Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Astronomia
Pluton aurkitu zuen 1930eko otsailaren 18an Clyde William Tombaugh astronomoak eta asteon protagonista izan da planeta nanoa. NASAren New Horizons zunda Plutonera hurbildu da, planeta nanotik hurbileneko puntura ailegatu da 12.500 kilometrora. 9 urteko bidaia eta 5 mila milioi kilometro inguruko bidea egin ondoren lortu du hori zundak eta Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian hurbilketa honen berri eman digu. New Horizons datuak biltzen ibili da Plutondik gertu egon den orduetan eta orain 16 hilabete beharko dira jasotako informazioa bidal dezan. New Horizons Plutondik gertueneko puntura iritsi baino 1,5 ordu lehenago ateratako argazkiek erakusten dute izotzezko mendi garaiak daudela eta ur-izotzez osatuak egon litezkeela uste dute zientzialariek.
Hamaika datu emango dizkigu New Horizons zundak bildutako informazioari esker, izan ere Jone Amonarriz kazetariak Berrian azaldu duen moduan espazio-ontziak historia egin du Plutonetik inoiz baino gertuago egonez eta ondorioz, mundu ikusgarria loratu da Plutonen. Naiara Barrado UPV/EHUko Zientzia Planetarioen ikerketa-taldeko ikertzaileari New Horizons misioa interesatzen zaio planetaren atmosferaren karakterizazioa, eta haren aldaketa ‘meteorologikoen’ azterketa jarraitzeko. Juanma Gallego kazetariari azaldu dio ikertzaileak Berrian hain urruneko munduak izanik, oso gutxi dela horien inguruan dagoen informazioa, eta, orain arte, zeharkako neurketak egin behar izan direla atmosfera horien berri izateko. Beraz, misio honek hainbat aukera berri zabaltzen ditu.
Teknologia
Misio espazialak ez dira ez kontu errazak. Javier Duoandikoetxea matematikariak azaldu zigun honako misio baterako behar diren kalkulu matematikoak izugarriak direla. Misioa bera planifikatzeko, bidean zehar kontrolatzeko, matematika ezinbestekoa da eta baita ere espazio urrunetik Lurreraino bidaiatuko duten “irudiak” lortzeko. Izan ere, zundak hartutako irudiak ez dira guk begiekin ikusi dugun hori, zenbaki zerrenda bat baizik. Zenbakiak? Matematika, beraz? Bai, jakina! Tresna matematiko modernoak garatu dira zer gorde erabakitzeko eta gordetako hori ordenagailuan irudi arrunt bihurtzeko. Matematika eta teknologia elkarlotuta daude ere 3D inprimagailuen garapenean. 3D inprimagailuek gero eta oihartzun gehiago dute, izan ere askorentzat hirugarren industri iraultzarekin alderatu daitezke. Arantxa Arzamendi liburuzainak aipatzen digu hilabete honetako liburu gomendioan: 3D inprimagailuen iraultza.
Ingurumena
Ikertzaileak kezkatuta daude polinizatzaileen egoera dela eta. Gizakion landare-kultiboen %75 inguruk dute intsektuek egindako polinizazioaren beharra eta egun, polinizatzaile-galera bat dugu, biziki larria. Klima-aldaketak eragin zuzena izan du hauengan, esaterako erlastarretan. Animalia polinizatzaile batzuek planetaren iparralderantz jo dute klima epeldu ahala, baina erlastarren kasua desberdina da. Intsektu hauek zailtasun handiak ditu egokitzeko, eta bere hedapen eremua murriztu egin da azken mendean. Hala ondorioztatu dute Ottawako Unibertsitatean egindako ikerketa batean eta Amaia Portugal kazetariak eman digu honen berri Zientzia Kaieran: Erlastarrek ez dituzte aldaketak maite.
Kimika eta historia
Dorotea Barnes Gonzalez Iruñean jaio zen 1904. urtean. Lau ahizparen artean zaharrena izan zen. Laurak unibertsitatera heldu eta karrera bat egin zuten. Dorotea kimikan lizentziatu eta doktorego-tesian, gernuan eta maskurian sortu ohi diren harrietan azaltzen den aminoazidoa, zistina izan zuen ikergai. 1929-1932 tartean AEBetako unibertsitateetan egonaldiak egin zituen eta Austrian K.W. Fritz Kohlrausch fisikariaren laborategian hiru hilabeteko egonaldia egin zuen ere substantzia kimikoen molekulak ezagutzeko teknika berriak aztertzeko. Ondorioz, Raman espektroskopia inplementatu zuen estatuan eta aditua bihurtu zen teknika honetan. Bide laburra egin zuen Doroteak zientzian, II. Errepublikako ministroa zen haren aita eta erbesteratu egin behar izan zuen Gerra Zibilean. Etxera bueltatu zenean ez zuen jarraitu ikertzen. Uxune Martinezek ematen digu haren historiaren berri Zientzia Kaieran: Dorotea Barnes (1904-2003): Ulisesen bidaia hasi zuen kimikari nafarra.
Medikuntza
Material genetikoaren eraldaketak baimentzen duen teknika da mitokondrio-donazioa. Egun, ez dago mitokondriako DNAri loturiko gaixotasunak sendatzerik eta eskuragarri diren tratamenduak sintomak apaldu eta gaixotasunaren progresioa atzeratu besterik ez dute egiten. Mitokondriako DNAri lotutako gaixotasunei aurre egiteko asmotan, joan den otsailean Britainia Handiko Komunen Ganberak baimendu zuen hiru gurasoren material genetikoa erabiltzen duen laguntza bidezko ugalketa erabiltzea. Teknika honek helburu modura hartu du mitokondriari loturiko gaixotasunen transmisioa ekiditea, eta honetarako, gurasoen DNA emakume emaile baten mitokondriarekin konbinatzen da enbrioia sortzeko. Izortze Santin biologoak azaltzen digu Zientzia Kaieran: Hiru gurasodun haurrak: mitokondrio-donazioa.
Lehen aldia da garunaren funtzionamendu normala bermatzeko ezinbestekoak diren alderdi estrukturala eta funtzionala konbinatzen dituen atlas bat osatzen dutela ikertzaileek. Neurozientzia, irudien prozesamendua eta sareen teoria erabiliz lortu dute hau Biocruceseko Osasun Ikerketarako Institutuko ikertzaileek. Lortutakoa baliagarria izango da garun osasuntsuak zein gaitz batek jota daudenak alderatu ahal izateko, eta patologiaren bat garatu daitekeen seinaleak ikusteko parada izango dute medikuek. Juanma Gallegoren artikuluan datu guztiak, Berrian: Eritasunak garaiz atzemateko bidean, garuneko atlas bat lagun.
Geologia eta zinema
Urola Kostako Hitzak Antropozenoari so egin dio. Bertan Jennifer Baichwal zinemagile kanadarra Anthropocene pelikula dokumentala filmatzen ari da Zumaian, Geoparkean. Lurraren aroez hitz egiten du pelikulak zati batean, eta horretarako Stan Finney adituak Zumaia iradokitu zion zuzendariari, geologoak zertaz ari diren hitz egiten identifikatzeko leku ikusgarrienetakoa baita eta geologiaren denbora-eskalan espezie bakar batek duen eragina aztertzeko toki egokia da.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.