Polinizatzaileekin bueltaka: erleak eta gehiago

Dibulgazioa

Erleak salbatzeko dei andana egin izan dira. Kanpainak abiatu dira, gaiaren inguruko TED Talkak ere egin dira eta zereal marka batek ere kanpaina erraldoia abiatu du erleak salbatzeko.

erleak
Irudia: Erleak salbatzeko kanpainak jarri izan dira abian, polinizazioan dute garrantzia dela eta. Erleak ez dira, baina polinizatzaile bakarrak, ezta nagusiak ere.

Polena garraiatzen landareen ugalketa ahalbidetzen dituzten animaliak dira polinizatzaileak. Zonalde epeletan landareen % 78k eta zonalde tropikaletan landareen % 94k behar dute animalien polinizazioa. Giza elikadurarako erabiltzen diren laboreen % 75ean baino gehiagotan dute eragina polinizatzaileek maila batean edo bestean. Kontuan izan behar da, hala ere, bolumenari dagokionez, giza kontsumoaren gehiengoa (% 60) animali polinizaziorik behar ez duten laboreak direla eta animalien polinizazioa behar dutenak % 35 direla.

Polinizatzailerik ezagunena, zalantzarik gabe, erlea da. Eta erlea esatean ezti-erlea (Apis mellifera) da gogora datorrena kasu gehienetan. Honi lotuta, ikerketa honen arabera, jendearen % 99ak erleak ezinbestekoak edo oso garrantzitsuak direla uste badu ere, %14ak baino ez da gai erle espezie kopurua asmatzeko (1.000 espezie gutxi gorabehera). Eta zenbat erle espezie daude? 100? 2.000? Ezta hurrik eman ere. 20.000 erle espezie inguru daude munduan.

90eko hamarkadan izan ziren erleen egoeraren inguruko lehenengo alarma hotsak. Orduan argitaratutako ikerketaren arabera, polinizazioaren inguruko kezka areagotze bidean zen erleen populazioek behera egiten zuten heinean.

1985 eta 2005 urteen artean ezti-erle kolonien % 25 galdu ziren Erdialdeko Europan. Estatu Batuetan % 59 1947 eta 2005 artean. Collony Collapse Disorder (CCD) izena eman zaio erle kolonien galera jarraituari. Honen atzean ez da kausa bakarra identifikatu, hainbat faktorek dute eragina: habitatetan aldaketak, fragmentazioa, patogenoak, aldaketa klimatikoa, intsektiziden erabilera, nekazaritza intentsiboaren areagotzea…

Ezti-erleak salbatzeko zenbait kanpaina egin dira nazioartean: TED Talkak egin dira, Greenpeacek ere mundu mailako kanpaina abiatu du eta zereal marka batek ere nazioarteko kanpaina jarri du martxan.

Polinizatzaileen aniztasunaz

Ezagunenak badira ere, ezti-erleak ez dira polinizatzaile bakarrak. Bestelako intsektuak (tximeletak, liztorrak, inurriak, kakalardoak, euliak…) ere polinizatzaileak dira. Baita zenbait ornodun, hala nola, saguzarrak, kolibriak, zenbait karraskari eta baita sugandilak ere. Polinizazioen % 14aren arduradunak baino ez dira ezti-erleak.

Portaera moldaketak eta egokitzapen morfologikoak jasan ditu ezti-erleak nektarra eta polena jaso, garraiatu eta biltzerako orduan oso eraginkor bilakatu dutenak, Juan Carlos Pérez Hierro biologoak azaltzen duenez. Horrek, baina, ez du polinizatzaile on bilakatzen, bidean galdutako polena baita polinizatzen duena eta Apis mellifera asko hartu eta gutxi galtzeko dago diseinaturik.

Ezti-erleak, beraz, ez dira polinizatzaile nagusiak. Are gehiago, ezti-erleak polinizatzaile basatien lanaren osagarri dira, ordezkatzaile baino. Megachilidae familiako erleak planetako polinizatzailerik eraginkorrenetarikoak kontsideratzen dira, Juan Carlos Pérez Hierroren esanetan.

Zer bestelako polinizatzaileak daude, baina? Ezti-erle eta gainerako erleez gain hainbat polinizatzaile mota aurki daitezke:

  • Intsektuak: Liztorrak, lore-euliak, tximeletak eta baita kakalardoak ere, besteren artean.
  • Hegaztiak: Kolibriak dira hauen artean ezagunenak, baina melifagoak eta eguzki txoriak ere polinizazio lanetan ibiltzen dira.
  • Ugaztunak: Saguzarrak, zenbait karraskari edota lemurrak, besteak beste.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Ollerton, J. , Winfree, R. and Tarrant, S. (2011). How many flowering plants are pollinated by animals?. Oikos, 120 (3), 321-326, DOI: 10.1111/j.1600-0706.2010.18644.x
  • Klein, Alexandra-Maria, et al., (2006). Importance of pollinators in changing landscapes for world crops. Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences, 274 (1608), DOI: http://doi.org/10.1098/rspb.2006.3721
  • Wilson, Joseph S., Forister, Matthew L., Carril, Olivia (2017). Interest exceeds understanding in public support of bee conservation. Frontiers in Ecology and the Environment, 15(8), 460–466, DOI:10.1002/fee.1531
  • Michener, Charles D. The Bees of The World. The Johns Hopkins University Press. Baltimore. 2007
  • Watanabe, Myrna E. (1994). Pollination Worries Rise As Honey Bees Decline. Science, 265 (5176), 1170, DOI: 10.1126/science.265.5176.1170
  • Potts, Simon G., et al. (2010). Declines of managed honey bees and beekeepers in Europe. Journal of Apicultural Research, 49 (1), 15-22, DOI: 10.3896/IBRA.1.49.1.02
  • Potts, Simon G., et al. (2010). Global pollinator declines: trends, impacts and drivers. Trends in Ecoloby and Evolution, 25 (6), 345-353, DOI: https://doi.org/10.1016/j.tree.2010.01.007
  • Garibaldi, Lucas A., et al. (2013). Wild Pollinators Enhance Fruit Set of Crops Regardless of Honey Bee Abundance. Science, 339 (6127), 1608-1611, DOI: 10.1126/science.1230200.
  • Regan, E. C. et al. (2015), Global Trends in the Status of Bird and Mammal Pollinators. Conservation letters, 8, 397-403, DOI: 10.1111/conl.12162
  • IPBES. The assessment report on pollinators, pollination and food production. Secretariat of the Intergovernmental Science-Policy Platform on
    Biodiversity and Ecosystem Services. Bonn. 2016.
  • IUCN. European Red List of Bees. Publication Office of the European Union. Luxembourg. 2014
  • Aizen, Marcelo A., et al. (2008). Long-Term Global Trends in Crop Yield and Production Reveal No Current Pollination Shortage but Increasing Pollinator Dependency. Current Biology, 18 (20), 1572-1575, DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2008.08.066
  • Potts, Simon G., et al. (2016). Safeguarding pollinators and their values to human well-being. Nature, 540, 220–229, DOI: 10.1038/nature20588
  • Winfree, Rachael. (2008). Pollinator-Dependent Crops: An Increasingly Risky Business. Current Biology, 18 (20), R968-R969, DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2008.09.010

Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

4 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.