, besteak beste. Baina badaude bestelakoak ere. Irakurri osorik artikulua, ez zarete damutuko!

Hizkuntzalaritza

Hizkuntzaren prozesamenduan, denbora-informazioa interpretatzea oso garrantzitsua da testuak osotasunean ulertu nahi badira eta horretarako, hizkuntza bakoitzean denbora nola adierazten den aztertu behar da. Zein da euskararen denbora-informazioa? Hiru denbora mota daude: gertaerak, denbora-adierazpenak eta denborazko erlazio-eraikuntzak. Denbora-egiturak sailkatu eta normalizatu behar dira eta hori egin ostean, corpus etiketatuak sortu. Denbora-adierazpenei dagokienez, erregela bidezko EusHeidelTime tresna garatu dute. EusHeidelTimek testuko denbora-adierazpenak identifikatu eta balio normalizatuak ematen dizkie. Etorkizunean, euskarazko denbora-informazioaren prozesamendua oso erabilgarria izango da medikuntza eta ekonomia bezalako arloetan.

Ingurumena

Poliesterrez egindako jantziek ozeanoa kutsatzen dutela erakutsi du lan batek. Kaliforniako ikasle batzuek frogatu dute poliesterrez egindako arropa bat garbitzen den bakoitzean garbigailutik 100.000 mikrozuntz askatzen direla. Zuzenean itsasora askatzen dira mikrozuntzok eta ozeanora iristen direnean erraz hondoratzen dira. Arazoa da itsasoko bizidunek erraz nahasten dituztela janariarekin, eta haien elikaduran eta digestioan eragiten dutela. Talde horren arabera, orain ikertu beharko litzateke nola eragiten duten zuntzen askatze horretan garbiketa-tenperaturak, garbiketa-ziklo luzea erabiltzeak, garbikari-motak eta baita arropa sortzeko erabilitako metodoek ere.

Fisika

Duela 14 urte, bi fotoien arteko korapilatze kuantikoa Danubio ibaiaren bi aldeetara mantentzea lortu zuten; duela 5 urte, 100 km-ra; eta, oraingoan, 1.200 km-ko distantzia lortu dute txinatar zientzialari batzuek. Partikulak distantzia handitara bidali eta korapilatuta mantentzeko metodologia berria aurkeztu dute: satelite bidez bidali dute haiek fotoia. Elhuyarrek azaltzen du: izpia satelitera bideratu, eta honek fotoia islatu du, berriz ere Lurrera bueltan bidalita, jatorrizko puntutik 1.203 km-ra. Fotoietako batean polarizazio-aldaketa eraginda, ikusi dute beste fotoian ere eman dela.

Paleontologia

Aurreko astean eman genuen albiste bati helduko diogu berriz ere datu osagarriak emateko asmoz. Jakina denez, duela 300.000 urteko Homo sapiens espezieko arrastoak topatu dituzte Marokon. Alemaniako Max Planck Institutuko ikertzaileek egindako ikerketaren arabera, bertan topatu diren bost homininoren arrastoak Homo sapiens espeziekoak dira, eta duela 300.000 – 350.000 urte bitartekoak omen dira. Proposamen berriak 100.000 urte baino gehiago atzeratu ditu gure espeziearen existentziaren lehen frogak, eta jatorri geografikoa ere lekuz aldatu du. Izan ere, orain arte, gizaki modernoaren lehen ordezkariak Etiopian bizi izan zirela uste izan da. Horretaz gain, egindako indusketek fosil eta harrizko tresna berriak azaleratu dituzte: garezur baten zatia eta beheko baraila bat, besteak beste. Horien gainean, ikertzaile taldeak dio fosil horiek gizaki modernoaren eboluzioaren lehen fase bati dagokiela. Halaber, ikertzaileek diote aurpegiak, barailak eta hortzek lotura dutela gizaki modernoekin, baina garunaren morfologia, berriz, primitiboagoa omen dela.

Medikuntza

Gero eta ugariagoak dira “minbiziaren aurkako” dietak. Artikuluan dieta alkalinoa da aipatzen dena adibide gisa. Zer dago honen oinarrian? Minbizi-zelulen ingurunea azidoa izaten da eta dieta hau bultzatu nahi dutenek aldarrikatzen dute azidotasun hori dela minbiziaren eragile. Dieta alkalinoarekin azido hori ezabatzen dela iritzi diote. Argi gelditzen da testuan ingurunearen azidotasun maila ezin dela dietaren bidez aldatu. Jendeari asko kostatzen zaio minbizia duela onartzea, horregatik kimioterapia bezalako tratamendu agresiboetatik aldentzen saiatzen da, beste bide batzuk bilatuz. Artikuluaren egilea argi mintzatu da honetan: “Esan behar da ordea gure osasun-sistemako medikuak direla terapia eraginkorrena agintzeko gai diren bakarrak”.

Astronomia

Esne Bidea irudikatzen duen lorategia aurkeztu dute Iruñean. Hawaiin du jatorria, duela hamar urte egin zuten proiektua eta orain Iruñean ikusteko aukera dago. Aipatzekoa da gisa horretako lehenengo lorategia dela Europan. Udalak eta Planetarioak, hamaika elkarteko kideren eskuei esker egin dute. Lurrean 30 metroko diametroa hartzen du espazioan 100.000 argi urteko zabalera duena. Eskalan egina dago, eta besorik txikienean dago Lurra: Orion besoan. Lurra salix integra baten hostoaren barruan dago. Mikel Baztanek diseinatu du, Iruñeko Parke eta Berdeguneen zuzendariak. Emaitzarekin pozik dago: “Planetarioak tresna oso polita du dibulgaziorako eta haien proiektua ezagutarazteko, eta udalak lorategien bitartez ingurumenaren eta zientziaren hezkuntza emateko aukera du”.

Izar baten masak beste izar baten argian eragiten duen desbideratzea neurtzea lortu dute astronomoek, lehenengo aldiz. Ikerketa berri honek berretsi su, ehun urte pasa ondoren, Albert Einsteinek proposatutako erlatibitatearen teoria. INAOE Mexikoko Astrofisika, Optika eta Elektronika Institutu Nazionalean lanean ari den Itziar Aretxaga astrofisikariak azaltzen du 2014an Hubble-ek egin zituen behaketen arabera, Stein 2015 B izarraren grabitazio eremuak atzean zegoen izarraren irudia bi milisegundoz desbideratu zuela eta gaineratzen du zientzialariek “galaxiako izar konpaktu baten masa neurtu dute, izarrak eragiten duen grabitazio leiarra erabiliz”. Aretxagaren arabera, aurkikuntzak Hubble teleskopioaren ahalmena ere agerian uzten du. Baina harago ei doa esperimentuaren garrantzia: “Lehenengoz neurtu da halako desbideratze bat izarren artean, eta horrek izarren masa neurtzeko beste metodo bat ahalbidetzen du”.

Emakumeak zientzian

Sara Borrell biokimikaria izan da protagonista aste honetan, bere lana gogoratu dugu artikulu honen bitartez. Hormona esteroideak izan zituen aztergai. Atzerrian bideratu ziren ikerketa ugaritan parte hartu zuen, beste zientzialari ezagunekin elkarlanean. Hasieran Borrellek nekazaritza-ingeniaritza arloan murgiltzeko asmoa zuen baina ez zuten akademian onartu. Beraz, Farmazia ikasketak gauzatu zituen. Lizentziatu egin zen eta doktorego tesiaren ondotik, CSICen plaza lortu zuen 1949an. Gregorio Marañonek 1950ean, biokimikarekin eta hormona esteroideen metabolismoarekin lotura zeukaten ikasketak gauzatzeko aukera eskaini zion Borrelli eta honek baietz. Beka batzuei esker, Espainiatik alde egin zuen. Ikerketa ugaritan parte hartu zuen 1946-1961 bitartean. Hormona esteroideen metabolismoan eta analisian egindako ikerketak garrantzitsuak izan ziren. Artikulua osorik irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Osasuna

Ikerketa batek aditzera eman du estres goiztiarra pairatu duten saguak heldutan sentiberagoak direla egoera estresagarriekiko eta depresiorako arrisku handiagoa dutela. Estres goiztiarra eragiteko, sagu jaioberriak amarengandik 2-4 orduz banandu dituzte, eta amaren arreta desordenatua jaso dute. Heldutan egoera estresagarrien aurrean jarri dituztenean, ikusi dute hasieran estresa pairatu zutenek harreman sozialak ekidin dituztela eta egoera zailen aurrean mugiezin geratu direla. Elhuyarrek kontatu digu.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.