Teknologi proiektuak partekatzen

Jabi Luengo

Zer lotura dago txiten inkubagailu, aitona-amonentzako joko eta zunda estratosferiko baten artean? Bada, teknologia, PBL pedagogia berritzailea eta besteenganako zerbitzua.

Hirukide ikastetxean DBH 4. mailan proiektu teknologikoak garatzen ditugu, baina hauen bidez beste esparru asko ukitzen ditugu: proiektuen aitzakiarekin teknologiaz gain beste mila gauza ikasten ditugu. Ikasleak bere ibilbidearen protagonistak bihurtzen dira haien autoestimua eta motibazioa handituz.

Proiektuak bukatu ondoren ez dira kaxoi baten gordetzen. Gure aurtengo proiektuek benetako hutsuneak beteko dituzte, eta komunitate osoarekin partekatuko ditugu ibilbide eta emaitzak.

Hiru proiektuetan Arduino plataforma librea erabili dugu, gure helburuekin bat baitator: plaka elektroniko merke hauen bidez milaka proiektu garatzen eta partekatzen ari da jendea munduan zehar.

Hauek dira 3 proiektuak:

  • Incubegg: Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloan txitak arrautzetatik nola jaiotzen diren ikasten dute. Gure ikastetxeko ziklo honetako irakasleek liburuetan edo bideotan ikustea baino zuzenean prozesua bizitzea hobea iruditu zitzaien. Horrela guri inkubagailu bat egitea proposatu ziguten. Martxan jarri eta berehala hasi ginen arrautzak zein baldintzak behar dituzten ikertzen, hauek nola kontrolatu, materialak aukeratu, erosi… Muntaiarekin hasi eta poliki, poliki eta froga eta hutsegite askoren ondoren inkubagailua bukatu genuen. Proiektua finantzatzeko crowdfunding plataforma batean sartzea erabaki genuen ere. Goteo aukeratu genuen eta jada lortu dugu behar genuen dirua biltzea (ekarpen txiki bat egin nahi baduzu garaiz zabiltza). Aurreko asteburuan Don Boscok antolatutako ProiektOn lehiaketak bigarrengo saria eraman dugu.

Txitak aurrautzetatik ateratzeko

Txitak arrautzetatik ateratzeko inkubagailuaren lehen fasea

  • Kubo: Hirukide Ikastetxeak erlazio estua du Tolosako Uzturre Gerontologikoarekin: astero batxilergoko ikasleak bere konpromezua erakusten hango dute aitona-amonekin. Egunero “terapia” tarte bat dute pertsona hauen adimen, zentzumen eta psikomotrizitatea lantzeko. Uzturreko arduradunek tarte honetarako joko bat egiteko eskatu ziguten, eta guk buruari buelta batzuk eman ondoren Kubo jokoa asmatu genuen. Erraza da: kubo bateko aldeak kolore ezberdinez pizten dira; jokalariak alde gorria bilatu eta gora begira jarri behar du. Kuboak txirrina jo eta berriro koloreak nahastu ondoren jokoa errepikatu behar da. Prototipoa bukatuta daukagu eta aurki 3D inprimagailu batez egingo dugu behin betikoa. Proiektu hau, Incubegg bezala Goteon aurki dezakezue ere.

Kubo jokoa sortzeko beharrezko materiala

Kubo jokoa sortzeko beharrezko materiala

  • Izar Galaktik: Eskarmentu handiko proiektua dugu hau, hauxe laugarren urtea hain zuzen ere. Zunda estratosferiko bat eraiki eta espaziora jaurtitzean datza eta aurreko urtetako arrakasta bistan da. Aurtengoa desberdina egin nahi izan dugu: zunda bidaiaria. Aurreko proiektuek latex-globoa erabili dute: zero-presioko globoak dira eta inguruko presiora egokitzen dira. Globoak gora doan ahala, bolumena handitzen doa kanpoko presioa txikitzen delako, eta 30.000 metrotara gutxi gorabehera eztanda egiten dute. Baina badago beste globo mota: presio handiko globoak. Hauen kasuan bolumena ez da aldatzen (elastikoak ez diren plastikozkoak) eta gora doan ahala barne presioa handitzen joaten da kalkula daiteken altuera lortu arte, han egonkor mantenduz. Haize estratosferikoei (kasu batzuetan benetan bortitzak) esker zundak bidai luzea egingo luke. Zundak daraman APRS irratiari esker non dagoen jakingo genuke. Proiektua frogatan daukagu egun.

.

Hurrengo larunbatean Elhuyarrek antolatutako Zientzia-Azokan izango gara Bilbon. Inork proiektuak gertutik ezagutu nahi baditu… hantxe izango gara!

———————————-

Egileaz: Jabi Luengo (@jabiluengo) Tolosako Hirukide Eskolapioak ikastetxeko teknologia irakaslea da.

—————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>