Bizkaiak garapen ekonomiko, teknologiko eta soziala izan zuen XIX. mendearen bigarren erdian, eta bere goreneko mailara iritsi zen mende horren bukaeran eta XX. mendearen hasieran.
Garapen hori zenbait faktorek bat egitearen ondoriozkoa izan zen:
- Ezaugarri geologiko oso egokiak. Azaleratutako burdinaren mineralizazio handia, eta mineralak ustiatzea eta garraiatzea ahalbidetzen zuen geomorfologia egokia.
- Mineral kopuru handiak ustiatzeko eta esportatzeko lagungarri izan ziren ekonomia eta legeria baldintza egokien sorrera.
- Eskulan ugaria eta merkea, inguruko herri eta eskualdeetatik etorria. Jo eta ke lan egin zuten, kasu batzuetan baldintza penagarrietan, baina balio eta garrantzi sozial handiko elkarte mugimenduetan antolatzeko adorea eta harrotasuna ere izan zuten. 1910ean, 13.000 pertsona inguruk egiten zuten lan meategietan.
- Meatzaritzaren arloko enpresa garapena, zeinak tokiko negozioak sortzeko erraztasuna, aukera eta sena izan baitzuen, baina esparru ekonomiko zabalagoarekin. Meatzaritzaren garapen horrek berekin ekarri zuen beste sektore batzuk ere garatzea: bankuak, aseguru etxeak, enpresa siderurgikoak, trenen arlokoak, ontziolak, ontzi konpainiak, etab.).
Faktore horietako bati emango diogu arreta: ezaugarri geologikoei. Faktore hori esanguratsua izan zen, batetik, burdin meatokiak zeudelako bertan eta, bestetik, sortutako geomorfologia egokia zelako garraiobideak sortzeko, mineralak barne mailan garraiatzeko nahiz esportatzeko.
Bilboko itsasadarra inguratzen duen eremuko zorupea arroka sedimentarioek osatzen dute nagusiki. Arroka horiek arro sedimentario batean material detritikoak eta biogenikoak (nagusiki hareharriak, lutitak, kareharriak, margak eta margokareharriak) metatzearen, litifikatzearen, tolestearen eta higatzearen bidez sortzen dira. Kasu honetan, fenomeno hori Eusko-Kantauriar Arroan gertatu zen, zeina Iparraldeko Ozeano Atlantikoa eta Bizkaiko Golkoa zabaltzean sortu baitzen.
Ordutik, arro horrek bilakaera izan du eta itsas sedimentu ugari metatu dira bertan, higadura edo sedimentazio kontinentaleko egoeretatik igaroz, alboko presioak jasotzera iritsi arte (Orogenia Alpetarrean plaka iberiko eta eurasiarrek talka egin eta pixka bat biratzearen ondorioz). Presio horien ondorioz, lehendik zeuden arrokak tolestu, apurtu eta, beranduago, higatu egin ziren, egungo egoerara iritsi arte.
Eusko-Kantauriar Arroaren bilakaera luze horretan zehar, gainjarritako gertakari geologiko ugari erregistratu dira, baina bi hauek dira garrantzitsuenak aztergai dugun gairako:
- Burdin meatokiak sortzea eta oxidazio bidez aberastea.
- Ibaiko garraioa garatzeko geomorfologia egokia sortzea.
Bilbo inguruko burdin mineralizazio handienak Behe Kretazeoko kareharrietan ikus daitezke (Aptiarra eta Albiarra; 125 eta 90 milioi urteko antzinatasuna dute). Elkarren artean nahiko paraleloak diren bi zerrendatan multzokatuta daude, zeinak bat baitatoz eskualde erako egitura antiklinal baten (Bilboko Antiklinala) iparraldeko eta hegoaldeko alpeekin. Eremu mineralizatua Basauri eta Mioño (Kantabria) udalerrien artean dago.
Eremu horren sorrerari buruzko hainbat interpretazio daude. Meategi guztiak ez dira mota berekoak, baina bi taldetan sailka daitezke: masiboak eta filoniarrak.
Masiboak kareharrien ordezkapenei dagozkie. Kareharrietan (CaCO3) dauden siderita masak dira (FeCO3), hauekin batera: ankerita, kaltzita eta sulfuroak. Ordezkapenean parte hartzen duten bolumenak oso aldakorrak izan daitezke. Gallartako Bodovalle meategiak, 1993an itxitakoak, 50 Mt erreserba zituen kubikatuta.
Filoniarrak ere oso ugariak dira. Filoi gehienek NW-SE orientazioa dute. Eskualde eskalako apurketekin lotzen dira. Lodiera desberdinak izan ditzakete, zentimetro batzuetatik metroetaraino bitartekoak (filoi ustiagarriak). Horien mineralogia mineralizazio masiboenaren antzekoa da: siderita, kuartzoa, ankerita eta, mineral gehigarri gisa, sulfuroak.
Uneren batean, kareharriak dagoeneko sedimentatuta eta trinkotuta zeudenean (edo prozesu horretan), baina oraindik presio fase Alpetarrek deformatu gabe, katioi disolbatuak garraiatzeko gai ziren soluzio hidrotermalak (beroak), gatz soluzioak eta soluzio kloruratu-sodikoak gehitu ziren, apurketen eta estratifikazio planoen mesedetan. Burdina hornitu zuten, Ca++ katioia Fe++ katioiarekin ordezkatuz eta siderita eta ankerita sortuz. Mineralizaziodun filoi gehienek fluido hidrotermalek igotzeko erabili zituzten apurketen betegarria erakusten dute.
Toleste prozesuan zehar, gaineko sedimentuen igoera eta higadurari lotuta, arroka mineralizatuak kontaktuan jarri ziren giroko oxigenoarekin eta, hala, alterazio bat sortu zen azaleko eremuetan. Ondorioz, mineral karbonatatuak (nagusiki siderita) burdin oxido eta hidroxido bihurtu ziren (hematiteak, goethita eta limonita), zeinak askoz ere burdin eduki handiagoa baitute eta metalurgian tratatzeko errazak baitira.
Ustiapenaren lehen urteetan, lehiakortasun abantaila bikoitza sortu zen; batetik, burdin gehien zuten mineralak (oxidoak eta hidroxidoak) aire zabalean ustiatu ziren, eta, bestetik, ez zen beharrezkoa horiek aldez aurretik tratatzea labe garaietan sartzeko. Beranduago, XX. mendean aurrera eginda, karbonatoak ustiatzen hasi ziren. Karbonatoak sakonera handiagotik erauzten ziren, kasu askotan zorupeko meatzaritzaren bidez, eta, gainera, aldez aurretik tratatu egin behar ziren, kaltzinazio labeen bidez, beren burdin edukia aberasteko eta metalurgia arazoak ekiditeko.
Geologiaren ikuspegitik, Bizkaiaren garapen ekonomikorako bigarren faktore erabakigarria zorupearen bilakaera geomorfologikoa izan zen; izan ere, Bilboko estuarioa sortu zen, zeina portu natural gisa erabiltzen baitzen (eta oraindik ere erabiltzen da). Erdi Arotik hasi eta XIX. mendera arte, itsasadarra Gaztelatik zetozen produktuen merkataritza ardatz nagusia izan zen. Meatzaritzarekin lotutako jarduera ekonomikoa eta industria, berriz, XIX. mendearen erdialdean eta XX. mendean zehar sortu ziren.
Bilboko estuarioaren morfologia zuzena eta NW-SE orientazioa urrunetik behatuta, argi ikusiko dugu kokapen hori ez dela kasualitatea. Tolestura nagusien (antiklinorioa eta sinklinorioa) norabidea bat dator guztiz ibai ibilguaren norabide nagusiarekin. Material konpetenteak (nagusiki, kareharriak eta hareharriak) txandakatuta zeuden sedimentu askoz ere bigunagoekin (lutitak eta margak). Horri esker, egiturazko akzidente nagusien bidez (failak, ahultasun planoak, diaklasak, kontaktu estratigrafikoak), urak sedimentu bigunago horietan zehar igaro ziren, ibaiadarretatik (Cadagua, Nerbioi, Ibaizabal) iritsitako emariak gidatuz eta birbideratuz.
Horrek guztiak estuario bat sortzea ekarri zuen. Estuario horren ahoaren inguruko eremuan, ibaiek higadura ahalmen txikiagoa zuten eta sistema itsasaldien eraginpean zegoen, eta, hortaz, sedimentuen metaketa handiak sortu ziren. Ondorioz, paduren ekosistemak sortu ziren eta ibai ibilguak zuzenak izatetik meandro itxurakoak izatera igaro ziren.
Ibai ibilguetan barrena ibiltzen zen garraio sare bikaina bazegoen ere, horien zingoa ez zen nahikoa izaten kasu askotan eta garaiaren arabera aldatzen zen; batzuetan urtaroaren araberakoa ere izaten zen. Beharrezkoa izan zen ibaiak artifizialki bideratzea, horien zingoa behar adinakoa zela bermatzeko eta zamaleku egonkorrak eraikitzeko. Dozenaka mineral zamaleku egon ziren estuarioaren ezkerraldean barrena, 2. panelean ikus daitekeen moduan. Panel horrek mineral zamalekuetaraino eramaten zuten trenbideak irudikatzen ditu.
Egileaz:
Alex Franco San Sebastián geologoa da eta Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) Geologia eta Meatzaritza Arloko arduraduna.
Itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin hasi zen “Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología” proiektua. Abiapuntu horretatik, bideoak eta artikulu-sorta bat gauzatu dira, gizarteari itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutarazteko eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera emateko.
“Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita” artikulu-sorta:
- Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean
- Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek?
- Faunaren berreskurapena Bilboko itsasadarrean
- Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte
- Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala
- Itsas bizitzaren berreskurapena Bilboko Abran
- Planktona Bilboko itsasadarrean
- Aliron, aliron, Nerbioiko geologia
15 iruzkinak
[…] Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean […]
[…] Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean […]
[…] Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean […]
[…] Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean […]
[…] Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarreko ingurunean […]
[…] Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean […]
[…] Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean […]
[…] inguruko geologia izan zen industrializazio prozesu horren oinarrietako bat. Izan ere, Alex Francok azaltzen duen bezala, ezaugarri geologiko oso egokiak ditu: azaleratutako burdinaren mineralizazio handia eta, horretaz […]
[…] zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica […]
[…] zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica […]
[…] zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica […]
[…] zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica […]
[…] zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica […]
[…] zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica […]
[…] zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica […]