Tu Youyou (1930): Sendabelarrek badute lekua medikuntzan

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Anopheles generoko eltxo emearen ziztada txiki batekin hasten da benetako gainbehera. Eltxoa odolaz gose da eta hori xurgatzeaz gain, listua sartzen dio gizakiari. Horrela, malaria sortzen duten protozooak gorputzean sartzen dira; hondamendia gertu, eraikina eraistear: lehenik, gibelean sartzen dira eta bertan ugaltzen dira. Ondoren, odoletik barna bidaiatzen dute eta eritrozitoak (globulu gorriak) infektatzen dituzte. Horiek hausten direnean hasten dira sintomak agertzen.

Aski ezaguna zaigu gaixotasun infekzioso honen izena; ikusi moduan, Plasmodium generoko parasitoek eragiten duten gaitza da. Ezezagunagoa zaigu, baina, haren aurkako terapiaren jatorria. Horren atzean dago Tu Youyou doktore txinatarraren lana. Malariaren (Plasmodium falciparum) aurka jokatzen duen artemisinina (qinghaosu gisa izendatu zuten hasieran) aurkitzeagatik jaso zuen Medikuntzako Nobel saria orain dela hiru urte (William Campbell eta Satoshi Omurarekin elkarbanatu zuen). Haren irudiko, gaixotasun ugari senda zitezkeen sendabelarrak erabiliz, landare horien printzipio aktiboa lortuta, gaitza geldiaraztea posible eginez. Milioika pertsona salbatu zituen terapia horrek XX. mendean.

Vietnamgo Gerran, 60 hamarkadan, Txinak proiektu sekretu bat (Project 523) jarri zuen abian, Mao Zeodeng-ek gidatu zuena. Vietnamek laguntza eskatu zion Txinari, ez AEBen kontrako gerran laguntzeko, baizik eta malariak sortutako sarraskia gelditzeko. Gaitz horren aurkako terapia baten bila abiatu ziren ikusita Plasmodium anduiak ezin zirela errotik kendu. 60 ikerketa-zentro baino gehiagok parte hartu zuten programa horretan eta bi metodologia ezberdin jarraitu zituzten: alde batetik, antipaludiko sintetikoak garatzen hasi zirenak zeuden; bestalde, ohiko medikuntza txinatarra oinarri izan zutenak.

1. irudia: Tu Youyou ikertzailea da Nobel saria jaso duen lehen emakume txinatarra.

Bigarren talde horretan zegoen Youyou doktorea; bera zentroko zuzendari izan zena. Aztertutako sendabelarren artean (380 landareen estraktu aztertu zituen guztira), atentzioa eman ziona Artemisia annua izan zen. Arratoietan frogatu ondoren, emaitza kontraesankorrak erdietsi zituzten; batzuetan ikusten zuten inhibitzaile gisa funtzionatzen zuela baina besteetan, kontrakoa gertatzen zen. Youyou doktoreak lortu zuen arazo hori argitzea. Nola? IV. mendeko errezeta-liburu batean ikusi zuen hotzean egin behar zirela erauzketak. Izan ere, tenperatura beroarekin osagai aktiboa ezabatzen zuten nahi gabe erauzketa egiterako garaian. Txinan egin ziren lehenengo entsegu klinikoek arrakasta handia izan zuten. Era berean, lortu zuten proiektu honen bitartez produktu natural horren egitura kimikoa azaltzea, iraganean erabilitako gainontzeko antipaludikoekin konparatuz, itxuraz oso desberdina zena.

2. irudia: 2015.eko Nobel sarien ekitaldian Tu Youyou saria jasotzen. (Argazkia: Copyright © Nobel Media AB 2015 / Alexander Mahmoud)

Guda amaituta, Youyouren aurkikuntza ez zen ezagutzera eman. Soldadu eta oro har, zibil asko salbatu zituen arren, farmazia-industriak ez zuen asmorik agertu hori merkaturatzeko. Dena dela, hamar urte igaro ondoren, 1977an hain zuzen, artemisininaren aurkikuntza publikatu zuten. Mundu mailan ezaguna egin zen terapia berri hori eta modu berean, Tu Youyouren izena entzuten hasi zen.

Youyou medikuari buruz

Ningbón jaio zen 1930ean. Pekineko Unibertsitateko Medikuntza Eskolan hasi zen ikasten 1951n. 1955ean ikasketak amaitu ondoren, bi urte igaro zituen Txinako Medikuntza tradizionala ikasten. Eskistosomiasiaren (zizare parasitoek sortzen duten gaixotasuna) inguruko ikerketak burutu zituen lehenik, une horretan, oso zabalduta baitzegoen Txinan. Nobel sariaz gain, 2001etik aurrera doktoretza egiten ari ziren ikasleen kontseilari akademiko gisa aritu zen eta geroago, zuzendari bihurtu zen Txinako Medikuntza Akademian. 2011.urtean, Albert Lasker Saria jaso zuen Medikuntza kliniko ikerketak gauzatzeagatik.

Iturriak


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.