Asteon zientzia begi-bistan #226

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

Europako Batzordearen eskaeraren aurrean, ordua egoki hautatzearen garrantziaz ohartarazi dute adituek, egunsentiko argiak organismoan duen pisua dela eta. Ildo horri jarraiki Trinitat Cambras Riuk, Farmazian doktore eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Fisiologia irakasleak dio ordutegiaren hautaketak garrantzia duela batez ere neguko hilabeteetan. Erritmo zirkadianoa egunero ondo doitzearen garrantzia nabarmendu: “Goizean behar beste argi ez jasotzeak egun amaieran eragiten du, loaldia atzeratu egiten delako”. Horretaz gain, adingabeak eta adinekoak dira erritmoen arteko desoreka gehien nabaritzen dutenak.

Ordu aldaketak sortu duen eztabaida honen inguruan aritu da Antoni Diaz Noguera Fisiologian katedraduna. Nabarmendu du ordutegi aldaketa ez dela osasungarria fisiologiaren ikuspuntutik eta barruko erlojua orduan jarri behar dugula; izan ere, “barruko erlojua aske utziz gero, 25 ordu inguruko zikloen arabera funtzionatuko luke. Beraz, 24 orduko egunetara egokitzeko orduan jarri behar du, egunero-egunero”. Horretarako, gure organismoak goizeko argia bilatzen du. Txandaka lan egiten dutenek, esaterako, pairatzen dute desoreka handiena: “Egun bateko aldaketa gertatzen bada ez da ezer gertatzen. Urteetan mantentzen denean, egoera horretan daudenek patologia larri gehiago izaten dituzte”.

Ekologia

Ziur egunotan Gipuzkoako kostaldeko flyscha plastikoz gainezka ikusi duzuela birala egin den bideo batean. Surfalari batek egindako bideo honek agerian utzi du plastiko kutsadura “arazo globala” dela. Bere ustez, “baloiak kanpora botatzen” ari da administrazioa: “Ez da egia ezohiko fenomenoa dela, surflariok askotan ikusten baitugu”.

Medikuntza

Minbizi mota berbera gaixoaren arabera ezberdina izan daiteke eta desberdin jokatzen ahal du. Honi tumore barneko heterogeneotasuna (TBH) deritzo. Terapia pertsonalizatuek tratamendua paziente bakoitzaren TBHra egokitzea dute helburu. Oraindik ez dira oso ondo ezagutzen TBHaren oinarrian dauden mekanismoak. Azken finean, tumorearen atal batzuetako zelula talde batzuek ondo erantzuten diote tratamenduari, baina beste batzuk erresistente egin daitezke profil genetiko ezberdina daukatelako eta mutazio ezberdin horiek eraginda erresistentzia gaitasun hori eskuratu dutelako. Eta minbizi-zelula talde erresistente hauek dira minbiziaren aurrera egitearen eragileak.

Hainbat ikerketek frogatu dute badagoela erlazioa herpes birusaren eta alzheimerraren artean. Oxford unibertsitateko Ruth Itzhaki ikertzaileak aditzera eman du artikulu batean HSV1 birusa alzheimerraren arrisku-faktore nagusietako bat dela, eta gene batekin lotuta dagoela azaltzen du: apolipoproteina E-aren genea (APOE-Ɛ4). Hori guztia ikusita, antibiralak alzheimerra tratatzeko eraginkorrak izan daitezkeela proposatu du ikertzaileak.

Genetika

Botika pertsonalizatuen inguruan aritu da Koldo Garcia. Horiek egin ahal izango dira? Lehenengo aukera bat ematen du egileak: gaixotasun askok oinarri genetikoa dute beraz, gure geneak konponduta, gaixotasun horri aurre egiten ahal diogu. Horren harira, Garciak dio terapia genetikoek huts egin zutela baina badirudi edizio genomikoaren belaunaldi berriak lortuko duela. Artikuluaren egileari, ordea, oso zaila egiten zaio hori sinestea. Bigarren aukera bat ere ematen du: botikei erantzuteko gaitasunaren zati bat gure geneek azal dezakete. Gene batzuen aldaerek botika batzuk hobeto prozesatzen lagundu dezakete; eta beste batzuk botika baten lana zaildu. Hortaz, norberaren geneen arabera tratamendu baten arrakasta aurreikus daiteke eta, hortaz, tratamendurik egokiena hasieratik ezarri. Hirugarren aukera bat planteatzen da artikuluan, lehenengo bien nahasketa dena. Irakur ezazue osorik!

Teknologia

Robotak prest dira gizakiekin batera lan egiteko. Hasieran beldur ginen baina adi! gero eta ohikoagoak izango dira lantegietan, erietxeetan, bulegoetan, eta, adituen aburuz, baita aisialdian ere. Alor honetan murgilduta gaudela, ondo bereizi behar dira robotak eta kobotak. Egun lantegietan dabiltzan robotek hesi baten atzean dihardute, kaioletan, gizakiengandik ondo bereizita, istripuak saihesteko. Kobota, ordea, gizakien ondoan lan egiteko diseinatuta dago. Azken hauek sentikorrak dira: lankidea ukitzen dutenean gelditu egiten dira. Horretaz gain, kobotak laguntza ematen ahal dio adinean aurrera doan langileari, Loreto Susperregia IK4ko-Teknikerreko Robotika koordinatzailearen ustez.

Nanoteknologia

Nanopartikula sintetiko bigunen tamainaren eta elastikotasunaren arteko erlazioa definitzen duen lege baten eredua egin eta formulatu dute ikerketa batean. Sendagaien dosifikazioa izan daiteke nanopartikula horien aplikazioetako bat: kateak tolestean sortzen diren hutsuneetan garraiatuko lirateke sendagaiak eta tratatu beharreko eremura iristean nanopartikula askatuko litzateke. Lan honetan ikusi dute nanopartikula handi samar batzuk gai direla poro txikietatik pasatzeko, oso elastikoak direlako, eta txikiago baina zurrunagoak direnek, berriz, ezin dituztela zeharkatu. Ikerketan behatutakoari, oinarri teorikoa jarri diote.

Antropologia

Gatza maien ekonomiaren funtsezko osagarria izan zela berretsi dute, Belizen aurkitutako harri tresnen analisian abiatuta. Elikagaiak kontserbatzeko eta merkataritza-trukaketetan erabiltzen zuten gatza. Azken ideia honi jarraiki, artikuluan honakoa idatzi dute ikertzaileek: “Gatz opilak eta arrain gazitua kontserbatu zitezkeen ondasunak ziren, eta bazegoen aukera horiek gordetzeko eta merkatuan trukatzeko”, idatzi dute zientzia artikuluan.

Agrobiologia

Oilategi konpostagailua aukertzen da lan honetan, hau da, biohondakinak lekuan bertan aprobetxatzea ahalbidetzen duen konpostatze-sistema berritzaile bat. Oilategi baten egitura du, eta konpostagailu bat edo gehiago eduki ditzake barnean, parte-hartzaileek etxean sortzen duten bio-hondakina konpostatzeko. Esperientzia arrakastatsua izan da: garraioaren eta tratamenduaren kostu ekonomiko eta energetikoak murrizteaz gain, inbertsio ekonomiko garrantzitsurik gabe biohondakin-kantitate nabarmenak kudeatzea lortu da.

Fisika

Sistema fisiko eta kimiko isolatuek aldatzen ez diren zenbait propietate dituzte, esate baterako, masa, energia, eta baita tenperatura ere oreka termikoan baldin badaude. Sistema horiek elkarri eragiten diotenean, propietate horietako batzuk kontserbatu egiten dira. Kontserbazio legeek horiei egiten die erreferentzia. Filosofo naturalek XVIII. mendean eman zuten aditzera lege horiek lehen aldiz. Horren ondotik, fisika alorreko teoriaren bilakaera gidatu dute kontserbazio-legeek. Horren historia ezagutzeko, jo ezazu artikulura!

Emakumeak zientzian

Uxua Lopez ikertzaile nafarrak (Tafalla, 1983), egun Acciona-n telekomunikazioetako ingeniaria denak, klima-aldaketaren inpaktuak emakumeengan duen efektu negatiboei buruz hitz egin du elkarrizketa honetan, Donostian emango duen hitzaldi baten harira. Oro har, nafarrak dio berotze globalak emakumeengan dituen efektu negatiboak gizonezkoengan dituenak baino handiagoak dira; beste arrazoi batzuen artean baliabide ekonomiko gutxiago dauzkatelako, heziketarako eta justiziarako sarbide txikiagoa dutelako eta higikortasun eta erabaki-hartzean aukera gutxiago dauzkatelako.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.