Asteon zientzia begi-bistan #258

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Ingurumena

Montrealgo Protokoloak klorofluorokarbonoen ekoizpena debekatu zuen arren, azken urteetan gas horien isuri berriak atzeman dira. Nondik datoz baina? Nature aldizkariak eman du erantzuna: Txinan ozono geruzaren zuloaren eragile nagusi diren CFC gasen isuria mantentzen ari dira, modu ezkutuan. Zehazki, Txinaren iparraldean atzeman dute. Informazio osoa, Zientzia Kaieran.

Osasuna

Elikadura Osasuntsu Baterako Gida berritu du SENC Elikadura Komunitarioaren Espainiako Elkarteak. Bertako presidente den Carmen Perez Rodrigok, UPV/EHUko Medikuntza fakultateko irakasleak, elikadurak osasunarekin eta ingurumenarekin duen lotura nabarmendu, eta bere gidan gomendatu du gertuko produktuak kontsumitzea, garaian garaikoak, eta plastikozko tresnarik ez erabiltzea. Berrian elkarrizketa osorik irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Nerea Osinalde EHUko Biokimika Saileko irakaslea janari ultraprozesatuen aferaz mintzo da Berriako pieza honetan. Hark kontatzen du Cell Metabolism aldizkariak berriki argitaratutako lan batek erakusten duela ultraprozesatutako janaria jaten dutenek, oro har, gehiago jaten dutela. Batez beste, eguneko 500 kcal gehiago. Hori dela eta, gehiegi prozesatutako jakien kontsumitzaileek gehiegizko pisuarekin erlazionatutako arazo gehiago pairatzen dituzte. Horretaz gain, Nafarroako Unibertsitateak egindako ikerketa batek ondorioztatu du jaki ultraprozesatuen kontsumitzaileek depresioa pairatzeko arrisku handiagoa daukatela; zehazki %33 handiagoa.

Pfizer enpresak ezkutatu egin du bere botiketako batek alzheimerrari aurre egiteko ere balio duela. Horren aurrean, botika etxeak “arrazoi zientifikoak” argudiatu ditu. Bada, badirudi egun artritisaren aurka egiteko erabiltzen den Enbrel botikak, alzheimerra garatzeko arriskua %64an murrizten duela. Berrian topatuko duzue informazio guztia.

Mikrobiologia

Izaki bizidunak aurkitu dituzte Dallol sumendian (Etiopiaren ipar-ekialdean), munduko leku muturrenetako batean, Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez. Hango jalkin mineraletan mikroorganismoak aurkitu dituzte Espainiako Astrobiologia Zentroko ikertzaileek. Egindako azterketa eta analisi guztien ondotik, ondorioztatu dute Nanohaloarchaea ordenakoak direla baina ez dute baztertu orain arte ezagutzen ez zen ordena batekoak izatea.

Astronomia

Badirudi eztabaida piztu dela Starlink satelite-katearen inguruan, Elhuyar aldizkarian irakur daitekeen moduan. Starlink satelite-konstelazioaren helburua Internet-sare globala osatzea da. Satelite-konstelazio horren bidez, Elon Muskek, SpaceX konpainiaren nagusiak, Internet-sare global bat eskaini nahi die mundu osoko erabiltzaileei. Sateliteak txikiak dira, eta Lurretik gertuko orbitan jartzea da asmoa. Batzuk kexatu dira dagoeneko. Hala nola, irrati-astronomoak, sateliteek erabiliko dituzten maiztasunek bat egiten dutelako irrati-astronomian erabiltzen direnekin.

Estatistika

Jakina da ikertzaile baten etorkizun profesionala asko eta azkar argitaratzearen menpe dagoela. Horrekin lotuta, Oxfordeko Unibertsitateko Dorothy Bishop ikertzaileak artikulu batean zientzialariek egiten dituzten lau akats nagusi azpimarratu ditu: aurreiritziak edo joera okerrak izatea, gaitasun estatistiko eskasarekin lan egitea, P balioa hackeatzea eta HARK egitea, hau da, emaitzak izan ondoren hipotesiak egitea. Irakur ezazu lau arrisku horien inguruan hemen.

Biofisika

Garunak oroitzapenak non eta nola gordetzen dituen ikertzen dabil Mazahir T. Hasan (Lahore, Pakistan, 1966) biofisikaria Leioako Achucarro Basque Center for Neuroscience gunean. Oxitozina hormona ikertzen du eta zientzialariak Berrian azaltzen du, bestek beste, zergatik interesatu zitzaion hori oroimenaren mekanismoak ikertzerako orduan: “Hipotalamoko oxitozinaren neuronek eginkizun garrantzitsua dutela ikusita, horiek hartu genituen jomugatzat, eta aurkitu dugu baietz, benetan eginkizun erabakigarria dutela oroitzapenak eraikitzen”. Beste gai batzuk aipatzen ditu tartean, hala nola oroitzapen faltsuak txertatzeko eta oroitzapenak manipulatzeko aukera.

Emakumeak zientzian

Eva Perez-Pons Andrade Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Graduko ikaslea ezagutzeko aukera izan dugu artikulu honen bidez. Azaltzen duenez, unibertsitateko giroa, oro har, ez da oso atsegina bere iritziz: “Nahiko maskulinoa da, unibertsitatea bera erabat hierarkizatuta dago, lehia handia dago ikasleen artean, edukia oso bideratuta dago enpresetara, eta jendea ez da batere kritikoa”. Modu berean, eta bere gradu-amaierako lanari dagokionez, azaltzen du Mugarik Gabeko Ingeniaritza eta El Salvadorgo ADES elkarteekin dabilela Buenavistan (El Salvador), ur-horniketarako sistema bat ezartzeko proiektuan.

Zientzian bide-urratzaile izan da Begoña Ochoa Olascoaga. Fisiologiako Katedraduna UPV/EHUn eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean Idazkari eta Ikerkuntza Dekanorde postuak betetzen lehen emakumea izan zen eta Fisiologiako Saileko lehen emakume zuzendaria. Bestalde, 2009tik 2013ra bitartean Eusko Jaurlaritzako Politika Zientifikoko zuzendaria izan zen. Bere ikerkuntza ibilbidea ugaria izan da, besteak beste, kolesterolaren metabolismoa hobeto ezagutzeko asmoz ikerkuntza-egitasmo ugari zuzendu ditu. Informazio guztia artikuluan.

Geologia

Bizkaiko Golkoaren kokapenak eta formak eta Pirinio mendilerroaren izaerak jatorri bera dute; biak dira plaka-tektonikaren ondorio. Eta horien inguruan egin diren ikerketek bien jatorria ulertzeko balio izan dute. Irekiera prozesua ulertzeko lurrazal ozeanikoa erregistratzen diren bandeatu magnetikoak eta arro sedimentarioetan metatutako arrokak aztertzen dira. Lehenengoak ikertzeko Bizkaiko Golkoko eta Atlantiar ozeanoko itsas hondoak metodo geofisikoen bidez aztertzen dira; bertako arrokak berriz, zundaketen bidez lortzen dira. Ez galdu azalpen interesgarri hau!


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.