Intxaurren usaina izurriteak kontrolatzeko bidea

Kalifornia haranaren erdialdetik datoz munduan kontsumitutako intxaurren bi heren, eta estatuan kontsumitzen direnen % 80 baino gehiago. Azken 50 urteotan bi sits izurritek —codling moth (Cydia pomonella) eta navel orangeworm (Amyelois transitella, Lepikdotera, Pyralidae)— mehatxatu dute intxaurren ekoizpena. UPV/EHUko Kimika Analitikoa Sailak, AEBko Nekazaritza Sailarekin (USDA, Kalifornia) elkarlanean sitsen izurriteak, pestiziden eta plagiziden erabilera murriztuz, nola kontrolatu ikertu dute.

intxaurrak

Azken mendean izurriteak kontrolatzeko erabilitako estrategiek pestiziden eta plagiziden erabilera izan dute ardatz, baina intsektu batzuk erresistente bihurtu dira horien aurrean. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek egindako lanak oinarrian hartu du sitsen garapenean garrantzitsuak diren sasoietan (ugalketa eta elikatze sasoia) intsektuen erakarpena pizten dituzten osagai aromatikoen bilaketa. Izan ere, zergatik uzten dituzte intsektu batzuek arrautzak intxaur batzuetan eta ez beste batzuetan? Erantzuna fruitu horiek apurtzean jariatzen duten usainean dago; beraz, garrantzitsua da intxaur osoen eta mailatuen aromak bereiztea.

UPV/EHUko ikerketa-taldeak aztertu egin ditu intxaur osoetatik eta aldez aurretik mailatuetatik eratorritako datuak, mailatutako fruituetan aroma esklusibo edo bereizgarririk dagoen jakiteko. Horretarako intxaurren egoera desberdin horietako osagai lurrunkorrak identifikatu eta konparatu dituzte. Laginak 2014ko maiatzetik irailera bitartean hautatu ziren, intxaurrondoaren bost etapa fenologikotan eta bost sasoi klimatikotan eta biologikotan. Laginei aplikatutako datuen tratamenduan 92 osagai aromatiko identifikatu ziren. Horietatik zortzi konposatu dira mailatutako intxaurren bereizgarri: pinocarvona, α-canfolenico aldehido, chrysanthenone, trans-pinocarveol, -ββ-farneseno, trans-ββ-verbenol, ααα-terpineno eta ααα-terpinoleno. Konposatu lurrunkor horien konbinazioari esker, intsektuentzat nahaste erakargarria sintetizatu ahal izango da, intxaurrei eragiten dieten izurriteak kontrolatzeko eta baita ere, horien jarraipena egitea ahalbidetuko duena.

Erreferentzia bibliografikoa:
Itxaso San Román, Luis Bartolomé, Wai S. Gee, Rosa M. Alonso, John J. Beck. “Comparison of ex situ volatile emissions from intact and mechanically damaged walnuts“. http://dx.doi.org/10.1016/j.foodres.2015.04.009

Iturriak:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Zer usain dute intxaurrek?

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>