Zientzia Kaiera: urtebete zientzia eta teknologia gizarteratzen

Ekitaldiak

Zientzia Kaiera bloga, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren egitasmoa da eta 2013. urteko irailean hasi zuen ibilbidea. Zientzia eta teknologia gaiak lantzen ditu euskaraz helburu zehatz batekin: zientziaren ezagutza handitzen laguntzea, zientzia eta teknologia gizarteratuz. Urtebeteko ibilbidea egin duen egitasmoak gaur ematen dio hasiera ikasturte berriari. Bigarren urteko lehen mezu honetan atzera begiratuko dugu eta aurreko ekitaldiko emaitzei erreparatuko diegu.

Zientzia Kaiera bloga, zientzia eta teknologia gizarteratzen (Irudia: Itsaso Benedictok egina.)
Zientzia Kaiera bloga, zientzia eta teknologia gizarteratzen (Irudia: Itsaso Benedictok egina.)

Claudia Loaiza Escutia ikertzaileak zientzia gizarteratzeko moduak, aukerak eta zailtasunak aztertu ditu azken urteotan. Horren baitan Europako bost ikerketa zentroetako 112 zientzialari elkarrizketatu zituen, zientzia-komunikaziorekiko hauek dituzten joerak eta iritziak ezagutzeko. Egindako lanaren emaitzek erakutsi dute, zientziaren komunikazioa beharrezkotzat jotzen badute ere, oso zientzialari gutxik lantzen duela komunikazioa. Hainbat arrazoi zirela medio, ikertzaileak ondorioztatu du haren lanean Europako zientzialariek zailtasunak dituztela gizartera eta kazetariengana iristeko. Zientzia eta teknologia gizartera hurbiltzea, ez soilik zientzialarientzako, erronka handi bat izaten jarraitzen du, gaur egun ere.

Erronka horri aurre egiteko asmoarekin sortu zen iaz Zientzia Kaiera, eta jada urte bat bete du egitasmoak zientzia-gaiak gizartera hurbiltzen. Tarte honetan bloga finkatzen joan da eta, hobetzeko eta ikasteko asko badugu oraindik ere, hau da izandako esperientziaren emaitza.

Artikuluak eta kolaboratzaileak

Urtebetean 236 artikulu argitaratu ditugu 30 kolaboratzaileen laguntza eta lanari esker. Astean zehar, eta gerora asteburuetan, bloga edukiz janzten joan da zortzi atal nagusitan sailkatzen diren artikuluak argitaratuz.

  • Kolaborazioak: Esparru anitzetan lanean diharduten irakasle, ikertzaile eta profesionalen artikuluak argitaratu ditugu, zientziari lotutako gaietan murgiltzen laguntzen baitigute haien ekarpenekin.
  • #KZJaia: Kultura zientifikoa zabaltzeko #KulturaZientifikoa I. Jaia ekimeneko anfitrioia izan zen Zientzia Kaiera urtarriletik martxora arte, eta jaialdira aurkeztu ziren artikuluak biltzen dira bertan.
  • Elkarrizketak: Ikertzaileei egindako elkarrizketak argitaratu ditugu. Hauen lana, emaitzak, azken argitalpena edota esku artean dutenari buruz galdetu diegu.
  • EHUko ikerketa: Euskal Herriko Unibertsitatean egindako ikerketei buruzko artikuluak argitaratu ditugu bertan.
  • Mugaldea: Blogeko idazlan guztiak euskaraz idatzita daude jatorriz, salbuespen bakarrarekin, Mugaldea atala. Testuak gaztelaniaz sortuak daude baina euren interesarengatik itzuli egiten ditugu, pil-pilean dauden gaiak jorratzen baitituzte.
  • Zientzialari: Artikuluez gain, bideoak ere plazaratu ditugu. Zientziari euskal begirada eman nahi diogu, euskal zientzialarien jardun, bizipen eta ezagutzetara gerturatzeko asmoz kamera aurrera ekarri ditugu euskal zientzialariak, guztira 11.
  • Ezjakintasunaren kartografia: Larunbatetan argitaratzen dugun atala da. Mapping Ignorance blogean, ikerketen azken emaitzen berri emanez, astean zehar kaleratzen diren artikuluen laburpenak plazaratzen ditugu.
  • Asteon zientzia begi-bistan: Igandeetako gehigarria da. Bertan, sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko.

Estatistikak: bisitariak eta hauen jakin-mina

2013ko irailaren 1etik 2014ko uztailaren 31ra Zientzia Kaierak 14.923 bisita izan ditu eta bisita horiek 7.077 bisitarik egin dituzte. Bisitarien kopuru handi bat bueltatu egiten da blogera behin baino gehiagotan, bisitari guztien %47,42a. Zientzia Kaierara hurbildu den bisitariak bisita bakoitzean 2 orrialde ikusi ditu eta 2´48´´ eman ditu bertan. %52,58 bisitari berriak izan dira eta %47,42 ohiko bisitariak.

Gurera hurbiltzen diren erabiltzaile ohikoenak gazteak dira, 18-34 urte tartekoak. Bisitarien %54,15 gizonezkoak izan dira eta gainontzeko %45,85 andrazkoak eta honako gaiek piztu die jakin-mina: medikuntzak, kirolak eta osasunak, teknologiak, biologiak eta zientziaren historiak. Eta gaiak ahaztu gabe, interes gehien piztu duten artikuluak, bisitari kopuruari erreparatuz, honako hauek izan dira:

Zientzia Kaiera bisitatzen duen erabiltzailea sare sozialen bidez hurbiltzen da batez ere blogera. Izan ere, bisiten %57,61 Twitter eta Facebook bidez etorri dira. Bisiten %10,27 beste webgune edo atari batetik sartu dira, Sustatu.eus, Berria.eus, Unibertsitatea.net edota Blogetan.com-etik batik bat. Google bilatzailearen bidez %11,75 dator eta gainontzekoak, %20,37, zuzenean sartu dira.

Etorkizuna

Ikasturte berrian lanean jarraitzeko asmoa dugu. Aurreko esperientzia eta emaitzak kontuan hartuz zientzia eta teknologia gaiak plazaratuko ditugu, azken berrikuntzen berri emango dugu eta protagonistak hurreratuko ditugu. Ikasturte honetan atal berriak sortuko ditugu, kolaboratzaileekin bide berriak uztartuko dira eta hamaika gairi ekingo diogu. Espero dugu irakurleon gogokoa izatea hauek eta hala ez bada, zuen proposamenak eta iradokizunak atseginez jasoko ditugu. Horretarako gurekin harremanetan jartzea besterik ez duzue. Izan ere, Zientzia Kaiera leiho irekia da. Aurrera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.