Asteon zientzia begi-bistan #229

Zientzia begi-bistan

Osasuna

Espainiako Gobernuak plan bat aurkeztu du “pseudoterapiek” ekar ditzaketen arriskuak saihesteko. Ebidentzia zientifikorik ez daukaten produktu ororen kontrako neurriak hartuko dituzte, hori izango da planaren abiapuntua. Unibertsitateetatik eta osasun zentroetatik erretiratzea da helburuetako bat. Publizitatean ere informazio desegokiei erreparatzea da planaren beste asmoetako bat.

Ildo horri jarraiki, homeopatiaren etorkizuna kolokan dago. Erregistratuta dauden 2.008 produktu homeopatiko bakarrik eskura daitezke egun botiketan, gainerakoak erretiratu egin dituzte.

Obesitateak minbizian duen eragina argitu dute. Badirudi NK zeluletan dagoela gakoa: immunologia-sistemaren zelula horiek arduratzen dira minbizi-zelulak detektatzeaz eta suntsitzeaz, eta gantz-gehiegiak blokeatu egiten ditu. Arazoa da detektatzeko gai direla baina ez ez dituztela suntsitzen.

Troposferan dagoen ozonoa arazo bilakatu da gizakiontzat. Izan ere, gehiegi dagoenean, osasun arazoak sortzen ditu. Ozono troposferikoa sortzen da industriak eta trafikoak sortutako nitrogeno oxidoek eta konposatu organiko lurrunkorrek eguzki erradiazioarekin erreakzionatzen dutenean. Batez ere, partikula finak dira arazo gehien sortzen dituztenak. EEA Europako Ingurumen Agentziak eman ditu aditzera datu batzuk: 2015ean Europako Batasuneko 28 estatuetan 391.000 heriotza goiztiar eragin zituzten partikula finek. Ildo honi jarraiki, ikerketa batek asmaren eta kutsaduraren arteko lotura agerian jarri du. Irakur ezazue artikulua osorik!

Teknologia

EHUko Kimika Fisikoa Saileko Quantum Technologies for Information Science (QUTIS) ikerketa-taldeak bizi artifiziala sortu du lehen aldiz ordenagailu kuantiko batean. Artikulu honetan azaltzen denaren arabera, bizi artifizialeko protokolo bat da, Darwinen eboluzio-legeei jarraitzen die eta kodifikatzen dituen portaera kuantikoak sistema bizienak dira berez: autorreplikatzea, mutazioa, banakoen arteko elkarrekintza, jaiotza eta heriotza.

Emakumeak zientzian

Asteon Christiane Nüsslein-Volhard biologoa izan dugu protagonista eta berarekin oso harrigarria den prozesu bat: enbriogenesia. Bere lankide izan zen Eric Wieschausekin batera 1980. urtean identifikatu zituen enbrioiaren garapena ahalbidetzen duten mekanismo genetikoak, hau da, “transformazioaren” arduradunak aurkitu zituzten. Gainera, egiaztatu zuten organismo bat etapaz etapa sortzen dela eta garai bakoitza gene talde jakin batek zuzentzen duela. Lan horri esker Nobel saria jaso zuen 1995ean.

Biologia

XVIII. mendearen amaieran, gero eta naturalista gehiagok baieztatzen zuten izaki bizidunek badituztela objektu bizigabeetatik garbiki ezberdintzen dituzten bereizgarriak. Ezaugarri hori animaliek zein landareek agertzen zuten barne antolaketa izango zen; naturalistak “organismoak” esaten hasi zitzaizkien. 1800 urtearen inguruan, Georges Cuvier naturalistak pentsatzen zuen atalen elkarrekiko mendekotasuna gidatzen zuten arau batzuk zeudela. Biologiaren aurkikuntzek, biokimikaren esparruko lorpenek eta Mendelen legeen berraurkikuntzak organismoaren kontzeptua aldatzen lagundu zuten.

Kimika

Haragiaren ekoizpenean dagoen zientzia da testu honen muina. Josu Lopez-Gazpiok azaltzen digu, oro har, jaten dugun haragiaren kalitatea hiru osagaien -muskulu-ehunaren, ehun konektiboaren eta gantz-ehunaren- proportzioaren eta sakabanaketaren araberakoa dela. Animalien muskulua haragi bihurtzeko animalia hil egin behar da, jakina. Hil ostean, haren zelulek bizirik jarraitzen dute denbora tarte labur batez eta une horretan zelulek energia-erreserbak kontsumitzen dituzte eta prozesu horretan zehar azido laktikoa metatzen dute. “Azido laktikoak entzimen jarduera murrizten du eta bakterioen hazkuntza saihesten du, beraz, haragiak kalitate hobea du denbora luzeagoz”, dio kimikariak. Garrantzitsua da, hortaz, animaliak ahalik eta modu ez-traumatikoenean hiltzea.

Ekologia

Giza presioak ibai ekosistemetan duen eraginaren azterketa bat egin dute. Emaitzen arabera, ikusi dute urtegiak direla asaldura gehien eragiten dutenak. Ibaien zikloa aldatzearen ondorio nagusienak dira, besteak beste, algak neurriz gain haztea, farmakoen kontzentrazioa handitzea ur estresa dagoen lekuetan eta materia organikoaren deskonposizioa moteltzea, hau da, ibaiek gaitasun txikiagoa izatea materia organikoa degradatzeko.

Denok gogoratzen dugu Oier Bartolome surflariak egindako bideoa, berez babestua den biotopoa plastikoz beteta zegoela erakutsi zuenean. Bideo horrek kontzientzia piztu zuen eta Eguzki talde ekologistak deituta, berrehun herritar baino gehiago plastikoak auzolanean jasotzen aritu dira Deba eta Zumaia arteko flyschean. 2.500 kilo inguru jaso dituzte.

Astrofisika

Jose Antonio Caballero astrofisikariari egin dio elkarrizketa Berriak. Carmenes proiektuaz mintzatu da, gertuko izarren inguruan dauden planeten bila aritzen da bertan. Superlur izoztu bat aurkitu dute Barnard izarraren orbitan, abiadura erradialaren metodoarekin. “Barnarden kulunka txiki bat hauteman genuen, eta hura aztertzen hasi ginen. Lurraren masa 3,2 aldiz du planetak, eta 233 eguneko urtea. Bernard izarra oso ahula denez, planeta oso hotza da, 170ºC, gutxi gorabehera”, azaltzen du Caballerok.

Fisika

Zenbait materialetan, egiturazko aldaketak oso txikiak izaten dira eta, beraz, haien detekzioa ohiko tekniken bidez ezinezkoa da. Hori dela eta, material horiek egiturazko aldaketekiko oso sentikorrak diren tekniken bidez aztertzea ezinbestekoa da. Larmor difrakzioa ipini dute adibide testu honetan. Orain dela 15 urte garatu zen eta Larmoren prezesioan oinarritzen da: eremu magnetiko batean dagoen spinak edo momentu magnetikoak prozesatu egiten du eremu magnetikoaren norabidearen inguruan.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.