Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Astronomia
James Webb Space teleskopioaren laguntzaz, inoiz behatutako galaxia nano urrunena hauteman dute. Azaldu duenez, Big Bang-a gertatu eta sortzen lehenetariko bat izan zen, 500 milioi urte soilik igaro ondoren. Bestalde, teleskopio bera eta grabitazio-lente ahaltsu bat erabiliz, ondorioztatu dute hasierako unibertsoan sortu ziren galaxiak oso txikiak zirela, eta bilakaera-prozesu hierarkiko baten ondorioz, galaxia nanoetatik abiatuta, galaxia handiak sortu zirela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian eta Berrian.
Henrietta Hill Swope astronomo estatubatuarrak zefeidak aztertu zituen, eta berari esker dakigu, hein handi batean, unibertsoa mugagabea dela eta urrunean beste galaxia batzuk daudela. Zefeidak Lur planetatik ikus daitezkeen izar aldakorrak dira, gure planetatik oso urrun dauden distantziak neurtzeko balio dute. Bada, Hill, beka bati esker, Harlow Shapleyrekin batera izar aldakorrak aztertzen hasi zen Harvard-en, eta 1927tik 1942ra bitartean, 1.600dik gora izar aldakor aztertzera iritsi zen. 78 urterekin hil zen, Pasadenan, eta bere ondarearen zati handi bat Washingtongo Carnegie Institutuari utzi zion. Emakume zientzialari honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke: Henrietta Hill Swope, gure galaxiaren ateak ireki zituen astronomoa.
Nutrizioa
Nutrizioaren inguruko gidaliburua argitaratu dute UPV/EHUko Nutrizioa eta Obesitatea Taldeak eta CIBEROBN sareko zentro batek. Gidaliburu horren bidez, ikertzaileek ikustarazi nahi izan dute gure dietako plateren nutrizio balioa aldatu egingo dela darabiltzagun elikagaien eta horiek prestatzeko sukaldaritza tekniken arabera. Besteak beste, haragi gorria, zereal findu, azukre, gantz ase eta bestelako produktuen erabilera murriztea gomendatzen dute bertan. Sukaldatzeko teknikei dagokionez, frijitu ordez, labean, aire frijigailuan edo mikrouhin labean prestatzea hobetsi dute. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Nola lortu zure platerak osasungarriagoak izatea.
Osasuna
Alkohola kontsumitzeak ez ditu neuronak hiltzen, baina eraldatu egiten ditu. Eraldaketa hori bi modutan ematen da: Alde batetik, alkoholak neuronen arteko konexioak kaltetu ditzake dendritak eta axoiak (zelula horien luzapenak) kaltetuta, eta horrek horien artean seinaleak bidaltzea zailtzen du. Bestetik, alkoholak aldaketa handiak eragiten ditu neurotransmisoreen funtzionamendu normalean, eta gogo aldarteak eragin ditzake, besteak beste, haserrea, gogo aldarte baxua, euforia edo agresibitatea. Hala, alkoholiko kronikoetan neurotransmisoreen jardueraren alterazioa betikotu egin daiteke, eta aldaketa kronikoak ager daitezke burmuinean. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Kimika
Ikerketa berri batek ondorioztatu du errenazimenduko zenbait margolanetarako pigmentuetan arrautza botatzen zela, eta horrek abantaila nabarmenak zituela. Zehazki, ikertzaileek ikusi dute arrautzaren gorringoa erabiltzeak aukera ematen duela margolanetan denborarekin agertu daitezkeen zenbait gaitzi aurre egiteko, besteak beste, hezetasunari lotutako arazoei, azalean sortzen diren zimurrei edota artelanaren horitzeari. Gakoa arrautzaren proteinetan dagoela dirudi, hauek geruza bat sortzen baitute pigmentuen inguruan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Arrautza, arte maisulanetako osagaia?
Teknologia
Azken hilabeteetan hainbeste entzun den adimen artifizialaren nondik norakoen inguruan ibili dira aste honetan Berriako artikulu batean. Diziplina zientifiko bat da adimen artifiziala, baina adimena bera definitzen zailak denez, berbera gertatzen da honekin. Oro har, nolabaiteko ikasketa edo prozedura mekaniko ez-sinple bat jarraitzen duen teknologia dela esan daiteke. Adimen artifizialaren azken nobedadea GPT-4 izeneko txatbota da: jarduera sorta bat egiteko gai den tresna. Hamaika arlotan txertatuta dago jada adimen artifiziala, hala nola, medikuntzan, eta etorkizun handiko tresna dela ematen du. Dena dela, botere handiko tresna izanik, kontuz ibiltzea komeni da. Azalpenak Berrian: FIKZIOTIK ERREALITATERA.
Biologia
Miren Aldasoro Lezeak (Altsasu,1995) Biologiako gradua ikasi zuen UPV/EHUn, eta 2021ean hasi zuen doktorego-tesia unibertsitate bereko Jokabidea eta Eboluzioaren Ekologia Sailean. Zehazki, ferra-saguzarren ekologia trofikoa ikertu du tesian zehar, animalia hauen gorotzetatik informazioa eskuratuz. Horretarako, laginak bi modu ezberdinetan jaso ditu: batetik, kolonietan modu ez inbasiboan, gorotz-biltzaile batzuk animalien azpian jarrita, eta bestetik, saguzarrak gauean ehizatzetik bueltatzean sare bitartez harrapatu eta haien gorotz indibidualak jasoz. Horrela, ikusi ahal izan du ferra-saguzar espezie bakoitzaren dietaren patroia ezberdina dela. Ikertzaile honen inguruko informazio gehiago Udako Euskal Unibertsitatearen webgunean aurki daiteke.
Ozeano Bareko plastiko-uhartean, komunitate berri bat sortu dute kostako ornogabeek. Plastikozko uharte hori Ipar Pazifikoko ekialdeko zurrunbilo subtropikalean dago, itsaso zabalean. Bada ikerketa batek frogatu du kostako itsas ornogabeen bizileku bihurtu dela plastikozko uhartea, eta ugaldu ere egiten direla bertan. Komunitate neopelagikoa deitu diote. Guztira, 484 organismo ornogabe identifikatu dituzte hartutako laginetan, eta horietatik % 80 kostaldeko habitatetan egon ohi diren espezieak dira. Ikerketa honek frogatu du kostako jatorrizko espezieak gai direla hainbat urtetan milaka kilometro egiteko hondakin plastikoetan, eta gainera, bizirik irauteko eta ugaltzeko. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu dute hibernatzen ari diren hartzak eta mugitu ezin diren pertsonak tronboetatik zerk babesten dituen. Ikertzaileek bi kasu horiek aztertu dituzte, eta ikusi dute biek HPS47 proteina gutxiago dutela odolean. Proteina horrek odoleko plaketak elkarri lotzen laguntzen du, kolagenoarekin bat eginez. Hala, proteina horren maila baxuekin odola gutxiago koagulatzen dela dirudi. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Biokimika
Nerea Osinalde EHUko Biokimika Saileko irakaslea animalia erreinuko ugalketa mekanismo ezberdinez jardun da Berrian. Ornogabe batzuk partenogenesi bidez ugaltzen dira, hau da, ernaldu gabeko obuluetatik enbrioi osoak eratzeko gai dira. Makila intsektuek eta hainbat inurri eta txirla espeziek, bestalde, aitaren nukleoko geneetatik abiatuta sortzen dituzte ondorengoak. Ugalketa mekanismo horiek ikerketarako informazio asko ematen dute, eta hainbat ikerketa informazio hori erabiltzen ari dira in vitro ugalketaren inguruan ikasteko. Honen harira, berriki egindako ikerketa batean bi aita biologiko dituen sagu ugalkor eta osasuntsua aurkeztu dute. Hau da, bi arren material genetikoa daukaten enbrioiak sagu emeen umetokian txertatu dituzte, eta sagu osasuntsu bat sortu dute bertatik. Informazio gehiago Berrian: Hamaika bide ondorengoak izateko.
Neurologia
Washingtongo Unibertsitateko ikertzaile batzuek pentsamendua eta gorputza integratzen dituen sare bat identifikatu dute garunean. Sare horrek pentsamenduarekin eta planifikazioarekin zerikusia duten guneak eta gune motorrak eta ez-borondatezko funtzio batzuek konektatzen ditu. Integrazio horrek azalduko luke, adibidez, zergatik antsietateak alde batetik bestera ibiltzeko joera eragiten duen batzuetan. SCAN deitu diote sareari, somato-cognitive action network. Honekin batera, gorputz-atal bakoitzaren mugimendua garuneko zein eremuk kontrolatzen duen azaltzen duen mapa berritu dute. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Soziologia
Elorri Arkotxak (1991) Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan Musikologiako ikasketak egin ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Historia, Espazio eta Ondareari buruzko Ikasketa Aurreratuetan Masterra egin zuen. Gaur egun, tesia egiten ari da Ipar Euskal Herriko landa komunitatearen baitan gertatu ziren eraldaketa kulturalak azaltzeko proposamen metodologiko bat sortzen. Metodologia hori garatzeko bi kontzeptu nagusi erabili ditu: kultura nagusia eta kultura herrikoia. Hala, kultura nagusian eta kultura herrikoian estatuak, lekuko eliteak eta populazio landatarrak bete zuten rola definitu du. Proposamen metodologiko horrekin garai hartan gertatu ziren eraldaketa kultural batzuk azaltzea lortu du. Ikertzaile honi buruzko informazio gehiago Udako Euskal Unibertsitateko webgunean aurki daiteke.
Argitalpenak
Josu Alberoren Mikrobioen mundu liluragarria (2019) liburuak mikrobioen mundua desmitifikatzea du helburu. Oro har, mikrobioak gauza negatiboekin lotzen ditugu, eta ez gara jabetzen mikrobio gehienak ez direla kaltegarriak; kontrara, horietako asko onuragarriak ere badira. Horrela, Alberok biologia gutxi dakitenei mikrobioen mundua hobeto ulertzen laguntzen die, azalpen ulerterrazak emanez. Liburu honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran aurki daiteke, ZIO Bildumarekin elkarlanean eginiko atalean.
Bardean 30 urtez egindako ikerketa lanen emaitzak bildu ditu EHUk argitaratu berri duen dibulgazio liburuan. Nafarroako Errege Bardeak. Bisitariaren gida. Geologia du izena eta euskaraz dago idatzia. Bardeatako ikerketen abiapuntua 1980ko hamarkadan dago, Eliseo Martinez Tuterako institutuko irakasleak Bardean aztarna batzuk aurkitu zituenean. Aztarnak Humberto Astibia EHUko paleontologia katedradunari erakutsi zizkion, eta hortik abiatuta egin zen lehen tesia. Geroztik ikerketa asko egin dira, baina oraindik asko dago ikertzeko. Informazio gehiago Berrian: Liburu bat zabal-zabalik.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.