2016ari hasiera emateko liburu zientifiko eta aldi berean entretenigarri bat aukeratu dut. Jakin-mina duten nerabe eta gazteentzat eragingarria, argitalpen ilustratu honen egileak italiarrak dira. Giovanni Bignami eta Cristina Bellon, testuaren arduradunak eta Federico Maniani, ilustratzailea.
Giovanni Bignami (Desio, Italia, 1944), fisikari italiarra, astronomia eta astrofisika irakaslea da. Idazlan zerrenda luzea du, horien artean Il futuro spiegato ai ragazzi, 2012an Milanen argitaratua eta hainbat hizkuntzetara itzulia. Siruela argitaletxeak 2014ean gaztelaniaz argitaratu zuen Las Tres Edades. Nos gusta saber bilduman. Bestalde, Cristina Bellon (Somma Lombardo, Italia, 1968), idazlea eta komunikazioan aditua, zientziaren dibulgazioan espezializatu da eta bereziki gazteei zuzendutako proiektuak egin ditu.
El futuro explicado a los niños liburuaren egitura oso erakargarria da, atal laburretan gaztetxoentzat deigarriak diren hainbat gai azaltzen ditu. Aurrerapen teknologiko eta zientifikoen gaur eguneko egoeratik abiatuz, aurrerapen horien garapena eta etorkizuneko gizartea irudikatzen ahalegintzen da. Zientziaren arlo nagusienak eta hauei dagozkien ondorio filosofikoak aztertzen dira: espazioaren esplorazioa, materiaren ezagutza, energia iturriak, biologia, robotika, genetika… Galderen bidez hausnarketarako gaiak ere tartekatzen dira, besteak beste, etorkizunean Marten edo beste planetaren batean bizitzea posible izango ote den, edo gure garunak inplanteen bidez funtzio berriak izango dituen, edo zahartzaroa geldiaraztea lortuko dugun, dirua desagertuko den ala ez, edo odol artifiziala sortu ahal izango dugun.
Gaur egungo mundua hobeto ezagutu eta datozen urteetako aurrerapen zientifikoek gure eguneroko bizitzan, gizartean eta gure planetan izan ditzaketen ondorioak modu egoki eta ulergarrian azaltzea da liburu honen berezitasuna.
El futuro explicado a los niños liburua eskuragarri dago liburutegietan, besteak beste, Donostiako Udal Liburutegien sareko haur liburutegietan.
Argitalpenaren fitxa
- Izenburua: El futuro explicado a los niños
- Egileak: Giovanni Bignami, Cristina Bellon
- Argitaletxea: Siruela, 2014
- Orrialdeak: 176 orrialde
- Prezioa: 17,95 € Ebook: 8,99 €
- ISBNa: 9788415937579
- Non eskuratu: Donostiako Udal Liburutegien sareko haur liburutegietan.
Egileaz: Arantxa Arzamendi Sesé (@arzamendisese), Filosofia eta Letretan lizentziatua da eta egun, Donostiako Liburutegi Nagusiaren arduraduna da.